Jon Gotzon Gurrutxaga, ‘DJ Bull’: “Saioetan, ia-ia dena inprobisatzen dut”

Jon Gotzon Gurrutxaga, ‘DJ Bull’: “Saioetan, ia-ia dena inprobisatzen dut”

Miren Garate

Hogei urtetik gora daramatza musika jartzen Jon Gotzon Gurrutxaga DJ Bull-ek (Cambrils, Herrialde Katalanak, 1974). Errenteriako jaietan izango da gaur eta igandean. Agenda betea izango du udako gainerako asteetan ere. Uste du gaur egun duela urte batzuk baino dantza gehiago egiten dela.

Han eta hemen dira jaiak asteotan. Zer moduz hasi duzu uda?

Urte osoan izaten dira ekitaldiak, baina uda bete-betea daukat: uztailean hemeretzi saio ditut, eta abuztuan, 22. Orain arte egindako saioak oso ondo atera zaizkit, eta gustura nago.

Badira urte batzuk herriz herri hasi zinenetik DJ lanetan.

Aurrez Tolosako taberna batean ibiltzen nintzen, baina 2000. urtean hasi nintzen Euskal Herriko kale, txosna, gaztetxe eta abarretan musika jartzen. Esan daiteke duela 23 urte ezkondu nintzela jaiarekin.

Eta zer moduzkoa da jai giroan lan egitea? Askok uste duten baino gogorragoa?

Tamalez, izaten dira kontu beltzak, erasoak eta halakoak. Gainera, saio bat izorratzeko edo hankaz gora jartzeko nahikoa izaten da pertsona bakarra. Niri ere bota izan dizkidate izotza eta halakoak. Ez ditut ulertzen jokabide horiek. Gustura ez banago toki batean, nik alde egiten dut, ez naiz hangoa izorratzen hasten. Hala ere, ez da zabalduta dagoen joera bat; oro har, errespetua izaten du jendeak.

Toki batera joaten zarenean, azkar hartzen diozu tankera giroari?

Urtero joaten naizen plaza bat baldin bada, errazagoa da; berri batera joaten naizenean, denbora gehiago behar izaten dut. Badira abesti komodinak, leku guztietan funtzionatzen dutenak, baina aztertu egin behar izaten da giroa. Dena den, normalean niri deitzen didatenek badakite zer egiten dudan edo zein den nire estiloa.

Horrenbeste urte herriz herri ibilita, atera duzu ondorioren bat jakiteko zergatik funtzionatzen duten abesti batzuek toki batean eta ez beste batean?

Esango nuke gaur egun Ipar Euskal Herrian errazagoa dela musika jartzea. Nire ustez, euskaraz egiten diren abestiak ez daude top-ean Hegoaldean. Ez dut esaten euskarazko musika ez duenik gustuko jendeak, baina beste pieza eta erritmo batzuk nagusitzen dira, nire gustuetatik kanpo geratzen direnak: reggaetona, musika komertziala… Horregatik, gaur egun, Iparraldean errazago jartzen dut musika. Saiatzen naiz eguneratzen eta erritmo berrietara ohitzen, baina nire filosofia galdu gabe.

Filosofia horren zutabe nagusia euskal musika da.

Bai, zalantzarik gabe. Jendea animatuko nuke euskaraz egiten diren abestiak eta taldeak entzutera, horrela gure musika ez baita inoiz amaituko. Askotan, tabernetan-eta gabezia hori sumatzen dut.

Zein dira aurten arrakasta handiena izaten ari diren euskal abestiak?

Esango nuke Itzulera [Zetak eta Erramun Martikorena] dela arrakasta handiena izaten ari dena, eta ETS eta Zea Mays taldeen abestiek ere oso ondo funtzionatzen dute. Gatibu, Dupla… horiek ere badute arrakasta.

Eta zeuri gehien gustatzen zaizuna zein da?

Nire gustukoen zerrendan, Manu Chao goi-goian dago. Uztailaren hasieran, haren Arrasateko kontzertuan izan nintzen, eta, 2016an haren kartel berean egon nintzen, Lizarran.

Eskaintzen duzun saio bakoitzak zenbat izaten du inprobisaziotik eta zenbat eramaten duzu aurrez prestatuta?

Saio bakoitza pertsonalizatzen dut, eta ia-ia dena inprobisatzen dut plaza nola dagoen ikusita. Abestiak nire buruan eta disko gogorrean daude, baina, abesti batek ez du berdin funtzionatzen Bilbon edo Amezketan, edo Errenterian edo Zuberoako herri batean. Hau da, abestiak nire barruan daude, baina playlistak, ez.

Badago abestiren bat hasi zinenean jartzen zenuena eta oraindik ere jartzen duzuna?

Kortaturen Sarri, Sarri abestia hasi nintzenetik jarri izan dut. Giro berezi bat jartzen du.

Hogeitaka urte hauetan zer aldaketa igarri dituzu jai giroan?

Adibidez, uste dut orain dantza gehiago egiten dela. Jendeari mugitzea gustatzen zaio, eta euskal abestiak koreografia baten barruan sartzen dituzte, eta, agian, bestela dantzarik egingo ez lukeen jende batek dantza egiten du. Lehenengoa hastea kostatu egiten da, baina nahikoa da bat dantzan hastea atzetik hiruzpalau hasteko. Gauaren hasieran jarri musika, edo hiru talderen atzetik jarri ere aldea egoten da. Lehena bazara, zailagoa da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.