Xabier Rico: “Harremanak errotuak geratzen direla frogatu du liburuak”

Xabier Rico: “Harremanak errotuak geratzen direla frogatu du liburuak”

Ainara Otegi

Irakasle, pilotari, idazle… Javier Rico Hurtado (Donostia, 1959) hainbat alorretan ibili da, baina oraingoan literaturan nabarmendu da. Ekainaren 7an Ategorrieta: Ategorrietako oroimenak (1959-2023) liburua argitaratu zuen. Bizitza osoa Donostiako Ategorrieta auzoan pasatuta, hainbat pasarte, bizipen eta istorio kontatu ditu hango istorioa ezagutarazteko. Auzokideen laguntzaz, liburuak aukera ematen du denboran atzera egiteko eta kronologikoki auzoko hainbat gertakari bizitzeko.

Zergatik bururatu zitzaizun Donostiako Ategorrieta auzoaren inguruko liburu bat idaztea?

Duela bost edo sei urte hasi nintzen helduentzako ipuin bat idazten. Esperientzia gustatu zitzaidanez, Ategorrietaren inguruko liburu bat idaztea bururatu zitzaidan. Azken finean, ni hemen jaio, hazi eta bizi naiz; beraz, iruditu zitzaidan ideia ona zela nire txikitako bizipenak eta oroitzapenak liburu batean biltzea. Urtero auzoko frontoian San Joan bezperan antolatzen dudan pala txapelketaren inguruan hasi nintzen liburua idazten; izan ere, txapelketaren 25. urteurrenean kronika bat idatzi nuen, eta hori liburuan sartzea erabaki nuen, parte hartzaileen argazkiekin eta prentsa artikuluekin batera.

Nola dago egituratuta liburua?

Guztira 99 orrialde dauzka, 21 atalez osatua. Kapitulu guztiak kronologikoki ordenatuak daude, eta bizilagunen eta nire pasarteak bilduta daude, Ategorrietako historia eta bilakaera kontatzeko. Azkeneko atalean, bertso bat dago, auzoari eskerrak emanez. Horrez gain, liburua 135 argazkiz hornituta dago. Pasarteez, bizipenez eta argazkiez gain, orrialde bakoitzaren behealdean informazioa nondik atera dudan zehazten da.

Liburua autoedizio gisa argitaratu duzu, ezta?

Bai, formatuari begira argitaletxeek esan baitzidaten hobe izango zela autoedizioa egitea. Nik DIN A4 tamainako paperean argitaratzea erabaki nuen, 135 argazkirekin batera. Horrez gain, testua bi zutabetan banatuta dago: batean, euskaraz idatzita dago, eta bestean, gazteleraz. Hemengo argitaletxeetara joan nintzen argitaratu nahian, baina autoedizioa errazagoa izango zela esan zidatenez, Amazonen bidez saltzea erabaki nuen. Badakit inguruko jendeak ez duela Amazonen bidez erosten, eta, orduan, nik erosteko eskaera egiten didate, ondoren haiei saltzeko. Hiru banaketa handi egin ditut jada.

Zergatik erabaki zenuen edizio berean euskaraz eta gazteleraz idaztea?

Euskaraz idatzi nuen Ategorrietaren inguruko ipuinak arrakasta izan zuen, baina lagun askok ez dakite euskaraz. Beraz, haiekin partekatu ahal izateko, orrialde bakoitza bi hizkuntzetan idaztea erabaki nuen: zutabe batean euskaraz, eta bestean, erdaraz.

Nolako pasarteak bildu dituzu liburuan?

Pasarte anitz aurki daitezke: jolasen ingurukoak, giza harremanen ingurukoak, politikaren ingurukoak, sexuaren ingurukoak… Garai hartan, eskolak ez zirenez mistoak, ez geneukan harremanik neskekin. Orduan, pasarteetan gehienbat kontatzen dena mutilen kuadrillan egiten ziren ekintza, kirol eta jolasetan oinarritzen dira. Adibidez, azaldu dut maila sozialak eragina zuela giza harremanetan. Frontoitik gora bizi ginen gu, langileen etxeak zeuden tokian. Besteak, ordea, frontoitik behera bizi ziren, errepide nazionalaren inguruan, etxe handiago eta dotoreagoetan. Gu kalekumeagoak ginen; orduan, hor ezberdintasuna nabaritzen zen.

Eta zein da zuretzat pasarterik esanguratsuena?

Niretzat, frontoiarena, nire bizitzan oso lotuta egon delako, baina ulertzen dut hain kirolaria ez denari ez zaiola hainbeste gustatuko. Hala ere, asko dira esanguratsuak; adibidez, Uliako antzerki taldean antzezten genuenekoa. Franco hil ostean, Tuterara [Nafarroa] joan ginen Santa Maria de Iquique antzezlana antzezteko, baina, debekatuta zegoenez, ataripe batean egin behar izan genuen, klandestinitatean.

Ategorrietako auzokideek zer diote zure liburuari buruz?

Batzuek esan didate haurtzaroko oroitzapenak berreskuratu dituztela. Uztailaren 11n aurkeztu nuen liburua, Ategorrietako kultur etxean, eta nik kalkulatu nuen hogei lagun etorriko zirela, baina, nire sorpresarako, ehun pertsona inguru agertu ziren; beraz, esan dezaket oso arrakastatsua izan dela aurkezpena. Harremanak errotuak geratzen direla frogatu du liburuak; izan ere, aurkezpenean, 50 urteko emakume batek esan zuen bere aita negozio bateko jabea zela, eta 90 urteko andre batek emakume hari erantzun zion bera haurra zenean paseatzen zuela; hau da, berriro elkar ezagutu zuten.

Liburuaren bidez nola irudikatzen da Ategorrieta?

Donostiako auzo txiki bat bezala erakutsi dut, Uliaren magalean dagoen auzoa, eta oso maitekorra. Bestalde, herritarren harremanak eta loturak oso estuak direla ere hautematen da liburu osoan.

Ategorrietako oroimenak (1959-2023) lanean, auzoaren definizioa bera al da hasieran eta bukaeran?

Ez, Ategorrieta asko aldatu da, baina ez da aldatu den bakarra, auzo gehienak aldatu baitira. Liburuaren hasieran kontatzen dut lehen denbora osoa kalean pasatzen genuela; orain, kalean ez da ia umerik ikusten. Zerbitzuak ere aldatu egin dira. Liburuan, lehengo zerbitzuen zerrenda bat dago. Jada ez dauden zerbitzuak ikus daitezke; adibidez, izotz saltzaileak. Lehen, auzo independenteagoa zen, baina zerbitzu gehienak itxi zituztenez, beste auzoetara jo behar izaten dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.