Sarritan entzun izan dut euskaldunok janaren inguruan bakarrik biltzen garen kontu hori. Bada, gaurkoan mito bat apurtzeko kapritxoarekin jaiki naiz. Duela egun batzuk oso bestelako plana egin berri dugu lagun talde batek, Beauty Party deritzona. Edertasunaren festa hau duela gutxi jaio den enpresa batek antolatzen du. Nora Chouza donostiarraren gidaritzapean, enpresa aitzindari eta berritzaile bat sortu da: Premium Spa; berri usaina dario oraindik, baina esperientziaren eta jakituriaren zaporea du lehenengo mokadutik. Zerbitzu sorta zabala badu ere (ezkongaientzako luxuzko tratamentuak barne), guk Beauty Party delakoa egiteko aukera izan dugu.
Sei lagun mahai baten inguruan, bakoitzak ispilutxoa, urez betetako ontzia, eta aurpegiko azalaren zaintzarako beharrezkoak diren materialak aurrean ditugula. Pausoz pauso azaldu digu bakoitzaren azal motaren arabera egokiena den tratamentua. Eta garrantzitsuena, norberak bere buruari egiten ikasi du. Ongizatea eta edertasuna batzen ditu Norak bere tratamenduetan, eta bete-betean asmatu du. Askotan emakume idealizatuaren irudia izaten dugu erreferente bezala, eta besteen argazkiak gehiago begiratzen ditugu geure ispilua baino. Nahikoa da! Hain gozagarria da zeure burua maitatzea eta mimo piloa oparitzea… Hain polita da ispiluari begiratu eta “hau naiz ni, eta zaintzarik onena merezi dut” esatea! Bai, badakit edertasuna barruan dagoela eta fisikoak garrantzirik ez duela esango duela zenbaitek, eta erantzungo diet ez naizela edertasunaren kanonetaz hizketan ari, norberak bere gorputza maitatzeaz baizik. Arima zaintzen den moduan maitatu behar da gorputza.
Plan zoragarria, beraz, animatzen zaretenontzat; nik kuadrillakoekin antolatu berri dut beste Beauty Party bat, engantxatzen ari ote naiz? Edonola ere, ditxosozko mito hori apurtzeko ondo etorriko zaigu plan berri hau; izan ere, beti janaren inguruan biltzen garen horietakoak gara.
Azken hausnarketa moduan, iritzi zutabe hau amaitutzat jotzekotan nagoela, galdera bat sortu zait gutxien espero nuenean. Zein ausartzen da gaur egun negozio berri bat martxan jartzera? Ez da pauso erraza, baina eskerrak banaka batzuek beldurrari aurre egiten dioten, bestela jai genuke. Bada oraindik eguzki printzarik, bada errealitate gogor honetan bere ametsen alde apustu egitera ausartzen den gazterik. Arriskatzen ez duenak ez omen du sekula irabazten; jokoan jarri duzun lan eta ilusio zakukada hori fruituz betetzen denean, hor egongo gara zeure garaipena ospatzeko, Nora.