Esan ala izan

Andoni Iruñean jaio zen familia erdaldun batean, orain 50 urte inguru, eta zortzi urte zituela, aitari lana eskaini ziotelako Bartzelonara joan ziren bizitzera. Bertan pasa zituen gaztaroko urteak eta Bartzelonan egin zituen unibertsitate ikasketak ere. Karrera burutzen ari zela, lagun bi egin zituen, bata gipuzkoarra eta bestea baztandarra. Lagunek euskara hutsez jarduten zutelako batetik, eta hizkuntza erakargarria zitzaiolako bestetik, erabaki zuen Andonik Bartzelonan euskaltegira joan eta euskara ikasten hastea. Bere hitzetan, euskaraz eta euskal kulturaz maitemindu zen, eta hiru hilabetetarako barnetegi batera joatea erabaki zuen; horrela, euskara maila txukuna lortu zuen. Euskal kulturarekiko arrak, azkenean, Euskal Herrira ekarri zuen. Egun, euskaraz bizitzeaz gain, euskarazko komunikazio sistema bateko arduraduna da. Beste horrenbeste egin zuen Beatrizek ere; Argentinan sortu, hogeitaka urterekin Euskal Herrira etorri, euskaltegiko ikasle eta irakasle izan, eta ondoren, euskara teknikari lanbidea hartu zuen.

Gure hirugarren protagonista, Marta, Bartzelonan sortu zen, orain 40 urte inguru. Espainiako herrialde askotatik bezala, bere gurasoek Extremadurako gogortasuna utzi eta Katalunian bota zituzten erroak, euren seme-alabentzat bizimodu erosoago baten bila. Bizi guztia Katalunian egin ondoren, maitasunaren ondorioz, Martak Euskal Herrian bota ditu erroak. Bere seme-alabek eta senarrak euskara dute euren arteko hizkuntza, eta kalekoa ere bai. Baina familia horretako amak, Martak, jaioterrian katalana ikasi ez zuen moduan, Euskal Herrian ere ez du euskararik ikasi, espainolez edozein lekutan jardun daiteke.

Aurreko astean, Korrikan parte hartzen nenbilela, Marta ikusi nuen, korrika, beste asko bezala. Andoni ez nuen ikusi. Ondoren berarekin egon nintzen, eta penatuta, Korrikan parte hartzeko aukerarik ez zuela izan adierazi zidan. Azken urteetan lehenengo aldiz. Seme-alabekin parte hartu nahi zuen, eta horrexek ematen zion min, seme-alabekin korrika egin ezinak.

Ukaezina da Korrikaren arrakasta, kilometroz kilometro, herriz herri, nola biltzen duen euskararen inguruan horrenbeste jende. Hala ere, hemen ere, bizitzan sarri askotan gertatzen den bezala, kontraesanak nagusi. Andonik eta Beatrizek ez dute zalantzarik eta eredu dira askorentzat, baina argi dago agerian uzten dituztela Martaren egoeran daudenen kontraesanak. Andonik dio Euskal Herrian bizi eta euskaraz ez jakitea herri honekiko errespetu falta larria dela. Ez du zalantzarik berak.