Iñaki Martinez de Luna: “Sentimendu positiboekin lotzen dute euskara”

Iñaki Martinez de Luna: “Sentimendu positiboekin lotzen dute euskara”

J. Arruabarrena

Soziologian doktorea eta Euskaltzain urgazlea da, besteak beste, Iñaki Martinez de Luna (Gasteiz, 1950). Etorkinak diren herritarrek euskararekiko duten jarrera aztertu du, eta horren inguruko saio bat gidatu zuen atzo EHUko Udako Ikastaroetan, Donostian.

Kanpotik datozen pertsonetatik zenbatek ikasten dute euskara?

Zerbait dakitenak %20 inguru dira, eta ondo dakitenak, %6.

Zergatik gertatzen da hori?

Batetik, ingurune soziolinguistikoak eragiten du horretan. Eremu euskaldunetan ibiltzen direnek, hurbiltasun handiagoa zein motibazio eta aukera handiagoak izaten dituzte ikasteko. 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan bizi direnek premia, gogoa eta atxikimendu altuagoa dauzkate. Aldiz, udalerri handi edo hiriburuetan asko apaltzen dira sentimendu horiek. Bestalde, ikasketak burutzeko orduan, euskaraz egiteko aukera eskura izateak ere nabarmen eragiten du.

Zer jarrera dute etorkinek euskararekiko?

Oro har, sentimendu positiboekin lotzen duten hizkuntza da. Harriduraz hartzen dute horrelako hizkuntza bat izatea Europan, euskararen berririk normalean ez dutelako izaten etorri aurretik.

Euskara jakiteko premia sentitzen dute?

Hemen bizitzeko lagungarria dela aitortzen dute, baina ez dute premia nabarmenik sentitzen. Erdaraz bizitzea posible da, eta erosoa da, gainera; askotan, euskaraz bizitzea baino erosoagoa. Beraz, euskara ezinbestekoa zaie beraien bizitzetan? Ez. Hala ere, umeengan oso beharrezko ikusten dute euskara. Pentsatzen dute euskara jakiteak aukerak emango dizkiela beraien seme-alabei.

Jarrera aldatzen da euskara derrigorrezko bihurtzen denean?

Kasu horretan, buelta ematen zaio euskararen inguruan adierazten duten aldeko jarrerari edo gogoari. Maila kulturalean ondo baloratzen dute hizkuntza, interesgarria egiten zaie, baina jarrera horrek ez du helduleku sendorik. Derrigorra bada eta haiek, horren ondorioz, kaltetuta irteten badira, atzera egiten dute.

Ikuspegi antiarrazista txertatu duzue ikertzerako orduan?

Ez. Etorkinei bakarrik egindako ikerketa da, eta, beraz, beraien arteko arrazakeriarik ez dago.

Ezberdintasunak aurkitu dituzue generoaren aldetik?

Ez, erantzunetan ez dago ezberdintasun handirik.

Zeintzuk dira pertsona horiek euskarara hurbiltzeko gakoak?

Zubiak eraikitzea. Guk eman behar dugu pauso bat haiengana hurbiltzeko. Askotan etorkinei buruzko topikoetan geratzen gara, eta pertsona horiek gertutik ezagutzean, topiko horiek desegin egiten dira. Egoera okerrenean daudenak haiek dira, ez gu. Beraz, ahaleginik handiena guk egin beharko genuke. Euskaldunok badaukagu horretan eskarmentua. Aurreko mendeko 60-70eko hamarkadetan, Espainiako Estatuko hainbat lekutatik jendea etorri zitzaigun. Erdaldun petoak ziren, eta gaur egun haien seme-alabak erabat integratuta daude.

Leave a Reply

Your email address will not be published.