June Romatet Ibarguren
Historia kontatzeko mila modu daude. Testu bidez egiten da askotan, kontakizunen bidez; irudi bidez ere egin daiteke; Errenteriako Jantziaren Zentroan, berriz, jantzien bidez kontatu dute historia. Modakhrome erakusketak kolorearen historia biltzen du, modaren begietatik; hau da, gaur egun arropek kolorea izan dezaten zein bide egin behar izan den azaltzen du.
Errenteriako Kapitanenea kalean dago zentroa. Behin egurrezko ate handitik barrura igarotzean, kolorez beteriko manikietara joaten da begirada. Emakumezkoen figura duten arropa zaharrak daude ikusgai, janzki bakoitzak kolore bat du, eta historikoki kokatuta daude, ezkerretik eskuinera: bederatzi maniki, bederatzi kolore.
Hamabost laguneko taldea bildu da beheko solairuan, jantzien artean, eta saioa hasi du Ainhoa Mendiburu Jantziaren Zentroko gidarietako batek: “Hemen ikus ditzakezuen jantzi guztiak erreprodukzioak dira, benetako janzkiak museo eta bilduma pribatuetan baitaude”. Ondoren, gaineratu du jantziek dituzten koloreak ahalik eta ondoena kopiatzen saiatu direla.
Mendiburuk bisitarei azaldu die erakusketa ikusteko modu bat baino gehiago dagoela, koloreak nola joan ziren sortuz jakiteko aukera izango dutela, eta, horrez gain, modaren historia ere biltzen duela erakusketak: “XVIII. mendetik 1950. urtera arteko arropak daude hemen; beraz, berrehun urtean emakumearen silueta nola aldatu den ere ikus daiteke”. Jantziaren Zentroko bisita gidatuetan arropen historia kontatzen badute ere, kolorean zentratutako erakusketa da Modakhrome, eta horiek nola lortzen ziren jakiteko azalpenak ematen hasi da Mendiburu aurrean duen taldetxoari.
Modu natural edo kimikoan
“Ba al dakizue kolore berdea izan dela toxikoena? Ba al dakizue gorria eta arrosa Hernan Cortesi esker ditugula Europan? Edo ba al dakizue laranja dela modaren historian gutxien erabili den kolorea?”, galdetu die gidariak bisitariei. Entzuleen aurpegietan zalantzak ikus daitezke, eta jakiteko gogoa; beraz, historiaren bideari ekin dio gidariak.
Ezkerretara, lehen janzkia berdea da. 1956. urtera arte, tinduak naturalki lortzen ziren, eta nahiz eta naturan berde asko izan, ez zen hain erraza kolore hori lortzea. Mendiburuk azaldu du hasieran edozein belar erabilita sortzen zutela kolorea, baina telak tindatu eta gutxira, berdea beltz bihurtzen zela. “Beste modu batzuk bilatu behar izan zituzten; adibidez, erromatarrek kobrezko platerak ardotan sartzen zituzten, eta kolore berdexka hartutakoan erabiltzen zituzten”.
Berdearen bila ibili ondoren, 1775an Carl Wilhelm Scheele kimikariak artseniatotik lortu zuen berdea. XIX. mendean kolore bizia zen, eta ehunetan asko erabiltzen hasi ziren. Mendiburuk kontatu du garai hartan paretak ere oihalez estaltzen zirela, eta, ondorioz, jendeak artsenikoa arnasten zuela. Orduan konturatu ziren toxikoa zela.
Berdetik, gorrira egin du salto gidariak, eta gaur egun naturalki toki askotatik lor daitekeen arren, esan du hasieran 35 sustraitatik lortzen zela, eta, zaila zenez, garestia zela ere bai. 1520an, ordea, Hernan Cortes Amerikara iritsi zen, eta han kotxinilak ezagutu zituen. “Europara ekarri zuen aztekek erabiltzen zuten intsektua, eta hemen izugarrizko ospea lortu zuen koloreak”.
Behien pixa ere beharrezko
Gorriaren alboan horia dago. “Oso erraza da naturalki sortzea”, esan du gidariak, eta gehitu du egiptoarrek hiru modu ezberdin zituztela kolore hori eskuratzeko: lehena, sufrea eta artsenikoa erabiliz; bigarrena; antimonioaren bidez; eta hirugarrena, momiak lehortu eta hauts bihurtuz. Gainera, bazegoen hori indioa deituriko beste tonu bat, eta hura lortzeko bidea berezia zen. Behiek mangoen hostoak jaten zituzten, eta haien pixa lehortuz lortzen zuten. Gidariak kontatu du hosto horiek toxikoak zirelako debekatu zutela prozesu hori erabiltzen jarraitzea.
Horiaren alboan arrosa koloreko soinekoa dago, zuzenean sortu ezin den koloreetako bat. “Gorria eta zuria edo gorria urarekin nahastuta lortzen da arrosa kolorea; beraz, hau ere kotxinila intsektuetatik lortzen zen”, azaldu du Mendiburuk. Oso garestia zen XVIII. mendean; horregatik, normalean, gorteetan eta jauregietan erabiltzen zen, batez ere.
Gelaren beste aldean, eskuinetara, magenta koloreko soineko handia dago. Kolore hori naturalki lortzea ezinezkoa izan da. 1956. urtean William Henry Perkin zientzialariak esperimentu batean egindako akats baten ondorioz lortu zuen tindua, eta, pixkanaka hobetu eta gero, oihaletara pasatu zuen. “Kolore honek berezitasun bat du: pertsona bakoitzak tonu ezberdinetan ikusten du”. Azaldu du koloreak ikusteko argiaren errebotea ikusten dugula, baina magentaren kasuan, bi uhinetan iristen dela informazioa —gorria eta bioleta—, eta, beraz, bakoitzaren nahasketak ezberdinak direla.
“Jarraian zuria ikus dezakegu. Hori lortzeko berunezko platerak ozpinaren lurrunen gainean izaten zituzten; ondoren, bi hilabetez gorotzetan sartzen zituzten, eta ateratakoan izaten zuten hautsa erabiltzen zuten”, kontatu du Errenteriako Jantziaren Zentroko gidariak. Berunetik zetorrenez, hura ere toxikoa zen, nahiz eta ez berdea adina.
Urdin koloreko soinekoa dago alboan, eta Indiatik ekarritako indigotik sortutako kolorea du. Europan, hasieran, landare batetik sortzen zuten, Vasco de Gama Indiara joan zen arte. Orduan, indigoa ekarri zuen Europara, mundu osoan hazten zen landarea. “Noski, hori ikusita, hemendik kanpo koloniak zituzten herrialde guztiak hasi ziren indigoa landatzen, eta hala ekarri zuten kolorea Europara”.
Azkeneko bi koloreak, laranja eta beltza, naturatik errazen lortzen zituzten koloreak direla adierazi du Mendiburuk: “Beltza ikatzetik lortzen zuten, eta laranja azenariotik, azafraitik, kurkumatik eta halakoetatik”. Nahiz eta laranja lortzeko erraza izan, modan gutxien erabili izan den kolorea da.
Koloreak baino gehiago
Koloreen sorrerari buruzko historia baino gehiago bildu dute erakusketan; izan ere, soinekoen eraldaketa ere ikus daiteke. Gainera, Ainhoa Mendiburuk prestatutako bisita gidatuetan, garai edo herrialde bakoitzean koloreak zertarako erabiltzen ziren ere azaltzen da.
Uda osoan egongo da ikusgai Modakhrome, urriaren 29ra arte, eta hilean behin egingo dituzte bisita gidatuak, hamabost pertsonako taldetan: abuztuaren 19an, irailaren 16an eta urriaren 21ean, zehazki.
Leave a Reply