Garraiobide ez hain ezaguna

Garraiobide ez hain ezaguna

June Romatet Ibarguren

Film eta telesail askotan, pertsonaia batek eskua altxatzearekin bakarrik, auto bat agertzen da haren aurrean. Taxi bat, zehazki. Gipuzkoan, ez dira horrela eskatzen taxiak; hala ere, egunerokoan, auto eta autobusekin batera, asko erabiltzen da garraiobide hori. Goizean goizetik, lantokira joateko erabiltzen dituzte batzuek; gaueko ordu txikietan festatik itzultzeko beste batzuek. Egun osoan, taxilariak alde batera eta bestera ibiltzen dira, eta lanbideak hainbat berezitasun ditu.

Oiartzungo Kontzejupe plazatik gorantz ateratzen den maldan, hiru auto zuri daude aparkatuta, jarraian. Gainean, argi berdea piztuta daukaten kartel txikiak dituzte guztiek, eta Taxi irakur daiteke horietan. Kanpoaldean daude hiru gidariak, elkarrekin hitz egiten, bezeroak iristeko edo deiren bat jasotzeko zain. Horien artean dago Andoni Urruzola Gonzalez. 25 urte ditu, eta Oiartzungo taxi gidaririk gazteena da.

Urruzolak hiru urte daramatza bere autoarekin alde batera eta bestera, bezeroak eskatutako helmugara eramaten. Esan du aurrez beste hainbat ikasketa eta lanetan aritu zela: “Gauza asko egin nahi izan ditut beti, eta, horregatik, gradu bikoitz batean hasi nintzen, lorezain lanetan ibili nintzen, taberna batean lanean ere bai…”. Hala ere, ez zuen oso argi zein izango zuen hurrengo pausoa, eta, bitartean, aitaren bideari jarraitzea erabaki zuen: taxilari.

“Aita taxilaria zen, eta beti esaten zidan erretiroa hartzen zuenean nik har nezakeela postua”, kontatu du Urruzolak. Esan eta egin. Aitak taxilari lana utzi behar zuenean, semeari eskaini zion postua. Aitak argi esan zion ez dela lan erraza, nekeza dela eta ardura handia eskatzen duela, baina, nahi izanez gero, lizentzia salduko ziola. “Oraindik ez nuen oso argi zer egin. Lanak antolaketa handia eskatzen zuen, eta ondo zetorkidan hori. 22 urte nituela eseri nintzen bolantearen aurrean, taxilari lanetan”.

Bi urte, zain

Eneko Villaluze Landabea ere taxi gidaria da. 2012an hasi zen gidari lanetan, 34 urte zituenean. “Lehenago beste lan batean nenbilen, baina diagnostikatu zidaten gaixotasun batengatik ezin izan nuen jarraitu”. Ordu hartan egin zezakeen lanen baten bila hasi zen, eta taxien munduarekin egin zuen topo. Esan du bazekiela ez zela lan erraza izango, baina lanbidean hastea erabaki zuela. Hala, lizentziak erosteko tramiteak hasi zituen, baina itxaron zerrendan egon zen bi urtez, Donostian. “Orain, lizentziak erosteko moduan daude, baina orduan zegoen taxi kopuruagatik, jendeak erretiroa hartu arte itxaron behar izaten zen”, dio Villaluzek.

Bi urte horiek igaro zirenean, haren txanda iritsi zen, eta aukera izan zuen beharrezko tramite guztiak egin eta lanean hasteko. 2012an, Donostiako Vallina taxi enpresan ekin zion lanari.

Urruzolak kontatu duenez, nahiz eta lanbidea aitarengandik jaso tramite asko egin behar izan zituen: “Ez nintzen zuzenean autoan eseri eta gidatzen hasi; noski, lizentzia aldaketak, ordainketak eta beste hainbat tramite egin behar izan nituen”.

Taxi gidari izateko, lizentzia behar da lehenik eta behin. Horiek ordaindu egiten dira, eta, herriaren arabera, kontuan hartuta autoarekin saltzen den edo ez, prezioa aldatu egiten da. “Lizentzia ez da ezinbestean autoarekin erosi behar, baina, normalean, komenigarria izaten da; izan ere, bestela, autoaren lizentzia ere egin behar da, garestiagoa izaten da, eta denbora gehiago behar da”, azaldu du Urruzolak.

Lizentzia bat eskuratzea garestia izaten dela esan du: 70.000 eta 300.000 euro artean saltzen dira egun, eta negoziorik sor ez dadin, lizentzia saldu baino lehen, gutxienez hamar urtez aritu behar da gidari lanetan. “Taxi gidari izateko, hipoteka batean sartzen zara, eta hori oso gutxik dakite; askorentzat, pisu bat erostearen parekoa da”, adierazi du Urruzolak.

Lizentzia lortu ondoren, udal bakoitzak eskatutako ezaugarriak bete behar izaten dituzte gidariek: kale eta guneak ezagutzen dituztela ziurtatzeko azterketa bat egin behar izaten dute, eta, besteak beste, alkoholemian eta auto istripuetan aurrekaririk ez izatea ere eskatzen diete. Oiartzungo taxi gidariak gaineratu du gidatze maila neurtzeko beste azterketarik egiten zela lehen: “Orain ez dute eskatzen azterketa egiteko, baina bai gidabaimena gutxienez hiru urte lehenago atera izana. Baldintza asko dira, baina lan mota honek ardura asko ere baditu”.

Herria eta hiria

Herriko taxi gidari izatea edo hirikoa izatea ez da gauza bera; aipatutako azterketak gogorragoak eta zehatzagoak izaten dira hirian, eta lan egiteko modua ere aldatzen da. Villaluzek azaldu du Donostian zentral baten bidez egiten dutela lan: “Aplikazio bat dugu. Hor sartzen garenean, badakite lanerako prest gaudela, eta, kokapenaren bidez, gertukoena edo taxi geltokian dagoen lehenengoa bidaltzen dute eskatzaileak adierazitako tokira”.

Horrez gain, kontratuaren arabera, astean sei egunez lan egiteko aukera dute, eta behartuta daude zazpigarren eguna jai hartzera. “Nik, adibidez, ostiralak ditut jai, eta, horrela, egunero antzeko taxi kopurua egoten da lanean”, dio Villaluzek. Esan du koordinaziorik egongo ez balitz Donostian dauden 308 taxilariek gustuko dituzten egunetan egingo luketela lan, eta zenbait tartetan ez litzatekeela taxilaririk egongo. Beraz, antolaketa horren bidez, Donostian dituzten 28 taxi geltokietan norbait egoten da lanean ia beti, eta, bestela, dei bidez bidaltzen dute gidaria geltokira. Oiartzunen, aldiz, nahi dutenean egiten dute lan, eta geltokia hutsik egon daitekeela jakinarazi du Urruzolak: “Hemen jendeak urteak daramatza lanean, eta ohikoa da bezero propioak izatea; orduan, ez dira geltokira agertzen, eta etxean daudela deitzen diete”.

ENEKO VILLALUZE

Urruzolak aitortu du horrek harritu egin zuela hasieran, eta gaineratu ez duela uste oso justua denik, gazteena izanik geltokian ordu luzez egon behar izaten baitu; beste batzuek, ordea, lan asko izaten dute etxean egonda. “Egunean 11 edo hamabi ordu sartu behar izaten ditut geltokian, eta horrek denbora asko inbertitzea eskatzen du askotan. Besteek ez dute geltokian ezer egin gabe egon beharrik”, adierazi du, eta uste du moldaketaren bat egin beharra dagoela.

Villaluzek bat egin du iritzi horrekin, eta gehitu hirian lan egiteko duten moduagatik Oiartzungoa ez dagoela oso ondo ikusia. “Hala ere, normalean guk lana izaten dugunez, nahiago dut bezero jakinik ez izan; bestela, adibidez, familia bazkari baten erdian deituz gero, joan egin behar da, bezeroa ez galtzeko”, esan du Villaluzek.

Ondoko herrira bisita

Lana badutela azpimarratu du Donostiako gidariak, eta batzuetan —batez ere, udan— gehiegi ere izaten dutela. “Ondoko herrietako taxilariak ezin dira hona etorri bezeroak hartzera, eta, batzuetan, lana zaildu egiten da”, dio Villaluzek. Urruzolak adierazi du ados dagoela, eta gehitu du bera Donostiara gustura joango litzatekeela laguntzera Oiartzunen lanik ez dagoen tarteetan, baina, legeen ondorioz, ezin direla joan.

Hala ere, Donostiako taxi gidariak akordio bat lantzen ari dira udalarekin, laguntza behar duten tarteetan inguruko herrietakoek aukera izan dezaten hiriburura laguntzera joateko. “Horretan ari gara lanean. Akordio horren bidez, ados dauden Oiartzualdeko eta Buruntzaldeko taxilariek Donostian ere lan egingo lukete”, azaldu du Villaluzek. Tarifak, ordutegiak eta egutegiak adosteko hizketan ari dira.

Hiri batzuetan, azken urteetan, beste enpresa batzuk ere agertu dira: Uber eta Cabify, besteak beste. Bi gidariek argi dute halako enpresaren bat Gipuzkoan lanean hasteak eragin handia izango lukeela taxi gidariengan. “Haiek eskariaren arabera egiten dute lan: jende askok behar badu zerbitzua, garestitu egiten dute, ziur daudelako jendeak erabili egingo duela, eta jendea ez da horretaz jabetzen”, esan du Villaluzek.

Urruzolak gaineratu duenez, nahiz eta jende askok laguntza modura ikusi Uberreko-eta langileek ez dituztela baldintza onak izaten: “Enpresa horiek ez dituzte ondo zaintzen langileak, eta, gainera, asko eragiten diote taxilarien lanari. Espero dut ez direla Gipuzkoara iritsiko, oraingoz behintzat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.