Erlaxazioa, telebista eta euskara

Gustuko dut telebista ikustea, daitort. Erlaxatu eta errealitatetik ihes egiten laguntzen dit, ez pentsatzen. Sofan jarrita, eguneko arazoak ahaztu, eta etxera eroandako ezinegon, pena eta gatazkak lausotu egiten zaizkit. Hortxe segitzen dute buruhausteek, baina nolabaiteko arintze bat izaten dute. Agian, pantailari begira ez diedalako problemei buelta gehiago ematen, buruan espazio handiagoa okupatzen lagatzen, kiribiltzen eta txirikordatzen obsesio bihurtu arte. Batzuetan oso ondo funtzionatzen dit, beste batzuetan ez hainbeste. Edozer ikusteko gai naiz halakoetan. Dena den, ahalegintzen naiz ikusitakoari begirada kritiko bat ematen, bestela burmuin-jana litzateke.

Zapatetan baino ez daukat plataformarik; telebistan, ez. Nahita. Izan ere, telebista gustuko izanda, arrisku handia dut hikikomori bihurtzeko (euren logeletan isolatzen diren gazte japoniarrak). Ez da plana, beraz, serieak etengabe ikusteko aukera izatea, ez horixe. Osasun mental eta fisikoagatik, besteak beste.

Aurreko astean, ekaitz itzela bota zuen arratsalde baten, telebistari seinalea joan egin zitzaion. Zapping egiten hasi, eta ETBko kateak eta Hamaika baino ez ziren ikusten. Ekaitz super euskalduna! ETB1 jarri eta Goenkale zegoen, Goenkale!, eta Martin Lasa agertu zen! Beraz, hasierako denboraldia, Soroizek egiten zuen pertsonaia segituan desagertu baitzen. Laugarren atala, hasieratik ematen hasi dira! Bere sasoian gustura ikusten genuen denok, oro har, nobedadea zelako, euskaraz eta gure kontu batzuk islatzen zituelako. Baina txarto zahartu da, oso txarto. Amateur usaina dario, aktore askorendako eskola izan zen-eta. Pena eman zidan, baina halako askori gertatzen zaie, zoritxarrez.

Nahieran ere badago Goenkale, eta ikusi nahi duenak bertan dauka. Kontua da arratsaldeko tarte horretan aurreko denboraldian Hitzokei saioa zegoela, Urko Aristik gidatzen zuena. Solaserako tarte lasaia, sakon jardutekoa gai askoren gainean. Tradizio luzea zeukaten ETB1en horrelako saioek, estilo berekoak zirelako aurretik Ilaski Serranok gidatutako Ahoz Aho, eta aurrerago eginda Maddalen Iriarteren Azpimarra. Nire ustez, galera ikaragarria euskarazko telebistarako, ganorazko programa kendu dutelako, eta zerbait berria pentsatu beharrean, betegarri hutsa sartu dutelako. Lastima handia, eta kalte ikaragarria ikusle euskaldunondako.

Orain, Primeran ikus-entzunezko plataforma aurkeztu dute. Primeran dagoela esango nuke (kar-kar-kar) aukera hori izatea, baina ETB1 edukiz hustea ekarriko duela barrundatzen dut. Izan ere, Unai Iparragirre ETBko zuzendariak ekainean BERRIAri adierazi zion, hitzez hitz: “Atzerriko fikzioa kontsumitzeko aukera handiagoa dago plataforman baldin badaude. Atzerriko fikzioa euskaratuta Primeran plataforman egongo da, baina ez ETB1en”. Betikoa, halakorik ez dute egiten ETB2n, beste edozein erdal herritako telebista jeneralista moduan tratatzen dutelako gaztelaniazko katea. Baina ETB1en ez, edozerk balio duelako. Esate baterako, larunbat gauean zesta partidaren ostean, Herri txiki, infernu handi errepikatua eman zuten. Bitartean, ETB2n Frantziako serie bat. Dena esanda dago.

Aldatu gidoia kanpaina martxan jarri dute zenbait kolektibok. Guztiz beharrezkoa. Errotik gidoia aldatu beharko da, guk euskal pantailei eutsi ahal diezaiegun, erlaxa gaitezen euskaraz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.