Zutabegile zalantzatia

Juan Luis Zabala

Zalantzaz gainezka eseri da zutabegilea ordenagailu aurrean ikasturteko azken zutabea idazteko asmoz.

Betiko zalantzez gain —zertaz idatzi, zer esateko, zer tonurekin…—, zalantza du hurrengo ikasturtean zutabeak idazteko eskaintzari baiezkoa eman ala ez, zalantza baitu bere zutabeen balioaz eta interesaz. Baita, oro har, ikuspegi zabalago batetik begiratuta, zutabeen balioaz eta interesaz. Bereziki, zutabegintzak gaur egun, sare sozialen omnipresentziaren garaian, izan dezakeen balioaz eta interesaz.

Argitaratu zituen aurreneko zutabeez oroitu da. Gaztetandik izan zuen honetaz, horretaz eta hartaz zituen iritziak idazteko eta argitaratzeko joera, premia eta grina, eta bizkor eman zuen hedabideetara iritzi artikuluak —Zuzendariari gutunak sailekoak— bidaltzetik haietatik zutabeak idazteko eskaintzak jasotzerako urratsa. Geroztik, aldizkari eta egunkari askotxotan idatzi ditu zutabeak.

“Inork nire hango eta hemengo zutabe guztiak irakurtzeko eta aztertzeko lana eta nekea hartuko balu, gaztetako haietatik hasi eta azkenekoetaraino —ez nioke halakorik etsairik gaiztoenari ere gomendatuko, jakina—, aise jabetuko litzateke nire pentsamenduaren bilakaeraz”, pentsatu du. “Iritzi ziur, irmo eta gotorrak ziren aurrenekoak; zalantzak ere izaten zuen tarterik haietan, baina txinparta bizigarri eta kitzikagarri moduan. Pixkanaka, urterik urte eta hamarkadaz hamarkada, bizitzaren kolpez kolpe azken batean, gero eta presentzia eta itzal handiagoa hartu du zalantzak, harik eta lehen txinparta bizigarri eta kitzikagarri zena pentsamendua lausotzen eta moteltzen duen basatza lodi eta astun bihurtu den arte”.

Eguzkiak neurrian argitu eta distirarazten duen paraje menditsu eta lasaigarri baten erdian irudikatu du, zutabegileak, zalantza neurriz gain hazitakoa irudikatzen duen basatza lodi eta astun hori, eta bere burua ikusi du haren erdian, inguruan eta begien bistan duen edertasunaz gozatu ezinda, mugitu ezinik eta itotzear.

“Gai batzuen inguruko nire iritzia argia da, jakina, ez da dena zalantza”, ñabartu du, bere baitarako, ordenagailu aurrean eserita teklarik ukitu gabe pentsakor jarraitzen duen zutabegileak. “Baina zutabeak argudio argi, ezagun eta nabarmenetatik harago jo behar du, benetako zutabe izango bada, eta ez panfleto edo manifestu gisako zerbait. Logika ideologiko nagusi guztiak pitzatuko dituen zirrikitu bat ireki behar du zutabegileak, ezin du idazten duenarekin ados dagoelako erabateko ziurtasunik izan, zalantza beharrezkoa du. Baina neurrian, zutabegileak menderatu dezan zalantza, eta ez zalantzak zutabegilea, edo itxura hori emateko behintzat. Horrek ematen dizkit gero eta lan handiagoak, horrek pentsarazten dit agian hobe izango dudala zutabegintza betiko uztea, gaur idaztekoa nintzen azkeneko honen ordez ere beste zerbait jar dezatela eskatuta”.

Etsita, ezer idatzi gabe eta zutabea idazteko asmoa bertan behera utzita, paseatzera irten da zutabegilea. Eguzkiak neurrian argitu eta distirarazten duen paraje menditsu eta lasaigarri baten erdira iritsi eta arbola baten gerizpean eseri da, putzu lokaztu baten ondoan.

Orain bai, orain badaki zertaz, zer esateko eta zer tonurekin idatziko duen zutabea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.