June Romatet Ibarguren
Gaztea zenetik izan du gertu aisialdiaren mundua Olatz Miranda Solanok (Errenteria, 1978). Errenteriako Gaztedi Txiki aisialdi taldean hasi zuen bidea, eta gizarte heziketaren mundura egin zuen salto. Egun, bi adar horiek bateratzen ditu Atzegi elkartean, adimen desgaitasuna duten pertsonen aisialdia eta bizitza hobetzeko helburuarekin. Aisialdi eta Parte Hartze Zerbitzuko teknikaria eta boluntariotza arduraduna da.
Nola gogoratzen duzu haurtzaroa? Badu loturarik gaur egungo zure lanbidearekin?
Oso haurtzaro polita dut gogoan. Herrian, ikastolan, lagunekin…, oso ondo pasatzen nuen nik. Orduan bizi izandakoak, egia esan, ez du lotura handirik gaur egungoarekin. Ikasgelan banuen adimen desgaitasuna zuen kide bat, baina ez nion garrantzi handirik ematen; ez dut uste horrek eraginik izan zuenik nire hurrengo pausoetan. Horrez gain, beti eduki izan dut lotura handia aisialdiarekin; hortik egin izan dut beti neure bidea.
Noiz izan zenuen lehen harremana aisialdiarekin?
Herrian [Errenterian] bagenuen, eta gaur egun ere badago, Gaztedi Txiki izeneko aisialdi talde bat, eta, lagun talde batek bultzatuta, begirale lanetan hasi nintzen han. Oso gustuko nuen, eta, beraz, begirale ikastaroa egin nuen; ondoren, udalekuetako zuzendari ikastaroa egin nuen; eta, pixkanaka, bide horretan aurrera egin nuen. Pausoak emanez, Errenteriako Lau Haizetara euskara elkartean aisialdiaren esparruan lan egitera iritsi nintzen.
Ikasketei ere ildo horretatik heltzea erabaki zenuen…
Gizarte Heziketa ikasketak egin nituen nik, pixka bat kasualitatez. Inguruan jende askok argi zuen zer ikasi nahi zuen; nik, aldiz, inoiz ez nuen oso argi izan zein bide hartu nahi nuen. Aisialdia aukeratu nuen azkenean; oso gustuko nuelako eman nuen pausoa. Hiru urteko ikasketak ziren orduan. Berria zen denontzat, eta, ikasten ari ginen bitartean, izan genitzakeen aukeren edo lanpostuen inguruan pentsatzen aritu ginen. Orduan ere zalantzak izan nituen, baina nik beti pentsatu izan dut ikasketak garrantzitsuak badira ere ondoren aktiboki aritzea dela garrantzitsuena, bai lana bilatzeko garaian eta bai laguntza behar den tokietan mugitzeko.
Horrela iritsi zinen Lau Haizetara elkartera ere, ezta?
Hala da. Lau Haizetara elkartean egin nituen urte batzuk, eta EGKn [Euskadiko Gazteriaren Kontseilua] ondoren. Garai hartako oso oroitzapen onak ditut. [Donostiako] Hezkide Eskolan ere aritu nintzen geroago. Han lanean ari nintzela, hainbat elkarteren artean bilerak egiten genituen, sare bat sortuta geneukan, eta bilera horiei esker ezagutu nuen Atzegi elkartea. Hilabeteroko bilera horietan mahai gainean jartzen genituen elkarte bakoitzaren errealitatea eta zailtasunak.
Etxean nola hartu zuten aisialdi eta boluntario lan horretan aritzeko zure hautua?
Hiru anai-arreba gara. Ahizpa helduena abokatua da, arlo sozialetik joan nintzen ni eta Zuzenbide ikasketak egin zituen anaiak gero. Etxean beti hartu izan dute oso modu naturalean nik aukeratutako bidea, Lau Haizetara eta Gazte Txiki elkarteetan jada boluntario moduan aritzen ginelako lanean; Gaztedi Txikin kanpamentuetan begirale, adibidez. Nire bizipenak oso lotuta egon izan dira beti boluntario lanari. 2000. urtean, esaterako, Malin egon nintzen, kooperante gisa lanean, Afrikan. Pixkanaka eman izan ditut pausoak.
Zerekin topo egin zenuen Atzegi elkartean?
Hasieratik nuen elkartearekiko interesa; berezia iruditzen zitzaidan egiten zuen lana. Egia da segurtasun falta nabaritzen nuela hasieran; batez ere, ordura arte ez nuelako zuzenean lanik egin adimen desgaitasuneko pertsonekin. Ez nuen beldurrik sentitzen, baina ezjakintasuna edo urduritasuna, bai. Pixkanaka joan nintzen Atzegin murgiltzen, pertsonak ezagutzen eta elkartearen dinamikan mugitzen.
Gaur egun, zer lanketa egiten duzue Atzegin?
Familia elkarte bat da Atzegi, eta hainbat alor lantzen ditu. Pertsonen eta haien senideen bizitza hobetzen saiatzen da, eta, oro har, gizarte hobea, duinagoa eta justuagoa bultzatzen du. Gaur egun, hiru zerbitzu bereiz daitezke elkartean: familia laguntza zerbitzua, etxebizitza zerbitzua, eta aisialdi eta parte hartze zerbitzua. Familia laguntzarako zerbitzuak harrera egiten dio elkartera datorren pertsona edo familia bakoitzari, eta aholkularitza eskaintzen du. Gizartean aurrerapausoak eman daitezen ezinbestekoa den sentsibilizazio lana ere egiten du.
Etxebizitza zerbitzuari dagokionez, adimen desgaitasuna duten pertsonak euren kasa bizi daitezen beharrezko dituzten baliabideak kudeatzen ditu, haiek euren bizitza proiektua egiteko aukera izan dezaten. Aisialdiari eta parte hartzeari dagokionez, berriz, pertsona guztiek aisialdiaz gozatzeko beharrezko dituzten baliabideak eta aukerak jorratzen ditugu. Boluntarioen laguntzarekin, norberak bere denbora libreaz gozatzeko, lagunekin denbora hori partekatzeko eta gizarteko espazioak erabiltzeko beharrezkoak diren aukerak bultzatzen ditu.
Alor ezberdin asko biltzen ditu Atzegik. Elkartearen barruan zer bide egin duzu zuk?
Lehenago eginda neukan bidea kontuan hartuta, aisialdiaren eta boluntarioen alorrean hasi nintzen. Boluntarioen jarraipena ere egiten nuen aurreko elkartean, eta, beraz, Atzegiko hasiera erraza izan zen niretzat. Elkartean lanean zebiltzanak ezagutu nituen lehenengo, taldea berria zelako niretzat eta lan hau ondo egiteko oso garrantzitsua baita guk geuk ere elkar ondo ezagutzea. Ondoren, pixkanaka-pixkanaka joan nintzen elkarteko gainerako kideak eta familiak ezagutzen, gure lanean kideak ezagutzea delako oinarrietako bat. Gaur egun, berriz, boluntarioen jarraipena egiten dut, eta oporraldiak antolatzen ditut aisialdiaren eta parte hartzearen esparruan. Guztiok dugu aisialdiaz gozatzeko eskubidea, eta, kasu askotan, beharra ere bada.
Aurtengoa bederatzigarren urtea duzu jada Atzegi elkartean. Zer eman dizu?
Asko eman dit, noski; eman dit nik ezagutzen ez nuen errealitate bat gertutik ezagutzeko aukera eta nire ingurukoengana zabaltzekoa. Elkartea ezagutu nuenean, niri benetan garrantzitsua iruditu zitzaidan ingurukoen artean ere sentsibilizazio lana egitea. Beraz, nire senideei eta lagunei, esaterako, gaia ezagutarazteko aukera eman dit elkarteak. Taldean lan egiteko aukera ere eman dit, noski; oso lan polita egiten dugu taldekide guztion artean. Gainera, pentsaera edo ikuspegi aldaketa bat ere eman didala esango nuke. Guztiok ditugu beharrak eta nahiak, eta, horiek aurrera eramateko, guztiontzako aukerak sustatu behar dira gizartean.
Zer behar da Atzegi bezalako elkarte batean lan egiteko edo boluntario gisa aritzeko?
Edozein lanetan bezala, gogoa eta jarrera ona dira garrantzitsuenak gurean ere. Baina horrelako lan batean beharrezkoa da ilusioa eta konpromisoa izatea ere; ilusiotik egiten dugu lan guk. Adibidez, ikusten dugu ilusioari esker, boluntarioen eta taldearen lanari esker, elkarteko ia laurehun kidek oporraldiak igarotzeko aukera izango dutela euren lagunekin, eta aukeratu duten tokira joango direla. Oporraldietatik bueltan, askotan, oso harreman berezia sortzen da haien eta boluntarioen artean, oso alai itzultzen dira partaideak, eta zer gehiago behar da? Lanean jarraitzeko gogoa ematen dute halako momentuek. Aurrez, ordea, ezinbestekoa da hori guztia gauzatu ahal izateko gogotik lan egitea eta baliabideak bideratzea.
Oporraldia aipatu duzu, eta, hain justu, hori da zuen proiektuaren atal garrantzitsuenetako bat. Nolakoa da programa?
Abuztuan izaten dira oporrak, eta beti saiatzen gara talde txikiak sortzen: hamar bat lagunekoak gehienez, eta adin tarte antzekokoak. Aurten, adibidez, Salamancara, Kantabriara [Espainia] eta Kataluniara joango dira, besteak beste. Geroz eta ezagutza handiagoa daukate bidaia agentzietako, hoteletako edo bertako gainerako langileek, eta, tratuari dagokionez, lortu dugu naturaltasunez eta duintasunez aritzea. Elkartekideek gozatu egiten dute oporraldian, boluntarioek gauza asko ikasten dituzte oporrez gozatzeaz gain, eta gizarteak, oro har, aurreiritziak gainditzeko pausoak eman ditzan lortzen dugu.
Boluntario lana aipatuta, esaten da gazteek oso bizitza erosoa aukeratzen dutela, gizarte eta kultur mugimenduekiko inolako atxikimendurik ez daukatela… Horrelakoak entzuteak min ematen dizue?
Bai, ez delako egia. Egunerokoan ikusten dugu zenbat gazte inplikatzen diren arlo politikoan, etxebizitzen esparruan, balioetan, aisialdi taldeetan… Indar handiko mugimenduak izan dira horiek guztiak eta beste hainbat. Atzegin bertan, gaur egun, 350-400 boluntario dauzkagu urte guztian aktibo, eta aurrera egiteko ezinbestekoa da haien lana. Egia da geroz eta gizarte indibidualago batean bizi garela, baina gaur egun ere gazte asko daude inplikatuta.
Leave a Reply