Lide Egizala eta Julene Frantzesena
Trikitia eta plaza. Gipuzkoan hainbat gune bereganatuta dauzkate trikitiak eta panderoak, Aiako Andatza auzoko Aristerrazu plaza, esaterako. Besteak beste, Urbian egingo dute saioa, astelehenean, eta aurtengo udan hasi berri dira jaiegunetan Zarauzko Musika Plaza girotzen
URBIA.
NATURA ETA OHITURA.
Urtero legez, aurten ere San Ignazio eguna ospatuko dute uztailaren 31n, Gipuzkoako eta Bizkaiko patroi handia-ren eguna. Egun horri izena ematen dion santua, San Ignazio Loiolakoa, Azpeitian jaio eta bizi izan zen luzaroan, eta, haren omenez, festa handia egiten dute bertan. Hala ere, beste zenbait lekutan ere ospatzen dute eguna: Urbiako erromeria da ezagunenetako bat. Uztaileko azkeneko egunean jende ugari biltzen da Aizkorriren magalean, naturaz eta jai giroaz gozatzeko asmoz. Mezak, herri kirol probek, bazkariak, musikak eta giro onak bihurtzen dute ospakizuna berezi.
Pandemiaren ondorioz, bi urtez egin gabe gelditu ziren erromeria, eta iazko udan itzuli ziren, aldaketa batzuekin. Berrikuntza nabarmenena izan zen Urbiako Fonda ireki eta bertako arduradunak aldatu izana. Aurreko arduradun Altzelai eta Altube familiak negozioa utzi egin behar izan zuten osasun arazoak zirela medio. Hori zela eta, iazko udan bi gaztek hartu zieten erreleboa: Naiara Romatet azkoitiarrak eta Peio Bilbao elgetarrak. Altzelai eta Altube familiak 25 urtez egon ziren fondaren buru, eta beste horrenbeste egitea espero dute Romatetek eta Bilbaok.
Familiaren babesa
Bilbaok dio “zoratuta” daudela Romatet eta biak. Fonda umezurtz geldituko zela jakin zutenean, “aukera polita” izan zitekeela pentsatu zuten. Hala ere, argi zuten fondako lana “oso lotua” zela, eta, bakoitzak bere lana zuenez, “zalantza asko” izan zituzten. Fonda ikustera joan ziren lehen aldian, ezezkoa eman zuen bikoteak, baina familiaren eta jendearen animoek “zorakeria” horri heltzeko indarra eman zieten. Urtebeteko ibilbidea ez dela erraza izan onartuta ere, balorazio positiboa egin dute Romatetek eta Bilbaok.
Bilbaoren esanetan, “xarma berezia” du Urbiak, eta San Ignazio eguneko erromeria “apartekoa” izaten da. Iaz bizi izan zuten erromeria bertatik bertara lehenengo aldiz, eta “oso egun polita” izan zela esan du elgetarrak. Urte osoa egun hori buruan dutela pasatzen dutela ziurtatu du, “lan askoko eguna” baita. Iaz, 25 pertsona aritu ziren fondan lanean, eta aurten ere beste horrenbeste ariko dira: familiako kideak eta fondako langileak.
Festara joaten diren gehienak euskaldunak diren arren, “kanpoko jendea” ere izaten dutela dio Bilbaok. Dena den, edozein jatorri izanda ere, badute denek ezaugarri komun bat: mendiarekiko maitasuna. Bilbaoren hitzetan, Urbiako Fondara joaten direnek “mendiari errespetua” diote, eta “hori ikustea oso pozgarria” da eurentzat.
Urbiako Fondak ehun urte beteko ditu 2025eko udan. Hango erromeriak aspaldi bete zuen urteurren hori. Bilbaok dio fonda ireki baino lehenago jada egiten zutela erromeria. Haren ustez, ingurune horretan dagoen ermitan izan dezake festak jatorria, fonda baino lehenago eraiki baitzuten ermita. Hala ere, posible da horren aurretik ere erromeriaren bat egin izana. Jakina dena da belaunaldiz belaunaldi pasatzen joan den festa dela Urbiakoa, eta “urte askoan mantenduko den tradizioa” izatea espero dutela fondako langileek.
Pintxoak, musika…
Bilbaok azaldu du iaz jende andana izan zela erromerian. Goiza “bereziki lanpetua” izan zuten langileek, ogitartekoak, pintxoak eta plater konbinatuak banatzen. Iaz, mezaren ostean, artzain txakurren lehiaketa egin zen, eta, bazkariaren aurretik eta ondoren, trikiti eta pandero saioak girotu zuen festa. Aurtengo egitarauan ez da aldaketa nabarmenik izango. Goizean goiz, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak doako pintxoak banatuko dizkie bertaratutakoei, eta ermitan meza egingo dute gero. 13:00etan, berriz, herri kirolen saioa egingo dute, eta, bazkariaren aurretik eta ondoren, musika izango da. Joan den urtean eguraldia alde izan zuten, eta horrek eragina izan zuen bertara agertu zirenen kopuruan. Gainera, erromeriaren urte batzuetako geldialdiaren ostean eta fonda berriro irekitzearen eraginez, inoiz baino jende gehiago joan zen.
Urbiako Fondako langileentzat San Ignazio eguna “udako ekitaldirik garrantzitsuena” den arren, uda guztian egingo dute lan han. Ekainean hasi zuten udako denboraldia, eta urrira arte egunero eskainiko dute zerbitzua, hamabi orduz, 08:00etatik 20:00etara. Ondoren, negu guztian, asteburuetan bakarrik irekiko dute.
Urbiako Fonda “ingurune paregabean” egoteaz gain, jendearen topaleku bat ere bada. Erromeria izan da horren erakusgarrietako bat. Indarrak berritzeko leku bat da, eta erreferentzia gune bat ere bada askorentzat. Azken finean, mendizaleen babeslekua da fonda, eta baita lainoaren ondorioz noraezean dabiltzanen itsasargia ere. Bilbaok dio fonda ireki izanak “biziberritu” egin duela ingurua, “eta baita erromeria indartu ere”.
ZARAUTZ.
PLAZARA, DANTZARA
Udako igande arratsaldeetarako badute plana zarauztarrek eta bisitariek: uztailaz geroztik, asteburuero, erromeria saioak egiten ari dira Musika Plazan. Uztailaren 2an izan zen lehen saioa, eta abuztuaren bukaera bitartean izango dute herritarrek dantzarako aukera; igande honetan, esaterako, Izer eta Alabierrek eta Laja eta Narbaizak girotuko dute plaza (19:30).
Zarauztik kilometro gutxira bada erromeriaren tenplu bat: Aiako Andatza auzoko Aristerrazu plaza. Azaroaren 1ean hasi eta sanjoanetara bitartean, erromeriazaleek han izaten dute igandeetako eta jaiegunetako zita. Udan geldialdia izaten dute, ordea, eta hain zuzen, Zarautzen izango dute dantzan jarraitzeko parada.
Zarauzko Udalak ehundik gora ekitaldi antolatu ditu aurtengo udarako, eta horien artean dira erromeriak ere. “Denetik eta denentzat” ekitaldiak antolatu nahi izan ditu udalak, Leire Arana zinegotziak azaldu duenez. “Uztaileko eta abuztuko igandeetako berbenek eta dantzaldiek arrakasta handia izaten zutela ikusten genuen, baita mutxikoek ere, eta gure nortasunaren isla diren erromerien aldeko apustua egitea erabaki dugu”.
Orain arte lau dantzaldi egin dituzte Musika Plazan, eta, balorazioa egiteko “goizegi” dela uste duen arren, saioek erantzun “oso ona” izan dutela jakinarazi du Aranak. “Igande batean zirimiria egin zuen, eta dantzariak plazako kioskora igo ziren, trikitilarien ondora. Horrek erakusten du badela dantzarako gogoa Zarautzen. Gainera, dantzara animatzen ez den jendea ere joaten da emanaldia ikustera”.
Musika Plaza betidanik “dantzaren eta musikaren elkargunea” izan dela nabarmendu du Aranak, eta, hain zuzen, haren hitzetan, horrek egiten du gune hori berezi. “Zarauztarrontzat tradizioa da dantzan kioskoari birak ematea. Horixe da erromerientzat, berbenentzat eta kontzertuentzat lekurik aproposena”.
Zarauztarrek erromeriak “oso gustuko” dituztela azpimarratu du zinegotziak. “Eta baita inguruko herrietako bizilagunek ere. Gainera, Zarautzera etortzen diren bisitariek gure tradizioa eta nortasuna bertatik bertara ezagutzeko ekitaldi aproposak direla uste dugu”.
Transmisiorako tresna
Erromeriak transmisiorako ere baliagarri izan daitezkeelakoan dago Arana. Izan ere, haren iritziz, euskal tradizioak eta nortasuna islatzen dituzten egitasmo guztiak dira garrantzitsuak. “Trikitiaren eta euskal dantzen zaletasuna bada Zarautzen eta inguruko herrietan, eta halako egitasmoak herrietako plaza nagusietan antolatzeak lagun dezake transmisio lanean”.
Iosu Arrizabalaga Izer azkoitiar trikitilariaren hitzetan, “zoragarria” da Zarautzen martxan jarri duten egitasmoa, eta “aberasgarria” ere bai: “Jendearen buruetan, ohituraz, sartuta dago erromeriak gain behera daudela, jende gutxi izaten dela erromerietan, baina egiatik urruti dago uste hori. Ikusi besterik ez dago Aristerrazun zer mugimendu izaten den igandero”. Hark dioenez, 50 herritatik joandako erromeriazaleak elkartu izan dira Aiako Aristerrazun igande xume batean. “Hori oso indartsua da euskara panderoaren eta trikitiaren bueltan elkartzeko”. Zarauzko Udalak horren aldeko apustua egin duela eta, eskertuta dago trikitilari azkoitiarra.
Uda sasoia izanik, trikitia hartuta herriz herri dabil aspalditxoan Arrizabalaga. Hark azaldu duenez, ez da erraza erromerien bueltan zer festa ikusten diren sinestea. “Erromeriak beharrezkoak dira gizartean, baita gure baitan ditugun eta gozatzen uzten ez diguten lotsak eta tabuak eraisteko ere. Zorionez, gaur egun edozein adin tartetako jendea ikusten da erromerietan dantzan”.
Pandemiaren eragina
Erromeriak “osasuntsu” daudela uste du soinu jotzaileak. Pandemiaren aurretik ere hala zeudela adierazi du, eta ondorena “kristorena” izan dela. “Tristuraren preso egon da jendea, eta trikitiak zerbait badu, alaitasuna du; orain, jendea oso animatuta dabil plazetan”. Duela egun batzuk Asteasuko Santamañan izan zirela kontatu du, eta 11:00etatik 03:00etara ez zela soinu hotsik falta izan. “Erromeria bukatu genuenean, erretiratu nahi ez zuen gazte pila bat zegoen han; bozgorailua atera zuten, eta, une horretan edozein musika jarriko zutela espero banuen ere, Laja eta Landakandaren piezak jarri, eta dantzan hasi ziren. Harrituta etxeratu nintzen, etorkizuna badela esanez”, kontatu du Arrizabalagak.
Zarauzko igandeko saiorako “gogoz eta ilusioz” dago trikitilaria. Agertokian plazaz plaza arituz, zilarrezko ezteiak beteta dago Izer eta Alabier bikotea, eta “asko” maite ditu Laja eta Narbaiza ere. Arrizabalagak ez du zalantzarik ondo moldatuko direla etzi ere. “Ondo pasatuko dugu, eta jendeak ez du arrazoirik faltako gozatzeko”.
Leave a Reply