Unai Zubeldia
Oso estropada fisikoa izan zen joan den igandekoa, eta txikituta amaitu genuen denok, dena emanda”. Joseba Aristi zumaiarra (1991) ari da hizketan, Ondarroa arraun klubeko arraunlaria. Hitz horietatik 30 ordu eskas igaro dira Donostiako Kontxako Banderaren lehen igandeko lehia amaitu zenetik, eta, denborak denbora —zortzigarren amaitu zuen Ondarroak, Getaria zazpigarren sailkatuarengandik ia hamabi segundora—, “gozamen sentsazioarekin” dago oraindik Aristi. “Emozio handiko egunak izaten ari dira”.
Hamazazpi urte daramatza arraunean zumaiarrak, aurten arte guztiak Telmo Deun etxeko traineruan, eta Ondarroara iritsi berritan ezagutu ahal izan du barru-barrutik Kontxako Banderaren handitasuna. “Gainerako estropadekin alderatuta, ez dauka zerikusirik Kontxak. Izugarria da. Umetako ametsa bete dut”, esan du, irribarrea ahoan. Abuztuaren 31n, sailkapen egunean, Aristik ez zuen lortu dena ondo barneratzerik. “Herri osoa zain zegoen arranpan, kantuan… baina oso azkar pasatu zen dena”. Joan den igandean, ordea, bai, joan den igandean une bakoitza merezi bezala bizi izan zuen, eta horixe bera egiteko asmoa dauka etzi.
Aintzane Urbieta (Zumaia, 1991) dauka ondoan, Zumaiako arraunlaria. Itsasoa haserre samar zela, abuztuaren 30ean pozez zoratzen amaitu zuten zumaiarrek Kontxako sailkapen estropada, laugarren denborarik onena eginda. “Eta ondo aritu ginen joan den igandean ere”. Zazpigarren amaitu zuen Telmo Deun-ek, Kaiku hamar segundo atzetik utzita, eta Hondarribia eta Hibaika bost eta zazpi segundo aurretik zituela, hurrenez hurren. Urbietak zehaztu du eurak sailkapen estropadan zeudela urduri. “Garrantzitsua zelako Kontxan sartzea, Euskotren ligara igotzeko kanporaketa ere badaukagulako gero. Kontxatik kanpo geldituz gero, denbora gehiegi izango zen aste eta erdi bat geldirik egotea”.
Aurretik ere Kontxan aritutakoa da Urbieta. “Baina handia izan da aurtengoa ere”. 2013ko uztailetik 2018ra arrauna utzita egon zen —Zumaiak 2013an irabazi zuen Kontxako Bandera, baina ordurako ez zen taldean—, eta iaz ere ez zen izan tostetan. “Horregatik, oso pozgarria izan da aurten berriz pausoa eman, itzuli eta oso talde gaztearekin Kontxan maila ona ematea”. Urbietak ezagutu zuen 2013an goia jo zuen Zumaia hura. “Pentsa, 21 urte neuzkan orduan; oso gazteak ginen gehienok. Askok esaten ziguten jarraituz gero zerbait lortuko genuela, eta hala izan zen”. Gaur egun antzeko egoeran dago Urbieta. “Oso gazteak dira taldekide gehienak, eta, elkarrekin jarraituz gero, urte batzuk barru oso maila ona eman dezakete, harrobiko lan handia egiten ari baikara klubean”. Gazte horiei egunerokoan “aholkuak ematen” eta guztiak “animatzen” saiatzen da Urbieta. “Niri asko ematen dit talde izaera horrek”.
Gazteenekin, “harrituta”
Hiruzpalau arraunlari kenduta, taldekide gehienak lehenengo aldiz ari dira Kontxako Bandera lehiatzen. “Gozatzera joan ginen, lan txukun bat egitera, borrokatzera, eta gozatu eta borrokatu genuen, baina gure taldea ezin dugu alderatu Euskotren ligako onenekin”. Hori bai, Urbieta “harrituta eta harro” dago gazteenak ematen ari diren mailarekin eta transmititzen duten lasaitasunarekin. “Oso gertu eduki genituen Euskotren ligako bosgarrena eta seigarrena. Argi uzten ari gara ETE ligan ere maila ona dagoela”. Ezeri uko egin gabe, “zazpigarren postuari eustea” izango da etziko helburua. “Eta beste koska bat gora egin badezakegu, zoragarri. Azkena balitz bezala eman behar dugu palakada bakoitza”.
Etxetik urrunduta, udan, Zumaiatik Ondarroara 20-25 minutuan egiten du bidea Aristik, “bidesarian elkartu eta furgonetan, beste taldekide batzuekin”. Erdi gipuzkoartuta dagoelako Ondarroa arraun kluba: denboraldi honetan han ari dira Jon Arriola (Orio, 1999), Julen Arostegi (Zarautz, 1998), Beñat Eizagirre (Zarautz, 1991), Jon Carrillo (Pasai Donibane, 1990), Ivan Lopez (Hernani, 1988), Iker Murgiondo (Pasai Donibane, 1987) eta Aristi bera, Iñaki Errasti entrenatzailea (Usurbil, 1979) gidari lanetan dutela. Neguan, berriz, lehorreko lanean aritzen dira arraunlariak gehienean. “Norbera bere kasa; nire kasuan, Zumaiako kiroldegian. Eta astean pare bat aldiz bakarrik joaten ginen Ondarroara”.
Denboraldia “izugarria” izaten ari dela esan du Aristik. “Aurten eraldaketa handia jasan du taldeak, 11-12 arraunlari aldatuta, eta neguan zuzenean jaisteko hautagaiak ginen, askoren ustez. Mailari eustea zen gure helburua, kanporaketak jokatuta bazen ere”. 10. postuan amaitu du liga Ondarroak azkenean, Santurtzi 11.ari 24 punturen aldea aterata. “Espero baino errazago lortu dugu helburua. Bete-betean asmatu du Errastik [entrenatzaileak] eta lasai ibiltzeko aukera izan dugu. Behetik gora egin dugu, eta guretzat gozamena izan da azken hilabetea”.
Arraunerako grina etxetik datorkio Aristiri. Zumaian ari dira arraunean Iñaki anaia eta Aitor lehengusua, Edu Aristi osaba patroi lanetan zen Zumaiak 1987an Kontxako Bandera irabazi zuenean, Joseba Aristi osaba ere patroi aritu zen eta baita klubeko hainbat lanetan ere, ama zena argazkilari gisa aritu zen… “Txikitatik bizi izan dugu guk arrauna etxean. Gogoan daukat 6 urte nituela hil zela gure aitona, baina haren etxean beti argazkiei eta maketa txikiei begira egoten ginela”.
Urbietak aitortu du bera ez dela kirolaria. “Arraunlaria naiz ni”. “Nahi gabe” hasi zen arraunean, “lagun batzuei bururatu zitzaielako”. Eta “erabat” lotu zuen kirol horrek. Aurretik, Urbietaren osaba bat ibili zen arraunean Zumaian, Tomas Urbieta, eta Orion ere bai beste osaba bat, Andres Ibarguren aiarra.
Kontxara begira jarrita, Ondarroa “denboraldiko momenturik onenean” iritsi dela azaldu du Aristik. “Horregatik, gure mailarik onena ematea da helburua, eta, ahal izanez gero, talderen bat atzean uztea”. Lehen igandean ez zitzaiela kalerik onena tokatu uste du Ondarroako arraunlariak —laugarrena—. “Pentsa, Zierbenak berak ere, faboritoetako batek, sufritu egin zuen lehen txandan, eta 11 segundo galdu zituen ziabogan. Guk ez daukagu hainbeste watt taldean, eta indarra behar zen joan den igandean”. Etzikoa izango da Ondarroaren denboraldiko azken estropada, eta uretatik kanpokoak ere ondo lotuta dauzkatela aitortu du zumaiarrak; bai iganderako eta bai astelehenerako, badaezpada ere.
Sasoi amaieran, “fresko”
Euskotren ligara igotzeko kanporaketak buruan, gizonezkoen ontziarekin ari dira zumaiarrak Kontxan. “Entrenamendu modura ere baliatu nahi ditugu bi igande hauek, traineru berrira egokitzeko, sentsazio onak izateko… Ahalik eta posturik onena lortzen saiatuko gara, baina kanporaketa ere badaukagu buruan”.
Urtero, “gogorra” joaten da arraun urtea, eta arraunlari askok uzteko borondatea izaten dute irailean; Aristik eta Urbietak aurten ez daukate halako asmorik. “Nik etapa guztiak pasatu ditut arraunean; titular izan naiz, ordezko, irabazi dut, galdu…”, hasi du azalpena Urbietak. “32 urte dauzkat, eta bizi proiektuak ere badauzkat buruan, baina beste urtebetez jarraituko dudala iruditzen zait”. Aristik esan du erabakia ez dela izaten arraunlariena soilik. “Entrenatzaileak ere zeresana izaten du, eta ikusiko dugu zer gertatuko den”.
Alde horretatik, denboraldia amaitu eta tarte bat hartzea gustatzen zaio beti Aristiri. “Beste gauza batzuk egin eta arraunaz pixka bat ahazteko. Baina denboraldian zehar hainbeste disfrutatuta, lehen aldiz Kontxan sartuta…”. “Fresko” amaitzen ari dira biak sasoia, “bukatzeko penarekin”.
Leave a Reply