Jone Arruabarrena
Gastronomiarekiko grina eta talentua, ikerketa, berrikuntza eta ekimena batzen dituen proiektua. Nazioartean talentua berritzeko eta erakartzeko ekosistema bat; eragile global nagusiek esku hartzeko aukera izango duten diziplina anitzeko proposamena”. Horrela aurkezten du Basque Culinary Centerrek bere webgunean Donostiako Gros auzoan egin asmo duen Gastronomy Open Ecosystem proiektu berria. Zehazki, proiektuaren espazio nagusia izango den Olatuen Bidea eraikina Groseko Okendo kultur etxearen eta Zubiri Manteo ikastetxearen arteko lursailean egitea aurreikusi dute. Auzokoek, ordea, kezkaz begiratzen diote egitasmoari.
“Eraikina egiteak eremu berde hori galtzea ekarriko du. Grosek eta Uliak eremu berde hori baino ez daukate. Uliako Mintegietako parkeak eta Manteoko berdegunearekin, justu-justu betetzen dute legeak ezartzen duen gutxieneko eremu berdeen kopurua. Beraz, hori ere desagerrarazten badute, ez dira gutxieneko horiek beteko”. Felix Soto Uliako Auzo Elkarteko lehendakariaren hitzak dira. Proiektua aurkeztu zutenetik, protesta ugari antolatu ditu auzo elkarteak, eta hura atzera botatzeko sinadura bilketak ere jarri ditu martxan. “8.000 pertsonak sinatu dute guztira proiektuaren aurka, baina ez digute kasurik egiten”, azaldu du Sotok. Horrez gain, udala “arbolizidio bat” egiten dabilela salatu du: “6.000 arbola kendu dituzte Marrutxipin, eta orain, proiektu honekin, beste berrehun inguru kenduko dituzte”. Hala ere, BCCk webgunean ziurtatu du zuhaitz horiek “birkokatu” egingo dituztela, “ahalik eta inpaktu txikiena” eragiteko.
Jonander Agirre arkitektoa ere bat dator Sotorekin: “Agerikoa da auzoak eremu berde bat galduko duela, auzo osoak duen bakarrenetarikoa. Beste bi espazio publiko esanguratsuak Txofre eta Katalunia plazako parkingen gaineko espazioak dira, eta zuhaitz eta landare gutxi dute”. Gros auzoan dauka bulegoa Agirrek, eta ondo ezagutzen du auzoa nola dagoen.
Hala ere, BCCk bere webgunean emandako azalpenetan ukatu egiten du eraikina eraikitzeak eremu berde bat galtzea ekarriko duela, eta adierazi du proiektua “jasangarria” dela, proiektuaren aztarna ekologikoa “praktikan, orain dagoen berbera” izango dela ziurtatzearekin batera.
9.200 metroko lursail bat hartuko du eraikinak, eta bederatzi solairu izango ditu, horietatik lau lur azpian. Aurreikusia zeukaten eraikitze lanak aurtengo martxoan hasiko zituztela eta 2024. urtearen amaieran bukatu. Atzerapenarekin hasiko dira, ordea. Basque Culinary Centerrek proiektuaren diseinua adjudikatzeko lehiaketa egin ondoren, Danimarkako Bjarke Ingels Group arkitektura estudioari egokitu zaio proiektuaren gidaritza hartzea.
Aurrekontua 26 milioi euro ingurukoa izango da. Horietatik, Eusko Jaurlaritzak 18 milioi euro jarriko ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak 6 milioi euro eta BCC erakundeak 2 milioi euro. Donostiako Udalak adierazi du ez duela dirurik jarriko, eta, horren ordez, lursaila doan emango diola BCCri. “Udalak dio lursaila bakarrik eman duela, eta ez duela dirurik jarri. Baina gure kalkuluen arabera, partzela horrek 60 milioi euro balio du —batez ere, kokapenagatik—, proiektuak berak baino gehiago”, adierazi du Sotok.
Lursaila, polemika iturri
Lursaila Ongintz Uri Batzarrak erosi zuen joan den mendearen lehen erdian, Sotoren esanetan, “baina erakunde horrek ezin duenez jabetza hori bere izenean erregistratu, udalaren jabetza balitz bezala ageri da”.
Lursail horretan Gipuzkoako Probintzia Ospitalea egin zuten gero, eta han izan zen 1950eko hamarkadan Zorroagara aldatu zuten arte. Donostiako Udaleko zinegotzi eta Hirigintza Sailaren arduradun izan zen 1980ko hamarkadan Soto, eta azaldu du garai hartan parkea egiten hasi zirela, baina gaur egun ere ez dutela lortu hura guztiz osatzea: “Ezin izan genuen bukatu. Ordutik, beti aritu izan gara borrokan, udalak ez duelako zuhaitz berririk jarri nahi edo parke moduan bukatu nahi. Eta, orain, BCCren proiektua aurkeztu dute”.
Agirreren iritziz, eraikina egiteko espazioa antolatzeko orduan ez dira aintzat hartu “irizpide arkitektonikoak edo hirigintzakoak”: “Ez dut uste eraikin hori egiteko lekurik egokiena denik, auzoaren interesa kontuan hartzen bada, behintzat, edo hiriaren interesa. Erabakia beste pauso bat da hiriaren espektakularizazio eta gentrifikazio prozesuan. Horrela uler daiteke arkitekto horiek aukeratu izana, eztabaida falta eta prozesu guztiari eman dioten abiadura”.
“Negozio” salaketa
“Hor dagoen negozioa zera da: hondartzatik 150 metrora dagoela”, gehitu du Sotok. Agirre bat dator: “Hiria errentak jasotzeko soro baten gisa ulertzen duen ereduari erantzuten dio proiektu honek. BCC soro horrentzako ongarria baino ez da. Hirigintza zein arkitektura aldetik, 2008ko krisiaren aurretiko eredura bueltatu gara”.
Okendo Alden udalak sustatu duen hirigintza plan bereziaren barruan sartzen da BCCren proiektua ere. Sotoren arabera, plan berezi hori onartu du udalak lursaila BCCri lagatzeko, eta plana ez dute udalbatzarrera eraman: “Tokiko Gobernu Batzarretik pasatu da, udalbatzarretik pasatu gabe. Batzar horretan alkatea eta zazpi zinegotzi soilik daudenez, oposiziorik gabe, errazagoa izan da hura onartzea, eta, legezkoa denez, hori baliatu dute”. Agirrek, berriz, kritika egin dio Donostiako hirigintza plan orokorrari ere. Izan ere, uste du “gutxi” hitz egin dela hauteskunde kanpainan hura idazteko prozesuaren inguruan, eta, besteak beste, baimendu egin du BCCn lurrazpiko lau sotoak eraikitzea: “Planteatu beharko genuke nola den zilegi horrelako proiektuak onartzea klima krisia agerian dagoen garai honetan”.
“Eraikina eraikitzen badute, jende asko haren aurka egongo da”, gehitu du Sotok. Hain zuzen, Uliako Auzo Elkarteak helegitea aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian: “Tramitazio prozesuan dago, eta auzitegiak udalari espedientea eskatu zion. Orain onartu dute espediente hori bidaltzea, azkenean”. Udaleko oposizioko taldeak ere proiektuaren aurka agertu dira; besteak beste, Elkarrekin Donostiaren udal bozeramaile Victor Lasak Basque Culinary Centerren proiektu berria Manteon kokatzeko erreferenduma egitea proposatu zuen uztailean. Eneko Goia alkateak baztertu egin zuen kontsulta bat egitea, eta argudiatu zuen orain arte ez dela erreferendumik egin antzeko kasuetan; Miramongo BCCren eraikina eraikitzerakoan, esaterako. EH Bilduk ere hainbat aldiz eskatu dio udalari elkarteak aurkeztutako helegitea kontuan hartzeko.
Alternatibei begira
Sotok azaldu duenez, Goia alkatearekin ere bildu ziren auzo elkarteko kideak. Goiak azaldu zien “isiltasun administratiboa” izango dela udalaren erantzuna. Arartekoak ere hainbat aldiz ohartarazi du udala, auzokideen kexei ez diela erantzun egotzita. “Helegiteari, adibidez, ez diote erantzun. Berez, bi hilabeteko epean erantzun behar dute, eta Arartekoak, azken urtebetean, hiru aldiz eskatu dio erantzun bat emateko, eta hari ere ez dio kasurik egin”, esan du Sotok.
Proiektu berria hauspotzea erabaki ordez, udalak bestelako behar batzuk bete beharko lituzkeela uste du Agirrek: “Harrigarria da horrelako proiektu batean jartzen den enfasia; batez ere, ikusita Groseko kiroldegia, anbulatorioa, eskolak eta beste ekipamendu asko egoera tamalgarrian daudela. Auzoak momentu honetan auzokoentzat diren zerbitzuak hobetzea behar du”.
Hain zuzen, udalak Gastronomy Open Ecosystem eraiki nahi duen lekuan “proiektu ederrak” egin daitezkeela iritzi dio Agirrek: “Berdegune bat egitea sustatu daiteke, Uliara iristeko atari moduko bat, Nafarroako Etorbidea lasaituko duena; eta eremu berde hori ia Txofreraino ekarri”. Sotok ere esan du Uliako Auzo Elkarteak bestelako alternatibak eskaini dizkiola udalari: “Gazteentzako zein nagusientzako ekipamenduak jartzea orain aparkalekuak dauden tokian, eta eremu berdeak bere horretan uztea, edo gehiago handitzea”.
Leave a Reply