Emakume etxeen aitzindari

Pixkanaka ugaritzen ari dira Emakume Txokoak deituriko emakumeentzako espazio fisiko publikoak Gipuzkoan. Gaur egun badituzte halako tresnak Donostian, Hernanin, Eibarren, Azpeitian eta Arrasaten. Hain zuzen ere, azken herri hori izan zen lehen harria jarri zuena, orain hamar urte. “Berdintasun politikak eta proiektuak garatzeko espazio fisiko bat ere beharrezkoa zela ikusi genuen. Emakumeentzako erreferentea izango zen tokia alde batetik, eta horrez gain berdintasun politika publikoen debate, formazio, proposamen… gunea ere izango zena”. Hala gogoratzen du hasiera hartako asmoa Maite Barreñak. Arrasateko Udaleko berdin- tasun teknikaria zen orduan, eta hala da gaur egun ere.

Hamar urteren buruan, egindako bidearen balorazio positiboa egiten du: “Egitasmo berritzailea izan zen, momentu hartan eredurik ez zuena, eta uste dut Arrasateko Emakume Txokoak lortu duela eredugarri izatea Euskal Herrian, eta batez ere Arrasaten erreferente bihurtu den espazioa dela uste dut”, azaldu du. “Orain oso zaila litzateke herriko berdintasun politika gune hori gabe ulertzea; elementu estrategikoa bihurtu da”, gaineratu du.

Emakumeen Saila aspaldi sortua zen udalean, eta momentu jakin batean gune fisiko bat edukitzea “beharrizana” bihurtu zen; “egiten genituen ekimenak sakabanatuta gelditzen ziren, eta batzen gintuen espazio baten beharra agerian gelditu zen”, azaldu du. “Gainera, emakumeen parte hartzea erraztu egin zuen haientzako gunea udaletxetik kanpora kokatzeak”.

Formazio ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, jardunaldiak… era askotako ekintzak egiten dituzte Emakumeen Txokoan. Esku artean dituzten datuen arabera, guneak arrakasta handia du, “hiruhileko bakoitzean 200 emakume” pasatzen direlako bertatik. “Emakumeen Txokoa Arrasaten erreferente bihurtu dela uste dugu, politika publikoak eta jabetze proiektua emakumeentzat erreferentea direla, eta batez ere ikusten duguna da Emakumeen Txokoak feminismorako leiho bat eskaintzen duela; gune honetara etortzen den emakumea berriz itzultzen da”.

Jabetze Eskolaren garrantzia

Arrasateko Emakume Txokoak hainbat proiektu ditu, baina Jabetze Eskola da garrantzitsuenetako bat, eta Barreñak azpimarratu egin nahi izan du. “Jabetze Eskolaren planteamendua hau da: jabetu gaitezen emakume bakoitza, banaka, jabetu gaitezen emakumeok kolektibo bezala, planteatu ditzagun irtenbide feministak egungo sisteman, eta ikuspuntu horretatik, gizarte justuago eta berdinago batera joateko proiektua izango dugu”.

Eguneroko lanean jarraitzen duten arren, urteurren ospakizunei tartea ere eskainiko diete, apirilaren 19an eta 20an. Hitzaldi eta tailerrak, herri bazkaria eta kontzertuak egingo dituzte, besteak beste.