Gipuzkoako zazpi ontzi, etzi, banderarako lehian

Gipuzkoako zazpi ontzi, etzi, banderarako lehian

U. Zubeldia

Ikusle neutralen begietara, gehienek desio zuten bezala iritsiko da, etzi, Donostiako Kontxako Banderaren bigarren eta azken jardunaldia. Estu joan zen lehenengo igandeko lehia; horren erakusgarri, Tolosaldeak handia egin zuen emakumezkoetan, beste hiru faboritoei aurrea hartuta. Hori bai, 4,66 segundoren tartean daude Tolosaldea, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra eta Orio. Gizonezkoetan, berriz, txanden arteko aldeak eraginda, ziabogan hamabi segundo luze atzetik zihoan Urdaibai joan den igandean, baina bigarren luze on-ona eginda, bizkaitarrek egin zuten denborarik onena, Hondarribiari 1,25 segundo aterata. 4,19 segundora dago Donostiarra, 4,97ra Orio, eta 7,75era Zierbena.

Bederatzi ontzi sartuta daude, beraz, Kontxako Bandera irabazteko lehia betean, eta Gipuzkoako klubak dira horietatik zazpi. Emakumezkoetan, Donostia Arraun Lagunak-ek (2021) eta Oriok (2019, 2020 eta 2022) badakite zer den Kontxako Bandera irabaztea; Tolosaldearentzat eta Donostiarrarentzat, berriz, balentria handia litzateke etzi bandera astintzea.

Gizonezkoetan, Oriok eman zuen ezusteko txiki bat lehen jardunaldian, denboraldi guztiko mailatik koska pare bat gora eginda onenen pare-parean aritu zelako —Eusko Label ligan, Ondarroako Bandera ere irabazi zuen abuztuaren 26an—. Laugarren kaletik lehen luzean dezente sufrituta, Zierbena ere banderarako lehian sartu zen azkenerako, eta, etzi lehen txandan ariko dela kontuan hartuta, eguraldi aldaketa txiki batek aukera eman diezaioke sailkapena iraultzeko.

Haizearen aldaketa

Eguraldia eta olatu iragarpenak aztertuta, ez da espero gorabehera askorik. Metro erdi bateko olatuak daude iragarrita etzirako, baina haizeak eduki dezake eragin pixka bat. Hegotik hasiko da eguna, baina ekialdera aldatuko da eguerdirako. Haizea harrotuz joango da goizak aurrera egin ahala, nahiz eta ez den espero haize bolada indartsurik. 11:00etan hasiko da emakumezkoen lehia, eta 12:00etan gizonezkoena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.