Jone Arruabarrena
Josetxu Riviere arrasatearra da, eta etxean jaio behar zuen, baina gurasoen teilatupetik 594 kilometrora jaio zen: Terrassan (Herrialde Katalanak), duela 85 urte. Amak gerora esan zion abenduaren 2an jaio zela. Terrassako erregistroak, ordea, ez dio gauza bera: Riviereren urtebetetzea abenduaren 4an dela ageri da dokumentuan. Hori gutxi ez, eta bi aldiz bataiatu zuten umea: Terrassan lehendabizi, Bilbon gero. Badauka arrazoi bat haren etorrera aldrebestuak, beste milaka bizitza aldrebestu zituen bera: 36ko guda. Gerrako ume modura izan zituen bizipenak kontatu zituen astelehenean Rivierek Arrasaten, Intxorta 1937 elkartearen Egiarekin Topaketen barruan, Children of ’37 Association UK elkartearekin batera antolatutako gerrako umeen bilkuran.
Frantziako Estatuko hegoaldetik ihes egin zuen Riviereren amak, ahizparekin, tropa faxistek Arrasate hartu zutenean, haurdun zegoela. “Handik Bartzelonara joan behar izan zuten, eta hara heltzeko eguneko azken trena hartzekotan zeudela, polizia batek ez zien pasatzen utzi. Orduan, amak zaplazteko bat eman, eta paretik kendu zuen agentea. Igo ziren trenera azkenean”, kontatu du Rivierek, emozioak gain hartu dion bitartean.
Argazki bat ere ekarri du: ama eta biak ageri dira bertan. Irudia eskanerretik pasatzeko baimena eskatu dio Judith Martinezek. “Bai, baina gero bueltan eman beharko didazu, e?”, erantzun dio Rivierek. Artista da Martinez, eta argazkilaritza teknika ezberdinak erabiltzen ditu kontakizun bisualak sortzeko: “Australian bizi naiz, baina nire gurasoak espainiarrak dira, eta bertara migratu zuten”. Memoriari eta artxiboetan aurkitutako irudi eta objektuen erabilerari buruzko teoriak aztertzen ditu bere lanaren bidez, eta gerrako umeen bizipenekin eta irudiekin lanean dabil orain. Monica Jatok eta biek dinamizatu zuten saioa. Birminghamgo Unibertsitateko katedraduna da Jato, eta gerrako umeen esperientziak bildu eta ikertzen dabil hura ere.
Emilio Truchuelok 95 urte ditu, eta gerrako ume gisa izan zuen esperientziaren adierazgarri diren argazki, ebakin eta dokumentu mordoa ekarri ditu, ondo artxibatu eta ordenatuta. Ikertzaileek ikus dezaten ekarri ditu. Andoaindarra da, eta Donostiara alde egin zuen lau anaiarekin eta gurasoekin gerra hasi zenean. Gerrak eztanda egin zuenetik ia mende bat pasatu den arren, xehetasun guztiekin gogoratzen du bizitakoa: Donostian zeudela, Loiolako kuartelera tiro egiten zuten frankisten barkuen metraila hotsa gogoan du, baita ondoren Zarautzera ihes egin zutenean Eguzki hotelean hartzen zuen kafesnearen zaporea ere— “inoiz probatu dudan onena”—. Bilbora joan zen handik, eta gaur egun El Corte Ingles saltokia dagoen eraikinean egiten zuen lo, familiarekin. Frantziara bidali aurretik, ile apaindegira eraman zituen umeak amak. Bertan entzun zuen Donostiako egonalditik gogoan zeukan soinu bera; Bilbo metrailaz bonbardatu zuten lehen aldia zen. Habana itsasontzian bete zituen 9 urte Truchuelok, ekainaren 9an. Paris ondoko herri batean hartu zituzten haren bi anai-arreba eta hirurak. Han egon ziren 1939an Euskal Herrira bueltatu arte, eta goxo oroitzen du egonaldia: “Ez zitzaigun ezer falta”. Hendaiara (Lapurdi) egin zuen buelta, maletan kazetari frantses batek bere istorioari buruz egunkari batean idatzitako artikulu bat zekarrela. Hori ez du ekarri, ordea: “Bidasoa ibaira bota nuen iritsi bezain laster. Beldur nintzen frankistek irakurriko ote zuten. Artikuluan jartzen zuen nire familia ezkertiarra zela, eta hori arriskutsua zen”.
Marina Timofevak ez du objekturik ekarri, baina bai oroitzapen ugari. Errusiarrak zituen gurasoak, eta Errusiak Espainian zeukan enbaxadan lan egiten zuten, frankistak altxatu arte. Sobietar Batasunera ihes egin zuen, 10 urte zituela, gurasoekin. Stalingraden ezagutu zuen urte batzuk geroago bere senarra izango zena; gizonak ere Euskal Herritik ihes egin zuen. Biak bueltatu ziren Bergarara, 1956an, senarraren jaioterrira, Timofevak 20 urte zituela: “Gogorra egin zitzaidan hona ohitzea. Ez nekien euskaraz hitz egiten, baina denborarekin ikasi nituen hitz batzuk”. Orduz geroztik Bergaran bizi da.
Adi-adi entzun dituzte guztiek batak bestearen kontakizunak; gehiago oroitu dute batzuek, oroitzapenak bidean galdu zaizkie beste batzuei. Txalo zaparrada batekin bukatu dute bilkura.
Leave a Reply