Ñañarri, rallyesprint bat baino gehiago

Aurten jadanik bi rallyesprint jokatu dira, Gabiriakoa eta Hondarribikoa. Hirugarrena Ñañarrikoa izango da, hilaren 20an. Alegiatik Amezketara joan behar dute gidariek, Orendain eta Abaltzisketatik igaroz. Rallyesprint horrek, baina, badu berezitasun bat: Irurako ikastolak antolatzen du, eta lortzen den dirua ikastolaren eraikin berria ordaintzeko izango da.

Iñigo Iñurrita da Ñañarri Rallyesprinteko koordinatzailea. 2008an egin zen lehenengo aldiz, urte horretako Kilometroak Iruran izan zirenean. “Dirua ateratzeko zer ekitaldi egin zitekeen pentsatzerakoan, rallyesprinta antolatzea otu zitzaigun”, dio Iñurritak. Beraz, automobilismoaz gozatzeaz gain, zaleek ordaindutako dirua beste helburu batzuetara ere bideratzen da.

Arrakasta izan ohi du Ñañarrikoak, bai gidari asko joaten delako, baita zaleen erantzuna ona izaten delako ere. Iñurritak probara joatera animatu ditu zaleak: “Arratsalde on bat pasatuko dute, eta Irurako Ikastolari lagundu”. Baina eskaera bat ere egin die joango direnei: “Proban dauden komisarioei kasu egin behar zaie, adibidez, leku jakin batean ez jartzeko esaten badute”.

Aurten beste ikastola batek ere antolatuko du rallyesprint proba bat. Lazkaoko ikastolak ekainaren 1erako Motor Eguna antolatu du, 50. urteurreneko ekitaldien barruan, eta egun horretan egingo da Goierriko I. Rallyesprinta. Aurretik, hainbat urtetan, Azpeitiko Ikasberri ikastolak ere antolatu zuen rallyesprinta.