Donostia Kultura: ikastaroak euskaraz

Iazko irailaren 8an idatzi genuen Donostia Kulturako ikastaroak, aurten ere herren artikulua, euskaraz antolatzen diren ikastaroetan izena emateko unean zeuden trabak salatuz.

2023ko irailaren 4an, datorren astean, zabalduko dute ikasturte berriaren matrikulazio epea eta aldaketak ezarri ditu Donostia Kulturak. Aldaketa horien inguruan gure iritzia plazaratu nahi dugu jarraian.

Hasteko, zoriondu nahi ditugu Donostia Kulturako ikastaroen arduradun politiko zein teknikoak, 2023-2024 ikasturterako borobildu duten proposamen berritzaileagatik. Euskaraz egingo diren ikastaroen matrikulazioa astebete aurreratuko dute. Aukera bikaina iruditzen zaigu.

Oso garrantzitsuak diren hiru eragin eremu aipatu nahi ditugu, kontuan har daitezen:

1. Herritarrekin zuzenean matrikulazioa kudeatuko duten langileen prestakuntza: langileei antolaketa berriaren zergatiak adieraztea eta helburuen berri ematea, modu aktiboan jardun dezaten.

2. 2023-2024 ikasturteko matrikulazioaren emaitzen jarraipena egin dezatela eta 2024-2025 ikasturteko matrikulaziorako hobekuntza beharrak aurten identifika ditzatela.

3. Euskaraz izango diren ikastaroetako irakasleen hizkuntza gaitasuna ziurtatzea, eta, bide batez, saioetan euskararen erabilera bermatzeko irizpideak lantzea eta ezagutzera ematea, irakasleei zein ikasleei. Ondoren, ezagutzaren eta irizpideen betetze mailaren jarraipena egitea.

Eragin esparru horiek kontuan har ditzaten eskatu nahi diegu, beraz, arduradunei.

Eta euskaldunoi zein euskara ikasleei dei egin nahi diegu aukera berri hau balia dezagun, euskara gehiago erabiltzeko baliabide bikaina baita.

Leave a Reply

Your email address will not be published.