Aste honetan aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunerako II. Plana (2013-2020). Martxoaren 5ean onartu zuen diputatuen kontseiluak, eta bi legegintzalditan garatuko dute, gutxienez. Laura Gomez aldundiko Berdintasun zuzendariak azpimarratu du “gobernuak berdintasunaren arloan duen plana” dela: “Ez gure sailarena”. Hala, argi utzi nahi izan du “foru departamentu guztien ardura” dela planaren garapena. Hain zuzen, aurten 10 milioi euroko aurrenkontua izango du aldundiak, sailez sail, berdintasun arloko neurriak abiatzeko.
Krisi garaia aintzat hartu dute plana garatzerakoan. “Krisi egoeraren azterketatik abiatuta” errealitatearen irakurketa zehatz bat eginda ezarri dituzte planaren lehentasunak. “Izan ere, gure ustez krisia ez da hasi 2007ko finantza leherketarekin; dimentsio asko dituen krisia da: zainketen krisia da, eta demokrazia ereduarena, besteak beste”. Gomezen esanetan, krisi garai hauetan planaren lehentasunetako bat da pertsonen eta, zehazki, emakumeen bizi-baldintzen prekarizazioa geldiaraztea. Gomezek emandako datuen arabera, “2008-2012 artean %4,1etik %7,3ra igo da pobrezia arriskua, eta %14,6tik %19,9ra pertsonen ongizate falta”. Berdintasun zuzendariak gogorarazi du finantza krisiaren aurretik ere emakumeak gizonekiko gizarte desberdintasun egoera batean zeudela Gipuzkoan, eta orain beren oinarrizko baldintzak gehiago okertu direla. “Familiak eta haien barruan bereziki emakumeak dira gastu publikoan egindako murrizketen ondorioak beren gain hartzen ari direnak”, adierazi du Gomezek. Datu gehiago ere eman ditu: Gipuzkoan, emakumeak buru dituzten familia unitateetan, beren kargura mendeko pertsonak dituztenean, “hiru bider gehiago pairatzen dute pobrezia erreala (%11,1), unitate buruak gizonezkoak direnean baino (%3,7)”.
Bestetik, krisian dagoena elkarbizitza antolatzeko eredu sozioekonomikoa dela uste du aldundiko gobernuak. “Horregatik, plan honek erreminta izan nahi du eredu hori eraldatzen eta gizarte talde bezala berriz asmatzen laguntzeko”. Ardatza lan merkatuan jartzen duen eredu kapitalista eta patriarkala kritikatu du Gomezek. Zaintza lanek pertsonen ongizate fisikoa eta emozionala ahalbidetzen dutela azaldu du, eta lan horiek direla eredu honi eusten diotenak. “Inork emango ez balizkigu zaintza material eta afektibo horiek, inor ez litzateke lan merkatura lanera joango. Zaintza horiek ari dira ahalbidetzen merkatuaren zerbitzura jartzen den lan indarra ugaltzea. Zaintza lan horiek ez dira ikusten, ezkutuan daude, feminizatuta daude, baita egoera prekarioan ere”. Pertsonen zaintza gizarte lehentasunen erdian jarri nahi du aldundiak.
Urte eta erdiz aritu dira plana osatzen, hainbat eragile eta norbanakorekin elkarlanean. “Une honetan dauden arazoak zein diren eta irtenbideak zein izan daitezkeen denon artean eztabaidatzen aritu gara”.
Zaintzaren lan arloa duintzen
Sei lan ildo nagusi ditu planak, eta horietatik bi “funtsezkoak” dira Gomezentzat. Horietako bat zaintza eskubideak bermatzearekin lotutakoa da. “Emakumeen %90 pertsonen bizitzaren zaintzaz arduratzen dira”, eta zaintza eskubide horretan aurrerapausoak emateak Gomezentzat esan nahi du “emakumeek zaintzaile izan nahi duten erabakitzeko eskubidearen alde egitea”. Arlo horretan, planaren helburuetako bat da zaintzaile profesionalen lan baldintzak duintzea. Neurri batzuk dagoeneko jarri ditu martxan aldundiak: “Foru gobernu honek erabaki du ez murriztea mendekotasun laguntza ekonomikoak. Bestetik, zabaldu egin du mendekotasun maila guztietako laguntza pertsonalari dagokion estaldura. Laguntza hori zuzenean mendekotasuna duen pertsonari ematen zaio, eta gainera aldundiak erregulatu egingo ditu laguntza horrekin langileak kontratatzeko baldintzak”. Horrekin bi gauza lortu nahi dituzte: emakumeen rol tradizionala erreproduzitzea saihestea —emakumea etxean gelditzea zaintzaile gisara— eta zaintzaile profesionalentzat lan baldintza duinak bermatzen ahalegintzea.
Langile profesionalen lan baldintzak hobetzeko neurri gehiago ere biltzen ditu planak. Aldundiak adinekoen egoitzen eta eguneko zentroen hitzarmen alorrean hainbat neurri proposatu du. Esaterako, 8,2 milioi euroko inbertsioa egitea soldatak hobetzeko, atsedenaldiak luzatzeko eta langile profesionalen kontratazioa handitzeko. Horretaz gain, enpresaren errentagarritasuna %5etik %3ra murriztea proposatu du. “Zerbitzu publikoak dira nahiz eta kudeaketa pribatua izan, eta enpresa errentagarritasuna ezin da lortu langileen baldintzak okertuz. Bizitza mantentzeko lan ezinbestekoa denez, duindu eta goratu egin behar dugu”.
Neurri ekonomikoak
“Pertsonen bizitzen zaintza erdian kokatuko duen ekonomia baterantz aurrerapausoak ematea” da aldundiarentzat beste lan ildo garrantzitsuenetako bat. Arlo horretan “funtsezkoak” diren neurri batzuk zehaztuak dituzte: “Bereziki emakumeek bizitza autonomoak garatu ditzaten baliabide egokietara iristea bermatzeko neurriak dira; esaterako, Sarrera Bermerako Laguntza. Legegintzaldi honetan jarri du martxan diputazioak”. Eusko Jaurlaritzaren Oinarrizko Errentaren “hutsunea” betetzeko sortu dute, laguntza hori jasotzeko hiru urtez erroldatuta egon behar delako EAEn. “Aldundiak salatu izan du baldintza horrek jende asko uzten duela laguntza jasotzeko aukerarik gabe. Tresna honen bitartez, sei hilabeteko errolda edukitzea nahikoa izango da. Neurri gehiago ere jarriko ditugu martxan, laguntzak jasotzera bideratuta. Ezin guztiak aipatu, asko dira”.
Zerga sisteman genero ikuspegia ezartzea da planaren beste asmoetako bat. Oraingoz aztertzen ari dira zein diren erreforma egiteko aukerak, eta hortik abiatuta ikusiko dute zein neurri har daitezkeen. Izan ere, batzar nagusiek dute neurri fiskalak onartzeko ahalmena, eta, beraz, aldundiko gobernuak “politikoki negoziatu ahalko diren proposamenak” erabaki beharko ditu. Erreformarekin, “sistema sozioekonomiko honi eusten dioten lanak agerian utzi nahi ditugu, ikusgai bihurtu. Ikerketa batzuen arabera, zaintza orduak kontuan hartuko balira aberastasuna neurtzeko erabiltzen den BPG adierazlean garapen ekonomikoaren motor funtsezko bezala agertuko litzateke”. Horregatik uste dute neurri birbanatzaileak jarri behar direla martxan politika fiskalean, “gizarte erantzunkidetasuna ahalbidetzeko”. Beste era batera esanda, “pertsonen zainketak gizarte lehentasunen erdian egon behar badu, gizarteak bere osotasunean arduratu behar du horri eusteaz, ez bakarrik emakumeek. Bizitzaren iraunkortasuna ezin da pribatizatuta egon, gaur egun dagoen bezala. Hortaz, politika fiskala erreminta oso erabilgarria da dirua eskuratu eta egoki birbanatzeko, gizartea bere osotasunean bizitzaren kargu eginez”.
Horri lotuta, aldundiaren kontratazio publikoetan, hitzarmenetan edo laguntzetan genero ikuspegiaren aldeko baldintzak ezartzea garrantzitsutzat jotzen du Gomezek. “Diru publikoaren zati handi bat alor horietan gastatzen da. Beraz, garrantzitsua da haietan parte hartzen duten entitateak baldintza batzuk betetzera derrigortzea; hala, errealitate injustu baten gizarte eraldaketan lagunduko dute haiek ere”.
Planak 223 neurri ditu, datozen zortzi urteetan garatzeko.