Trikiti lehiaketen azken notak

Trikiti lehiaketen azken notak

Kerman Garralda Zubimendi

Trikiti lehiaketen hauspoa hustear da. Eider Tolosa Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kide eta Lazkaoko Lazkao Txiki musika eskolako trikiti irakasleak zail ikusten du lehiaketen etorkizuna; egoera irauli ezean bukatu egingo direla iragarri du. Esaterako, Azkoitiko Martirieta auzoko, Donostiako Zubieta auzoko eta Aizarnazabalgo txapelketak ez dituzte egin aurten —asteburuan ziren egitekoak azken hori—.

Trikitilariek hogei plaza izan dituzte aurten. “Geroz eta gutxiago dira”, ziurtatu du Tolosak. “Bereziki azken urteetan galdu dira, pandemiaren ondoren”, zehaztu du. Batetik, nabarmendu du antolaketaren ardura “tokian tokiko musika eskoletako irakasleen esku” gelditzen dela, eta “lan asko” dela bakarrik egiteko; bestetik, erantzuna ere “geroz eta txikiagoa” dela esan du. “Lehiaketek ez dituzte lehen bezainbeste erakartzen ikasleak. Iraganean, txapelketak izaten ziren euren burua ezagutarazteko bide nagusia, baina, gaur egun, posible da lehiatu gabe jotzeko plazak lortzea. Garrantzia galdu dute, nolabait”.

Adin muga zabalduta

Garai batean, Hernaniko Martindegi auzoko txapelketan parte hartzeko adin muga 16 urtean zegoela kontatu du Tolosak. “Baina atzetik gazterik ez datorrenez, adin muga igo egin behar izan dute antolatzaileek. Aurten jaialdi moduko bat egin dute lehiaketan parte hartu izan duten bikote helduagoekin, trikitilari multzo polit bat osatu ahal izateko”. Halere, ez du uste hori denik konponbidea, 20 urteren bueltan bikoteek lehiatzeari uzten baitiote, ikasle izateari uzten diotelako. “19 urtekoen lau bikote daude. Horiek uztean, itxura dago erreleborik ez dela egongo eta lehiakideen multzoa asko argalduko dela”.

Datozen urteetarako egutegia fintzea ere espero du Tolosak. Antolatzaileen arteko sinkronizazioa hobetu behar dela esan du, egutegia denbora tarte handiagora zabaltzeko eta trikitilariei txapelketa guztietan parte hartzeko modua emateko. Gertatu izan da trikitilariek txapelketa bat edo bestea aukeratu behar izatea.

Tolosak ez du uste txapelketak galtzeak “ondorio katastrofikoak” izango dituenik. Batetik, lehiarik gabeko topaketak ugaritzen ari direlako. “Antolatzeko errazagoak dira horiek, eta informalagoak. Trikitilari gehiago biltzen dituzte”. Urrian, adibidez, Trikigiro topaketa egingo dute Azpeitian, eta, azken asteburuan, trikitilari gazteen topaketa Asteasun. Egunerokoan trikitiak presentzia duela gaineratu du, eta ikasle kopuruari eusten ari zaizkiola.

Tolosak kontatu du Lazkao Txiki musika eskolan behintzat haurrek heltzen diotela trikitiari. 7 urterekin hasten dira ikasten, oinarrizko solfeo ikasketak bukatzean, bereziki neskak. “Ikasle berrien hiru laurdenak neskak dira. Mutilak ere baditut, baina gutxi”. Bere ikasle garaian ere hala zela oroitu du Tolosak.

Lazkaotarrak, indarrean

“Txapelketetan ere neskak izaten dira gehienak”, azaldu du. Irati Artzelus trikitilaria eta Mirari Plazaola pandero jotzailea jarri ditu adibide gisa, bere ikasleak biak ala biak. Uzta emankorra lortu dute udan: uztailaren 2an Elorrion (Bizkaia), abuztuaren 13an Bidania-Goiatzen, irailaren 3an Zestoan, eta irailaren 6an Zarautzen txapeldun izan ziren. Urteak daramatzate elkarrekin, eta makina bat lehiaketa poltsikoratutakoak dira. Lazkaoko txapelketa ere haiek irabazi zuten, martxoaren 11n.

Urtero, Lazkao Txiki musika eskolak antolatzen du Lazkaoko txapelketa, eta sei bikote aritu dira lehian aurten. 2017. urtean antolatu zuten lehen aldiz, eta orduko hartan zortzi lehiakide izan ziren.

Leave a Reply

Your email address will not be published.