K. Garralda Zubimendi
Goierri Fagota taldearentzat ikasturte berezia izango da hasi berri dena. Barrura begirako lanak alboratu gabe, kanpora begirakoei ekin diete. Ahalik eta jende gehien erakartzea da helburua. Izan ere, bereziki, Goierrin LGTBI komunitatearen sarea sendotzea eta espazio seguruak sortzea da Goierri Fagotaren jomuga, Beñat Mujika Arratibel taldekideak azaldu duenez. Joan den astean, taldea ezagutarazteko bilera irekia egin zuten Beasainen, eta datozen asteetan eskualdeko herri gehiagotan egiteko asmoa dute.
Joan den astean, elkar ezagutzeko jolasak egin zituzten, batetik, eta taldearen nondik norakoak aletu, bestetik. Antolatzaileek “gustura” bukatu zuten, dozena bat laguneko kuadrilla elkartu zelako. Bertan aldarrikatu zuten, besteak beste, herri eta eskualde txikietan badagoela LGTBI komunitatea. Mujikak azaldu du “ezkutuan” gelditzeko joera izaten dutela, ingurukoen erreakzioen beldur. “Ikasketengatik, gazte asko kanpora joaten dira: Donostiara, Bilbora, Madrilera…. Orduan aukera hori baliatzen dute sexualitatea naturaltasunez bizitzeko”. Baina hiri handietako sareen segurtasuna bertara ekarri nahi dute orain.
“Armairutik irteteko” traba bakarra zehaztea “zaila” dela aipatu du Mujikak, “bakoitzaren esperientziaren arabera egoera aldatu egiten delako. Ez da berdina gay, lesbiana edo transexual baten egoera; ez da berdina familiaren babesa izatea edo ez izatea; eskolan jazarpena sufritzea…”. Dena dela, askatasunez bizi ahal izateko kanpora joan beharraren patroia “errepikakorra” dela berretsi du. “Ea egunen batean ez dagoen horren beharrik”, opa du Mujikak.
Horretarako, esaterako, komunitatearen ikusgaitasuna landu dute orain arte. “Iazko ekainean, Lazkaoko talde feministak LGTBI komunitateko hainbat kideri proposatu zigun Harrotasunaren Egunean manifestazio bat egitea. Kartelak egin genituen, ortzadar bandera atera genuen, hitzaldi bat antolatu genuen…”, oroitu ditu hastapenak Mujikak. Han zen hura ere. “Taldea eratzen hasi ginen, baina seriotasun handirik gabe aurtengo maiatzera arte. Beasaingo festetan, txosnetan, lan egitea erabaki genuen. Aukera ona iruditu zitzaigun komunitatea ikusarazteko, baina horretarako serioago antolatu behar genuela jabetu ginen. Orduan sortu genuen Goierri Fagota izena, irudia, sare sozialak…”.
Salaketa egitasmoa
Bestelako hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Esaterako, zozketak, dibulgazio lanak eta salaketak. Lazkaoko Udalarekin izandako afera baten harira, pinkwashing-ari edo LGTBI komunitatearen bizkar probetxu ekonomikoa edo politikoa ateratzeari buruzko dibulgazio eta salaketa egitasmo bat ere jarri zuten martxan, sare sozialen bidez. “Oso ohikoa da”, kexatu ziren orduan, komunitateak pairatzen duen egoeraren seinale. “LGTBIQ+ komunitatearen auziekiko ematen den itxurakeriarekin oso kritikoak izan behar dugula gogorarazi nahi dugu. Urtean behin ostadartxo bat jarriz auziren bat etengo al da?”, galdetu du. Hitzaldi eta dibulgazio lan gehiago iragarri dituzte etorkizunerako, nahiz eta data zehatzik ez duten esku artean. “Asmo asko eta handiak ditugu. Ea zer egiteko aukera dugun”.
Talde eragilean dozena bat lagun dabiltzala zenbatu du Mujikak. 20 urteren bueltako gazteak dira, “gogoz eta ilusioz” betetakoak. “Aktibismoan ez dugu esperientzia handirik, hasiberriak gara, eta ez dugu ikasi honetarako, baina gogo eta ilusio handia dugu”, baieztatu du. Inguruan jende gehiagoren babesa dutela ere gaineratu du. “Goierrin, beste edonon bezala, homosexualak, transexualak, queerrak… egon badaude. Elkartzea eta antolatzea falta zaigu”.
Salaketak gora
Ertzaintzaren azken txostenaren arabera, gorroto delituek gora egin dute. 128 salaketa jaso zituzten iaz Gipuzkoan; hor daude sexu orientazioaren eta identitatearen aurka egindako erasoak. Azken alor horretako 25 salaketa jarri zituzten iaz, %20. Hau da, Gipuzkoan salatutako bost gorroto gertakarietatik bat LGTBI komunitatearen aurkakoa izan zen. Goierrin ere jarri zituzten salaketak: Zumarragan, Ormaiztegin, Lazkaon eta Beasainen.
Sexu askapenerako eragileen ustez, salaketen gorakadak bi arrazoi ditu gaur egun: alde batetik, kontzientzia handiagoa dagoela eta salatzeko joera nagusitzen ari dela; eta, beste alde batetik, batzuek komunitatearen askatasuna mugatu nahi dutela oraindik ere.
Leave a Reply