Ikerne Zarate
Gipuzkoan 30.000 odol emate beharko lirateke urtean sor daitezkeen beharrei arazorik gabe erantzuteko. Hori buruan, aurten 29.000 lortzea jarri du helburutzat Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak, pandemiaren ostean izandako beherakadari aterabidea eman nahian.
Abuztuan odol emateen kopuruak behera egin zuela azaldu du Nuria Patino erizainak, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko ikuskatzaileak. “Iazko hilabete berean baino %6,8 emate gutxiago izan dira aurtengo abuztuan Gipuzkoan”. Patinoren esanetan, aintzat hartzeko moduko beherakada da, baina itxaropentsu dago, irailean igotzen ari baita kopurua: “Pandemiaren ostean asko jaitsi dira odol emateak. 2019an, 33.000 odol emate jarri genituen helburu gisa, eta 32.000 izan ziren azkenean; iaz, berriz, 27.500 odol emate izan ziren, eta 18.000 lagunek eman zuten odola —pertsona bakoitzak urtean hiruzpalau aldiz eman dezake odola—. Aurten, 29.000 odol ematera heldu nahi dugu”. Ikuskatzaileak azpimarratu du oso garrantzitsua dela odol emaileen konpromisoa, ezinbesteko direlako elkartearen odol erreserbak bermatu ahal izateko.
Horren jakitun daude Errenteriako Lau Haizetara euskaltzaleen topagunean odol emaileen taldea sustatzen ari diren lagunak ere. Txuss Alfonso da horietako bat. “Odol emailea nintzen, eta, deialdiak egiteko ardura zuten taldekideak adinean aurrera zihoazela-eta, lekukoa hartuko zutenen bila ari ziren. Ardura hartzea proposatu zidaten, eta baietz esan nien”. Odol emaileen taldean ari ziren hainbat lagunekin sarea sortu zuen horretarako.
Alfonsoren bidez, Lau Haizetara euskaltzaleen topagunetik bertatik eragitea erabaki zuten Errenterian. “Aukerak sortzen parte hartze prozesua egin genuen topagunean, euskalgintzatik herrigintzara jauzi egiteko. Euskara ardatz hartuta, komunitatea saretzeko hainbat proiektu jarri genituen martxan, tartean zaintzarekin lotutakoa, eta hor kokatu genuen ordurako martxan zen odol emateena”. Hiru helburu dituzte: udalerriak bermatu behar dituen hileko ehun odol emaileak lortzea; 35 urtetik beherako herritar gazteak aktibatzea; eta odola emateko prozesu osoa euskaraz egiteko aukera bermatzea.
Apustua, mantentzea
Bere bidean urrats sendoak egin ditu topaguneak; ehun lagunen langa berdindu du hilabete honetan: “Irailaren 5ean ehun lagun etorri ziren odola ematera; inoizko kopururik handiena izan da”. Kopuru hori mantentzea da orain apustua; “ikaragarria litzateke”. Alde horretatik, topagunearen izenean esker ona adierazi die Alfonsok odola ematen duten herritarrei: “Keinu txiki horren bidez erakusten duten konpromiso eta ardurarekin bizitzak salbatzen ari direlako”.
Irailaren 5ean Errenteriako Merkatuzar eraikinera odola ematera joan zirenen artean, gainera, 30 urtetik beherakoak ziren %22, eta herritarren %43k euskaraz egin zuten prozesu osoa. “Odola emateko espazioa arnasgune bihurtu da euskararentzat”. Horrez gain, odola ematen duten gazteen artean %80 emakumeak direla azpimarratu du Alfonsok.
Lau Haizetara euskaltzaleen topaguneko kidearen ustez, datu horiek agerian jarri dute ezen “gizarte arduratsuago baterako bidea”, posible izateaz gain, “ezinbestekoa” dela. Aukerak sortzen. Haizea izan proiektua aipatu du errenteriarrak. “Pertsonak garapen objektu izatetik garapen subjektu izatera eraman nahi ditu egitasmo horrek”. Odol emateen oinarrian, aldiz, “konpromisoa eta ardura” kokatu ditu Lau Haizetara-ko kideak: “Ezinbestekoa da herritarrok ardura hartzea, ez honetan bakarrik, bizitzaren arlo guztietan baizik: hondakinak nola kudeatu, non egin erosketak…”.
Odola ematea “ardura soziala” dela gaineratu du. “Zuri tokatuko zaizu noizbait behar izatea, eta nik modu altruistan emango dizut odola, behar duzunean. Arduraren kontzientzia piztu behar dugu; ahal den neurrian, gizartea, herritarrak, aktibo bihurtu behar ditugu”.
Alfonsok argi du “eragitea” dela gakoa. “Bakoitzak geure inguruan eragiten badugu, jende gehiago aktibatuko dugu. Agian, ez duzu odola emateko aukerarik. hamaika arrazoirengatik, baina inguruan eragin dezakezu”.
Odola ematea, jai bihurtuta
Hileko lehen asteartean egiten dituzte odol emateak Errenteriako Merkatuzar eraikinean: “Odola ematea jaia bihurtu dugu: elkartasun jaia”, esan du Alfonsok. “Momentu horretan aretoan sortzen den sarea, harremanak eta giroa ederrak dira benetan. Odola eman ostean, fruta edo bonboiak jateko elkartzen gara, musikak lagunduta, eta hartu-emana sortzen da hor. Konpromiso itzela da pertsona bat abuztuaren 5ean, 18:00etan, odola ematera joatea, eta aitortu egin behar zaio”. Odol emaile gehiago nahi dituzte, eta, bide horretan, “herritar guztiak” animatu ditu Alfonsok.
Odola ematera joateko, ezinbestekoa da aurretik ordua hartzea, 688-76 53 98 telefono zenbakira deituta.
Leave a Reply