Aurreko igandean egin zen Zegaman Gipuzkoako XV. Ezti Lehiaketa, Erlezain Egunean. Ezti ilunetan, Aizarnako Joxe Mari Eizagirre saritu zuten; milalore motako eztietan, Irungo Migel Berridi; eta ezti argietan, Andoaingo Aitor Barandiaranena izan zen lehena.
Leitzaranen, 25 bat erlauntza ditu Aitor Barandiaranek (Andoain, 1958). Ofizioa ez, eztigintzarena afizioa da harentzat. Igande goizean bertan, Zegamara ez joatekotan egon zen. Azkenean, baina, lehiaketara joan, eta pozik hartu zuen saria. “Lanaren errekonozimendua” da harentzat. Garaikurrarekin oholtzatik jaitsi orduko mintzatu zitzaion Hitza-ri.
Zein berezitasun du Zegamako lehiaketara ekarri eta saria irabazi duen eztiak?
Aurkeztu dudan ezti argia abuztuan jasotakoa da. Akazia lorea dauka gehienbat. Beste lore mota batzuk ere antzematen zaizkio, baina %60 akazia lorea duela esango nuke. Normalean, akazia eztia nahi denean, lehenago jasotzen da, baina abuztura arte itxaron nuen. Nahiko betea zegoen erlauntza, ordurako.
Aurrez ere jaso duzu saririk ezti honekin, ezta?
Bai, hala da. Ez da lehen aldia horrelako eztiarekin sariren bat lortzen dudala. Usurbilgo ezti lehiaketan, esaterako, hirugarren saria lortu nuen. Atera izan ditut sari gehiago ere.
Espero al zenuen ezti argietan onena zurea aukeratzea?
Beti izaten da itxaropena. Hala ere, oso zaila da irabaztea. Zegaman egon izan nahiz gehiagotan, baina oraingoa dut lehenbiziko saria. Poz handia izan da niretzat.
Erlezainentzat eta eztigileentzat garrantzitsuak al dira Zegamakoaren gisako azokak?
Bai, zalantzarik gabe. Gure lana erakusteko balio dute, produktuak saltzeaz gain. Etxean urte osoan egiten dugun hori jendaurrera ateratzen da, eta sari lehiaketa gure lana aintzat hartzeko modua ere bada. Eskertzen da jendeak egiten dugun horren inguruan interesa agertzea.
Onurarik ekartzen al du saria jasotzeak? Salmenta hobeak izaten laguntzen du?
Beti izaten du bere eragina. Batez ere, lanean jarraitzeko indarra ematen dizu. Nik, hala ere, egiten dudan guztia oso erraz saltzen dut. Saririk lortu ezean ere, oso ondo saltzen dut.
Zuk bizi duzunaren arabera, nolakoa da erlezaintzaren egoera Gipuzkoan?
Oso txarra da egoera, eta oso gaizki dago kontua. Beste sektoreak ez ditut ezagutzen, eta ez naiz ausartzen haietaz hitz egiten. Erlezaintzak, ordea, arazo ugari ditu. Normalean, berroari eta halako arazoei aurre egin behar diegu, baina, orain, Asiako liztorra sartu zaigu, eta ez dakit hori gelditzerik egongo den. Sektoreari errematea emango dio liztor horrek.
Asiako liztorra arriskuan jartzen ari da erlezaintzaren geroa, ezta?
Duela urte gutxi hemen agertzen hasi zenetik, ikaragarri zabaltzen ari da, izugarri. Harrapari gogorra da liztor hori; fruta aleak-eta suntsitzeaz gain, erleak jaten ditu. Niri iaz nahiko lan eman zidan liztor horrek, baina are gehiago ematen ari da aurten.
Badirudi aurten leku gehiagotara iritsi eta asko ugarituko dela.
Bai, itxura guztia hartzen diogu. Denbora gutxian, asko zabaltzen ari da. Irun aldean ikusi ziren lehen aleak, eta ia Gipuzkoa osoan dago. Beldur handia daukat aurten asko egongo dela.
Ari al zara neurririk hartzen harrapari horri aurre egiteko?
Bai, noski, baina ez dakit ezertarako balioko duen. Tranpak jartzen ditut nik. Baina geldiaraziko dugun? Ez dut uste. Milaka eta milaka dira liztor horiek, eta aldiko asko ugaritzen ari dira.
Urte osoan aritzen al da lanean liztor hori?
Arazorik handiena abuztutik aurrera emango du. Aurten, izugarri handituko da kopurua, eta, uda ondorenean, lan handia emango digu. Udazkenean, hostoak erortzearekin batera, bistan geratuko dira erlauntzak. Orduan ikusiko dugu, benetan, zenbateraino ugaritu den.
Erlezainen Elkartean ere ari zarete elkarlanean irtenbidea emateko.
Bai, baina iruditzen zait hau ez dagoela gure esku. Guk gutxi egin dezakegu. Diru kontua ere bada honi irtenbidea ematea. Administrazioak estrategiaren bat martxan jarri beharko luke, eta ikerketak egin beharko lituzke, baina geldirik daude denak. Honetarako ez dago dirurik, dirudienez. Garbi dago ez dagoela erlezainen eskuetan Asiako liztorrari aurre egitea. Ez daukagu gaitasunik horretarako.
Azaldu duzu erleak duen akaro bat ere lana ematen ari zaizuela.
Bai, baina hori beste kontu bat da, hori kontrolatuta daukagu. Urtero tratatzen dugu. Elkarlanean aritzen gara Erlezain Elkartekoak, eta denok batera egiten ditugu berroa suntsitzeko tratamenduak. Arazoa sortzen digu guri akaro horrek, baina ez du zerikusirik liztorrak ekarriko duenarekin.
Garaikurra eskuetan duzula, nola ospatuko duzu Zegamako lehiaketan lehen postua lortu izana?
Egia esateko, onartu beharra daukat txiripaz etorri naizela. Atzo lunbagoak jota egon nintzen, eta uste nuen ezingo nintzela etorri. Gaur [igandean] hobetoxeago sentitzen nintzen, eta antolatzaileekin hitz egin ondoren animatu naiz. Beraz, orain, segidan etxera joan, eta han ospatuko dut, etxekoekin eta lasai-lasai.