Jone Arruabarrena
Nola kudeatu kulturartekotasuna euskarazko eremuak mantenduta? Nola komunikatu eskolan guraso euskaldun eta ez-euskaldunen artean euskara bazterrean utzi gabe? Azken finean: nola aurre egin eskola eremu euskaldun bat mantendu, baina, era berean, kulturen arteko elkarbizitza sustatzeko erronkari? Korapilo hori askatu nahian jarri du martxan UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak kulturartekotasuna eta euskara uztartzen dituen egitasmoa.
Hizkuntzaren erabilera eta kontzientziazioa bilatu nahi du programak, eta, era berean, kultura eta hizkuntza desberdinak dauzkaten herritarren parte hartzea sustatu. Huhezi Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin elkarlanean egin du ekimena UEMAk,eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin zabaldu. Zaldibian jarri zuten martxan, 2021-2022 ikasturtean. Aizarnazabalen, Ibarran, Leitzan (Nafarroa) eta Ondarroan (Bizkaia) ere egin zuten proba iaz, eta, ikasturte honetan, berriz, Alegia, Arbizu (Nafarroa), Areatza (Bizkaia), Asteasu, Azpeitia, Bera (Nafarroa), Itsasondo, Legorreta, Lizartza, Markina-Xemein (Bizkaia), Mutriku, Oñati eta Orion landuko dute. “Argi daukagu atzerapausorik ezin dugula eman euskararen erabileran, baina, aldi berean, ezinbestekoa da beste herrialde batzuetatik datozen familia berriekin komunikazioa bermatzea eta kultura ezberdinetako jendearen arteko harremanak eraikitzea”. Horrela azaldu du ekimena abiatzeko arrazoia Maialen Zuazo UEMAko kide eta egitasmoaren arduradunak. Hark esan duenez, azken urteetan “errepikatzen diren gatazka batzuk” identifikatu dituzte gai horren bueltan: “Geroz eta gehiago dira jatorri atzerritarreko gurasoak dauzkaten familiak, eta ikusi genuen arazoak sortzen ari zirela eskoletan hizkuntza kudeaketari edo guraso horien parte hartzeari dagokionez”.
UEMAk Azpeitian aurkeztu zuen egitasmoaren hedapena, irailaren 6an, eta, han azaldu zutenez, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeaz gain, euskaraz ez dakiten gurasoen ulermena eta parte hartzea bermatu nahi dute, haien seme-alaben integrazioa helburu hartuta. Euskaraz dakiten eta ez dakiten gurasoen artean harremanak sendotzea da proiektuarekin lortu nahi duten beste mugarrietako bat, eta, era berean, atzerritar jatorriko familien hizkuntzak kontuan izatea.
Malgutasuna
Dena den, arduradunek azpimarratu dute herri bakoitzean egoera ezberdina dela, eta, beraz, horren arabera egokitu beharko dutela proiektua zentro bakoitzean eraginkorra izan dadin, baina beti ere “marko teoriko bera” oinarri hartuta: “Denok ados egon behar dugu oinarri filosofiko batekin. Problematizazioan bat egiten badugu, gero errazagoa izango da horri irtenbide bat ematea”, dio Zuazok. Gurasoen artean ere “oinarrizko ideiak” eta “espazioak” partekatuta, hainbat baliabide sortu dituztela ere azaldu du: “Izugarrizko aldaketak ikusi ditugu gurasoen arteko harremanetan. Herri askotan, egitasmoa sortu aurretik, ez zegoen apenas harremanik guraso batzuen eta besteen artean. Are gehiago, ez zituzten herriko espazioak partekatzen”. Komunikaziorako tresna diferenteak sortu dituzte udalerri bakoitzean, baina horietako batzuen adibideak eman ditu Zuazok. Esaterako, gurasoen artean egiten diren bileretan aldibereko itzulpena modu errazean egiten dute orain, aplikazio baten bidez. Whats App aplikazioko taldeak egin beharrean, Telegram aplikazioa erabiltzea izan da beste konponbideetako bat: “Telegramek euskara hutsean idatzitako edozein testu bakoitzak bere hizkuntzara oso modu errazean itzultzeko aukera ematen du”. Hala ere, azpimarratu du baliabide horiek “tresnak” besterik ez direla, eta “prozesua bera” dela garrantzitsuena benetako aldaketak ematerako orduan.
Prozesua abiatzeko, eskola bakoitzean talde eragile bat sortu dute: proiektua prestatu eta bideratzeaz arduratzen da. Zuzendaritzako kide batek, irakasleen ordezkari batek, udaleko kide batek, UEMAko teknikariak eta guraso batzuek osatu ohi dute taldea. Horrekin lotuta, Zuazok nabarmendu du kulturartekotasuna ardatz duen egitasmoa izaki, ezinbestekoa izan dela “jatorri atzerritarreko gurasoen parte hartzea” bermatzea, eta ez soilik parte hartzaile gisa, baita proiektua garatzeko prozesuan ere: “Haien ikuspuntua zein zen jakin nahi genuen, hizkuntzaren kudeaketa hori nola bizi duten jakitea. Oso emankorrak izan dira egindako bilerak esperientzia horiek partekatzeko”.
Guraso batzuek euskaraz dakite, eta beste batzuek, ez. Hori, ordea, ez da izan parte hartzea bermatzeko oztopo: “Talde eragileko bilera luze asko xuxurlariekin egin behar izan ditugu, baina, hala ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu haiek hor egotea”.
Arrazakeriarekin lotutako problematikak ere identifikatu dituzte prozesuan zehar, eta horiei erantzuten ikasteko “lanean” dabiltzala baieztatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideak: “Esaterako, Zaldibian egindako prozesutik irtendako irakaspenetako bat izan zen jatorri atzerritarreko gurasoak dauzkan ume bat herrian euskaraz bizi arren, jendeak gaztelaniaz hitz egiten diola bere azal koloreagatik”. Besteak beste, iragarri du kanpaina bat sortzen dabiltzala mota horretako arazoen inguruan.
“Bidea egiten”
Zuazok nabarmendu du ez dela proiektu “erraza”: “Desadostasunak eta mesfidantzazko egoerak sortzen dira, oso gai delikatuak lantzen direlako”. Baina, hain zuzen, deritzo horregatik proiektua “beharrezkoa” dela: “Erantzun bat behar zuen errealitate berri baten aurrean ikusi genuen geure burua, eta pixkanaka ari gara bidea egiten, gauza berriak frogatuta”.
Orain arte ezarritako herrietan “harrera oso ona” izan duela adierazi du Zuazok, eta orain, hezkuntzatik harago doazen esparruetara zabaltzeko asmoa ere erakutsi du UEMAk. Arduradunak adierazi duenez, “modu natural batean” hasi da proiektua zabaltzen: “Hasieran, eskoletan jarri genuen fokua, ikusi genuelako premia handiena bertan zegoela, baina badakigu hezkuntza zentroak direla herriko edo gizarteko errealitatearen isla, eskoletan egon daitezkeen gatazka edo egonezinak herri mailan ere errepikatzen direla normalean”.
Hori kontuan izanda, eskoletan landutakoek jarraipena izan dute udalean zein herriko eragile eta elkarteetan, eta horietan ere zenbait lanketa eta aldaketa egiten hasiak dira. Bide horretatik, Azpeitian eta Markina-Xemeinen hezkuntza komunitate osoa bilduko duen proiektu pilotu bat jarri dute martxan UEMAk eta Huhezik. Herriko eskola guztiak ari dira egitasmoan parte hartzen, baita herriko hainbat eragile ere. “Horiek denak, aldi berean eta hasieratik, gainera. Beraz, beste dimentsio bat hartu duen proiektu bat litzateke”, dio Zuazok.
Leave a Reply