Plaza bat musikarako

Plaza bat musikarako

Unai Zubeldia

Elorrioko (Bizkaia) Musikaire musika zikloa ispilu gisa hartuta jaio zen Eskoriatzako Errekan Gora jaialdia, 2008an. “Gustatu egin zitzaigun haien ideia”, aitortu du Iñaki Kortazar Eskoriatzako Errekan Gora musika jaialdiaren antolatzaileak: “Uztaileko asteburuak, hainbat gune, denetariko saioak…”. Hasieratik, Atxorrotx kultur elkarteak hartu zuen bere gain antolaketa lan guztia —110 bazkide inguru dauzka—, udalaren laguntzarekin. Hamabost urte beteko ditu aurten Eskoriatzako musika jaialdiak, eta zazpi kontzertu izango dira igandera bitartean: Kokein (gaur), Irati Etxebarrieta, Pasadena, Broken Brothers Brass Band, Xiberoots (bihar), Arrasate Musikal Big Band eta Nevadah (igandean). Herriko plazan izango dira emanaldi guztiak, eta ez da sarrerarik ordaindu beharko.

Uztaileko asteburu guztietan eta herriko hainbat txokotan egin izan zuten jaialdia 2020ra arte, COVID-19aren pandemiak dena hankaz gora jarri zuen arte. “Pandemiaren ondoren, dena gune batean bateratzea erabaki genuen, segurtasunagatik. Herriko plaza aukeratu genuen, eta oso ondo erantzun zuen jendeak”. Emaitzarekin erabat gustura zeudenez, egitura horri eustea erabaki zuten antolatzaileek, eta Eskoriatzako herriko plaza musikarako oholtza erraldoi bihurtuko dute gaurtik igandera ere, euskarari lehentasuna emanda.

Azken urteotan, aldaketa

Beste kultur diziplina batzuei ere tokia egin izan die Errekan Gora jaialdiak urteotan —antzerkiari, esaterako—, baina antolatzaileek ohiko musika jaialdia lehenetsi dute azken hiru urteotan —”lauzpabost lagunek” osatzen dute egun Eskoriatzako Atxorrotx kultur elkartearen zuzendaritza—. Dena den, gaur bertan, esaterako, 20:00etatik aurrera, baserriko hanburgesak jateko aukera egongo da herriko plazan. Besteak beste, herriko kultur eskaintza begirada askotarikoago batetik osatzea, herrigintzan eragitea eta ohikoak ez diren ikuskizunak herritarrei gerturatzea daude Errekan Gora jaialdiaren oinarrian.

Kortazarrek azaldu du Mikel Irizar elorriarra aritu zitzaiela laguntzen lehen urteetan. “Hark esaten zigun errekan behera beti egoten direla itsaso garbiak, bat eta beste, baina errekan gora iturri garbiak, paradisu gordeak, tribu ezezagunak… egoten direla”. Errekan gora joanda, herri txiki bat da Eskoriatza. “Unibertsitate hiri bat da gurea, munduko unibertsitate hirietan txikiena, ziurrenik, eta, errekan gora ere gauza politak topatzen direnez, gustatu egin zitzaigun izen hori”.

Errekan Gora jaialdiak badauka berezkoa duen beste ezaugarri bat: “Jaialdian beti saiatzen gara emakumeak lehen lerroan jartzen, emakume musikariei garrantzia ematen”. Oholtza herriko plazan jartzeak, gainera, aukera ematen die hainbat musika diziplina biltzeko. “Umeak, gazteak, punk kultura maite dutenak, heavy zaleak, amonak… denak elkartzen dira herriko plazan, eta denen gustukoa izan daitekeen musika jartzen saiatzen gara”. Jaialdia ez daukate mugatuta Euskal Herriko taldeetara. “Ekarri izan ditugu nazioarteko taldeak”, gogoratu du Kortazarrek. 2008an bertan, adibidez, lehen urtean, Fado em Si Bemol (Portugal) eta Teatrino dei Piedi (Italia) taldeak izan ziren Eskoriatzan.

Baina antolatzaile taldeko kideak onartu du “Euskolabel jaialdia” egiten saiatzen ari direla azken urteotan. Iaz, esaterako, Euskal Herrikoak izan ziren talde guztiak: Liher, Anari, Kinbonbo Brass Band, Neomak, Erromintxelak eta The Riff Trukers.

Gazteenentzat aukera

Berritasun gisa, duela bi urte Zedemontre musika lehiaketa antolatzen hasi ziren Eskoriatzan. “Aurten erabaki dugu lehiaketa horretako talde edo bakarlari irabazleari gure jaialdiko plaza bat eskaintzea”. Irati Etxebarrieta eskoriatzarra izan da irabazlea aurten, eta bihar 12:00etan izango du aukera herritarren aurrean kantatzeko. “Gazteenentzat ere handia da horrelako taldeen ondoan aritzeko aukera izatea”.

Horrez gain, urtean zehar Atxorrotx kultur elkarteak “kontzertu pila bat” antolatzen du Eskoriatzako Inkernu tabernan, eta, zirkuitu horren barruan, DJ Loro ariko da gaur (20:00) eta bihar (00:00) Inkernu tabernaren kanpoaldean.

Nahi zuten horretatik “pixka bat urrunago joanda”, “nahiko pout-pourri polita” antolatu dutela uste du Kortazarrek, eta musika zale guztiei gonbita bidali die Eskoriatzara joateko. “Egunpasa etortzeko aitzakia polita izan daiteke, ekimen asko dauzkagulako prestatuta”. Iaz, adibidez, Neomak ikustera “jende pila bat” joan zela gogoratu du Kortazarrek. “Baina handia da herriko plaza eta nahiko toki badago”.

Eskualde guztian musika arloan “nahiko aberats” dabiltzala uste du Errekan Gora musika jaialdiaren antolatzaileak. “Musika talde asko daude Bergara eta Arrasate inguruan, baina egia da Eskoriatzan bertan nahiko triste gabiltzala. Ea horrelako jaialdiekin jendea animatzen eta taldeak sortzen hasten diren”.

Lauzpabost urtez behin Eskoriatzako Aitzorrotz mendira igotzeko ohitura izaten dute hainbatek, eta han kontzertu bat antolatzekoa. “Bizardunak taldearena izan zen lehen kontzertua [2010ean]; 700-800 lagun igo ziren oinez goraino, eta izugarria izan zen”. Hurrengo urterako lanean ari dira jada.

Leave a Reply

Your email address will not be published.