Ihintza Elustondo
Hernio oso leku ederra dela dio Txaro Irulegik (Errezil, 1962), oso maitea duela. Hain justu, Herniopeko baserri batekoa da, eta atarira irten eta pare-parean ikusten du gailurra. Hitz egiteko eran nabari zaio mendia maite duela, are gehiago Hernio ingurua, eta gaur egun Errezildik Azpeitira aldatu badu ere bizitokia, ez da hainbeste urrundu hain maitea duen lekutik. Zelatungo Agirretxe bordan ematen ditu asteburuak, mendi buelta bat ematera joaten direnei pintxoak eta edariak banatzen. Erromeria sasoia dute orain; irailean, igandero entzun ahal izango dira Zelatunen trikiti doinuak. Agirretxe bordaren nahiz Antonioren bordaren artean antolatu ohi dituzte saioak.
Nola iritsi zara Hernio etxe aurrean ikustetik Hernioren magaleko bordara?
Gure familiak izan du Agirretxe bordaren ardura beti. Aitona-amonengandik hasi, eta aitak eta amak ere lan egiten zuten han. Gaur egun, amak 92 urte ditu, eta senideen artean daramagu bordaren ardura, familiako kide gehiagoren laguntzarekin, seme-alaben inplikazioarekin eta denen babesarekin. Ahal dugun ondoen moldatzen gara.
Zer berezitasun dauka bordak?
Familiatik datorkigun zerbait da; etxean txiki-txikitatik bizi izan duguna da. Belaunaldiz belaunaldi transmitituz joan da, eta horrek egiten du berezi.
Hain etxeko kontua izanda, arraroa egingo zaizu zure bizimodua borda gabe irudikatzea…
Momentu batzuetan, bai, oso neurea sentitzen dudalako, eta beste batzuetan, berriz, gustura hartuko nuke atseden pixka bat. Oso lotua da bordako lana. Senideon ogibidea ez da bordako jarduna, beste lan batzuk ditugu; asteburuetan aritzen gara han.
Alde txarrena izango da lotura hori. Baina alde onak ere izango ditu, ezta?
Bai, noski. Poz handiak ere ematen ditu. Jende pila bat ezagutzeko aukera ematen du, anekdota pila bat entzun eta bizi izan ditugu, bertara etortzen direnekin harreman berezia sortzen da… Horrek guztiak goxatzen ditu alde txarrenak.
Noiztik aritzen zara bordan lanean?
Haurra nintzela hasi nintzen. Gogoratzen naiz neska koskorra nintzela ez zegoela Zelatunera igotzeko errepiderik; zaldiarekin, astoarekin edo ahal zen moduan joaten ginen. Eta oinez ere bai etxetik. Bizi guztian joan izan naiz Zelatunera. Gero, ezkondu, familia izan, eta pixka bat aldendu nintzen bordako lanetik. Orduan beste senide batzuk aritu ziren gehiago, eta umeak koskortu zirenean itzuli nintzen ni berriz. Egoerara moldatu izan gara beti. Baina 8-9 urterekin-edo hasiko nintzen bordara joaten.
Zer oroitzapen dauzkazu? Zertan laguntzen zenuen bordan?
Lagundu ez dakit, enbarazu gehiago egingo nuen adin horrekin, seguru!… Dena aldatu da; ez daukate zerikusirik gaurko Zelatunek eta gure haurtzarokoak. Gu Ostiral Santu egunean, iraileko igandeetan eta Hispanitatearen Egunean [urriak 12] joaten ginen Zelatunera, egun jakinetan bakarrik, ez orain bezala. Azken egun hori bereziki esanguratsua izan da, hortik aurrera hasten zelako ehiza garaia.
Noiz zabaltzen duzue borda?
Urte guztian zehar, asteburuetan eta jaiegunetan. Baina euria edo ekaitza emanda dagoenean, ez gara joaten, ezta elurra dagoenean ere. Zelatunen bi txabola daude, eta beste bordakoek egunero zabaltzen dute, eguraldi ona ala txarra egin. Beraz, badakigu zerbitzua bermatuta izango duela jendeak, eta, halakoetan, ez dugu irekitzen gure borda.
Nongo jendea bertaratu ohi da?
Denetik izaten dugu. Gero eta gehiago bertaratu ohi da kanpoko jendea. Lehen, inguruko mendizaleak izaten ziren gehienak, baina orain, toki eta era askotako jendea joaten da.
Tokatu al zaizu euskara ez den beste hizkuntza batzuetan hitz egin behar izatea?
Bai! Eta nahikoa lan izaten dugu halakoetan. Gazteak gurekin daudenean, moldatzen gara, baina falta direnean… Ahal den bezala moldatu behar izaten dugu. Baina, tira, euskara jakin ala ez, inor ez da joaten otordu on bat egin gabe; gosea tartean denean, nola edo hala komunikatzen gara!
Zeu mendizalea al zara? Askotan igotzen al zara Herniora?
Nik nahi adina ez dut zapaltzen Hernio, baina oso mendizalea naiz. Azpeitiko Lagun Onak mendi bazkunarekin ibilaldi ugaritan parte hartu izan dut. Aurten ere udan trekking bat egin nahi nuen haiekin, baina, lana zela eta, ezin izan naiz joan. Hala ere, joaten naiz Arauntzara, Sañoara, Xoxotera… Saiatzen naiz mendiaz gozatzen tarte bat dudanean.
Irailean erromeria denboraldia izan ohi da Zelatunen. Gustatzen al zaizu urteko sasoi hori?
Niretzat, ez da denboraldirik ederrena. Nahiago dut igande normal bat, lasaiago egoten garelako. Jende pilaketa handia egoten da garai honetan, eta itogarri samarra izaten da.
Bisitarientzako bai sasoi ederra, ezta?
Hori da. Jendeak esaten du: “Zer leku ederra, zeinen ederki gauden!”. Barratik kanpora bai, leku zoragarria da. Aste barruan ere, iluntzeetan, ederki egoten da, bake-bakean.
Erromeriak gustuko al dituzu?
Bai, gustatzen zaizkit. Geurea den zerbait da trikitia, eta gustuko dut. Ez naiz izan erromerien aitzakian hara eta hona mugitzekoa, baina, parean tokatuz gero, gustura egoten naiz begira. Herrietako plazetan trikitia dantzatu izan dut batzuetan, eta Zelatunen ere, ahal baldin badut behintzat, bai.
Lanak bukatzean…
Pare bat pieza dantzatzea gustatzen zait. Normalean, 18:00 aldera arte aritzen dira trikitilariak, eta lanari buelta emanda egoten gara ordurako. Lana bukatu ondorengo arin-arin hori izaten da onena.
Leave a Reply