“Gure lanaren parte da zientzia kultura dela aldarrikatzea”

“Gure lanaren parte da zientzia kultura dela aldarrikatzea”

Irati Saizar Artola

Ingeniaritza ikasketak egin zituen Manex Urruzola Arratek (Tolosa, 1981), unibertsitatean irakasle lanetan ari da eta Elhuyarreko komunikazio zerbitzuen koordinatzailea da gaur egun. Maiatzetik, Galtzaundi euskara taldeko lehendakaria ere bada. Aisialdiaren zati bat, berriz, Tolosako Tolofolk jaialdia antolatzen pasatzen du.

Handitan zer izan nahi zenuela esaten zenuen umetan?

Umea nintzenean argi nuen astronauta izan nahi nuela, baina, handitu ahala, ez neukan oso argi; zalantzaz bete nintzen. Ingeniaritza aukeratu nuen, zientziako ikasketen barruan jakintza arlo asko bateratzen dituelako eta oso aplikatua delako.

Zientziak beti erakarri izan zaitu?

Bai, eta baita letren arloak ere. Zientziaren eta letren artean aukeratu behar hori beti iruditu izan zait xelebre samarra. Kultura bat da, eta zientziak eta letrak barne hartu beharko lituzke. Elhuyarren gure lanaren parte da zientzia kultura dela aldarrikatzea.

Ikasketak amaitu berritan egin zenuen lan mundurako saltoa?

Berehala hasi nintzen unibertsitatean irakasle, ordezkapen bat egiten. Pare bat urte egin nituen baita ere energia berriztagarrien multinazional batean, proiektuen kudeatzaile gisa. Horren ondoren etorri zen Elhuyarren aukera. Elhuyarrek iragarki bat atera zuen, irakaskuntzan eta enpresa munduan aritutako pertsona bat behar zutela adieraziz, eta horra aurkeztu nintzen. Hartu egin ninduten. Ia hamazazpi urte pasatu dira ordutik.

Zein da zure egitekoa Elhuyarren?

Gauza asko egitea tokatu izan zait orain artean. Oso erakunde dinamikoa da Elhuyar, eta betidanik elkarlanean aritzera ohituta dago. Azken hamar urte pasatxoan, adibidez, komunikazio zerbitzuetako koordinatzaile lanetan ari naiz. Euskal Herriko bertako eta Europako ikerketa proiektuen zabalkundea egiten dugu gure lan unitatean, hizkuntza eta kanal guztietan.

Hara eta hona ibiltzeko aukera ematen dizu horrek?

Bai, asko bidaiatzen dut. Irailean, Poloniara joango gara, Krakoviara; urrian, berriz ere, Poloniara joango gara, baina beste proiektu batekin, Breslaviara; azaroan, Alemaniara, Munsterrera; eta urtarrilean, Ugandara.

Beste herrialdeetara bidaiatzeak hizkuntzak menderatzea ere eskatuko du, ezta?

Oso aberasgarria da hori. Egunero euskaraz eta ingelesez egiten dut lan. Elhuyarren egoitzan bertan euskaraz aritzen naiz; Europako proiektuetan, lanaldiaren erdia izan daitekeenean, guztia ingelesez egiten dut, eta, noizean behin, Euskal Herriko ikerketa zentroen komunikazioa egiten dugunez, gehienetan euskaraz aritzen bagara ere, gaztelaniaz egitea ere tokatzen zaigu.

Zer-nolako erakundea da Elhuyar?

Oraintxe bertan, ehun pertsonako lantaldea gara, bost unitatetan banatuta. Zientziaren dibulgazioa egiten dugu: Teknopolis telebista saioa, Elhuyar aldizkaria, irratiko programak, gazteentzako dibulgazio proiektuak… Adimen artifizialaren unitatea ere badaukagu hizkuntzan; azken urteetan sekulako txanpa hartu duen eremua da hori, eta euskarari ingurumen digitalean zerbitzua ematen dioten punta-puntako proiektuak lantzen ditugu hor. Hizkuntza teknologia unitatea da bestea; agian, jende askorentzat, Elhuyar hiztegiak bakarrik dira, nahiz eta hiztegiak baino askoz gehiago izan. Baina hiztegiak ere badira, eta bestelako hizkuntza teknologien garapena ere lantzen dugu. Laugarren unitatea aholkularitzarena da, euskara eta berdintasun planak lantzeko, enpresa eta erakundeetan. Eta, azkenik, nire esparrua dago: komunikazio zerbitzuena.

Adar asko ditu, beraz. Ikasteko ere leku aproposa da?

Niretzat zuri-beltzeko lan mundutik koloretako lan mundura pasatzearen parekoa izan zen multinazional eta industria mundu hutsetik Elhuyarrera etortzea, eta ez naiz inoiz damutu.

Ibilbide horretan hainbat eta hainbat sari ere jaso dituzue…

Zorionez, sari mordo bat lortu ditugu, bai. Elhuyarren egoitza nagusiaren sarreran bitrina bat daukagu, jasotako sariak bertan erakusteko, eta aspaldi geratu zitzaigun txiki. Sariak jaso ditugu egiten dugun zientzia dibulgazioarengatik, aldizkariarengatik, irrati saioengatik, eta Teknopolis saioak berak ere sari asko jaso ditu. Elhuyarrek 50. urteurrena bete zuen duela gutxi, eta, egia esan, testuinguru horretan, pribilegio bat izan zen Elhuyarren parte eta koordinazio guneko kide izatea. Erakunde asko gogoratu ziren gurekin, eta sari asko jasotzea egokitu zitzaigun.

MANEX URRUZOLA ARRATE

Zientzia jaialdietan. Passion for Knowledge 2016 nazioarteko zientzia jaialdiaren antolatzaileak, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Irudian, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektore ohia, Itziar Otegi Nanoguneko komunikazio arduraduna, Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendaria, Nora Gonzalez DIPCko komunikazio arduraduna, Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidentea, Amaia Arregi DIPCko komunikazio arloko kidea eta Manex Urruzola.

Aitortza hori ere lanaren parte izango da…

Oso gustura egiten da lan hori. Bestela ere gustura egiten dut egiten dudana; lanaren parterik arinena da sariena.

Elhuyarreko lana irakaskuntzarekin ere uztartzen duzu zuk.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Ingeniaritza fakultatean aritzen naiz eskolak ematen. 2. mailako ikasleekin aritzen naiz, ingeniaritza euskaraz ikastea erabaki dutenekin. Talde bat izaten dut, irailetik ekainera bitartean. Oso gustura egiten dut lan hori ere; esker oneko lana da, eta klaseetan oso ondo pasatzen dut. Pribilegioa da niri betidanik gustatu izan zaidan hori 20 urterekin euskaraz ikastea erabaki dutenei irakastea.

Ingeniaritza ikasi, multinazional batean aritu, unibertsitateko irakasle izan, Elhuyarren lan egin…

Gustuko lekuan ez da aldaparik izaten. Dena gustura egiten denean, hala gertatzen da. Elhuyarren zientziaren zabalkundea egiten dugu eta unibertsitatean ere halaxe egiten dut. Beste lengoaia batean, publiko desberdinarentzat eta kanal desberdinetan, baina oinarrian antza izan dezakete bi arloek. Egiten dudana egiten dudala, ondo pasatzen saiatzen naiz beti, nor bere burua serioegi ez hartzen eta umorerik ez galtzen.

Sagardoa bidegile dokumentala ere egin zenuen 2015ean. Nolako esperientzia izan zen?

Elhuyar oso erakunde dinamikoa da, eta, inguruko aldagaien arabera, proiektu ezberdinetan sartu izan gara. Garai hartan, Teknopolis-eko lantaldeko kide batzuek bazuten telebistako programatik dokumentalen mundura salto bat emateko asmoa, eta ekoizle exekutibo figuran sartu nintzen sagardoaren inguruko dokumentalean. Ekoizleak lortu, baliabideak jarri eta dokumentala aurrera eramateko bestelako lan batzuk hartu nituen neure gain. Oso prozesu interesgarria izan zen; batez ere, dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatzea lortu genuelako. Donostiako Sagardo Egunean omenaldia ere egin zioten dokumentalari.

Aisialdian, herriari eskaintzen diozu zure denboraren zati bat bat, Tolosan egiten duten Tolofolk jaialdiko antolatzaileetako bat ere bazarelako.

Duela lau urte sortu genuen Tolofolk. Lau lagun elkartu ginen, eta ideia zoro bat genuen buruan; udalari proposatu eta ostikoka bota ez gintuztenez, laugarren jaialdia prestatzen ari gara dagoeneko. Herriari eskaintzen diogun jaialdi bat da eta guztiz modu boluntarioan egiten dugu. Lau lagunak oso-oso desberdinak gara geure artean, baina oso ondo konpontzen gara; hori da gakoa.

Nolako jaialdia da Tolofolk?

Arlo ezberdinak lantzen saiatzen gara. Kanpoko talde on bat ekartzen saiatzen gara jaialdiko egun batean, baina etxekoak ere zaintzen ditugu beti. Kataluniar batzuek esan ziguten oso jaialdi eklektikoa antolatzen genuela, eta, egia esan, ez daukagu bestelako loturarik, ez daukagu morrontzarik. Ondo pasatzeko eta herriari eskaintzeko egiten dugu guk Tolofolk, eta ondo pasatzen ez dugun egunean antolatzeari utziko diogu.

Orain gutxi, Tolosaldeko Galtzaundi euskara taldeko lehendakari izendatu zaituzte.

Lau urtez Kike Amonarriz izan da lehendakaria, eta hura etorri zitzaidan proposamenarekin. Zaila da Amonarrizi ezetz esatea, eta are zailagoa bera ordezka daitekeela sinistea. Trantsizioa oso interesgarria eta atsegina izaten ari da.

Kasu horretan, zein da zure egitekoa?

Eskualdeko euskaltzaleen elkargunea da Galtzaundi, Tolosaldean euskara normalizatzea helburu duena. Proiektu erabat kolektiboa da, eta osagai ezin hobeak ditu bere jarduera arrakasta osoz aurrera eramateko, lehendakaria halamoduzkoa izanda ere. Bostehun bazkide ditu, eta beste hainbeste lortzeko anbizioa daukagu. Momentuan, bost pertsona ditu liberatuak, lantalde motibatu eta eraginkorra osatuz. Zuzendaritza konprometitua eta boluntario talde eraginkorra du. Bostehun bazkide horien ordezkari izatea da lehendakariaren figura.

Saltsa askotan parte hartzen duen horietakoa zara, ezta?

Ez da aktiboki bilatu dudan zerbait; hala gertatu da, eta gustura nago. Galtzaundiko lehendakaritza eskaintzera etorri zitzaizkidanean esan nien denbora libre gutxi nuela, eta erantzun zidaten jende okupatua nahiago zutela postu horretarako. Ezetz esateko aitzakia hori ere baliorik gabe geratu zitzaidan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.