Eider Goenaga Lizaso
Hirugarren astez ari dira Donostiako espazio publikoa okupatzen. Baimenik eskatu gabe, Gipuzkoa plazan, Bulebarrean zein Egia auzoan garatu dute euren jarduna orain arte. Zubietako errauste plantaren kontra abiatutako kanpaldiak eta Gipuzkoa Zutik mugimenduak, ordea, gainditu egin du errauste plantaren gaineko eztabaida; bai barrura begira, kanpaldian lantzen ari diren gaien aniztasunari erreparatuta, eta baita kanpora begira ere, mahai gainean jarritako gogoeta gaiei dagokienez: espazio publikoaren erabilera eta haren pribatizazioa, desobedientzia eta indarkeriarik eza aktiboa, mozal legea, herritarren parte hartzea, protestarako espazioak…
“Interesgarria ari da izaten. Gipuzkoa Zutik-ek errauste planta sinbolo gisa erabili du, eta hasieratik izan du intentzionalitate hori. Errauste plantak sistema bat ordezkatzen du, kudeaketa eredu baten ondorio da; eta, hain zuzen ere, kudeaketa politiko zehatz hori salatzeak ahalbidetzen du hamaika borroka eta aldarrikapen borroka berean txertatzea”, dio Beñat Apalategi Eleak mugimenduko kideak. Ildo beretik egiten du irakurketa Joxemi Zumalabe fundazioko Jokin Azpiazuk: “Erabakiak hartzeko modua, oligarkia txiki zein handiak babesteko apustua… Ez da soilik errauste planta edo hondakinen kudeaketa, baizik eta horri buruz hartzen diren erabakiak non eta norekin hartzen diren, zeinen interesak babesten diren, eta non gelditzen diren herritarrak”.
Baimenik gabe
Ertzainek eta udaltzainek Gipuzkoa plaza hutsarazteak oihartzun eta zabalpen handiagoa eman dio mugimenduari. “Espazio publikoa okupatu behar bada, eskatu egin behar du norbaitek”, erantzun zuen gaiari buruz galdetuta Eneko Goia Donostiako alkateak, BERRIAri emandako elkarrizketa batean. Baimena ez eskatzea, ordea, erabaki kontzientea dela eta salaketa egiteko modu bat dela diote Apalategik eta Azpiazuk. “Baimenik ez badute eskatu, ez da ahaztu zaielako edo burutik eginda daudelako. Espazio publikoaren erabilerari buruzko eztabaida mahai gainean jartzen ari dira; nork erabil dezake espazio publikoa, nola erabil daiteke, norena da. Ez dut uste eztabaida baimenen gainekoa denik, zerbait sakonagoa da; baina agintariek, segur aski, ez dute eztabaida horretan sartu nahi”, dio Azpiazuk.
“Desobedientzia ariketa praktiko eta teoriko ikaragarri” gisa ikusten du Apalategik Gipuzkoa Zutik-en jarduna. “Kaleak herritarronak direla, gureak direla aldarrikatzen dute, kaleak protestarako espazioa direla, eta ez zaiola inori baimenik eskatu behar horretarako”. Hala, “beraiek hainbeste darabilten” Espainiako Konstituzioak kalean protesta egiteko eskubidea aitortzen duela azpimarratu du Eleak-ekoak. “21. artikuluak era baketsuan biltzeko eskubidea aitortzen du, eta esplizituki esaten du ez dela baimenik behar horretarako”.
Horrez gain, azken hamarkadan Donostiak espazio publikoaren galera izugarria pairatu duela eta Gipuzkoako Zutik-en kanpaldiak horri buruzko gogoeta egitera ere bultzatzen duela uste dute Azpiazuk eta Apalategik. “Espazio publikoaren okupazioaz hitz egiten dugunean, nik uste dut dena jarri beharko genukeela mahai gainean, baita Donostian ematen ari den espazio publikoaren pribatizazio basatia ere”, dio Apalategik. Terrazekin eta ostalarien interes pribatuen mesedetan, Donostia “irensten” ari direla uste du. “Parte Zaharrean badaude kale estuak, non terraza bat jarri duten eta oinezkoa ezin den pasatu. Eta hori espazio publikoa esku pribatuetan uztea da; Gipuzkoa Zutik-en batzarrak, berriz, irekiak dira, eta herritar orok parte har dezake”.
Ordena publikoa
Afera honek ordena publikoaren gaia erdi-erdian jartzen duela uste du Joxemi Zumalabekoak ere. Azpiazuren arabera, azken 10-15 urteetan hainbat aldaketa eman dira, herritarren bizimodua goitik behera aldatu dutenak. “Donostiako toki batzuetan ibiltzea bera ere oso zaila bihurtu da, Parte Zaharreko toki batzuetan ia ezinezkoa da mugitzea, turista kopuruaren ondorioz. Egoera horrek esklusio bat sortzen du, bertako bizilagunen esklusioa. Baina hori ez da ordena publikoaren alterazio gisa ikusten, agintariek onartutakoa delako”. Ildo horretan, 50 lagun Gipuzkoa plazan biltzeak eta 50 japoniar aterki baten atzetik batera eta bestera ibiltzeak eragin antzekoa dutela iritzi dio, baina sistemak bat onartu eta bestea deslegitimatu egiten duela.
Agintarien erantzunarekin ere kritiko agertu da Azpiazu. “Argi dago agintean daudenek ez dutela inoiz txalotu kalearen erabilera hori”. Joxemi Zumalabekoaren arabera, gizarte osasuntsu bat da bere desadostasuna adierazteko gaitasuna daukana, eta horrek agintariak “posizio zail” batean jartzen ditu. “Aukeratu egin behar dute hori osasun sintoma gisa ulertu eta, hortaz, planteatzen diren eskaerei kasu egin eta euren politikak birplanteatu; edo pentsa dezakete gertatzen ari dena anomalia bat dela, gaixotasun seinale bat dela, eta patologia bat bezala tratatu”. Lehen aukera “arduratsuagoa” litzatekeen arren, oro har, sistemak bigarren aukeraren alde egiten duela uste du Azpiazuk.
Indarra eta indarkeriarik eza
“Kanpaldiak elkarbizitzarako arauak ez dituela betetzen esan du Goiak, eta nik uste dut oso adierazpen larriak direla. Aurpegi galanta behar da horrelako adierazpenak egiteko, jende guztiak ikusi duenean zein izan den ertzainen eta udaltzainen jokabidea, nork erabili duen indarkeria”, nabarmendu du Apalategik. Haren ustez, hala ere, “agintariak jarrera horretan atzera egiten ari dira”. Izan ere, Gipuzkoa Zutik-ek manifestaziorako bakarrik eskatu du baimena, eta gainerako ekintza guztiak jakinarazpenik egin gabe gauzatu ditu. “Adierazgarria da Gipuzkoa Zutik-ek diputazioa eta Kutxabank dauden eraikina inguratu duenean, nahiz eta mozal legeak espresuki debekatzen duen, ez dutela poliziarik bidali. Ikusten da beraiei ere ez zaiela interesatzen, jada nahiko irudi kaskarra eman dutela, eta hori zaintzen ari direla”, iritzi dio Eleak-ekoak.
Ildo horretan, Joxemi Zumalabekoak dio agintean dagoenak indarra erabiltzen duela hori kapitalizatzeko modua ikusten badu. Etxe kaleratzeen kontrako plataformak jarri ditu Azpiazuk adibide. “Etxe kaleratzeen kontrako mugimenduak diskurtsoari buelta ematea lortu zuen; imajinario kolektiboari buelta ematea oso konplikatua da, eta beraiek lortu dute. Alegia, ‘errua gurea da, gu sartu gara zorretan eta orain ezin dugu ordaindu’ esatetik, beste aldera pasatu ziren: ‘guk ez dugu errurik, honen ardura beste batzuena da, zuena da, zuek sartu gaituzue egoera honetan’ esatera. Horren kontra jo nahi bada, oso zaila da justifikatzen”.
Kanpaldian daudenen erantzuna, beraz, “oso inportantea” dela eta izaten ari dela iritzi dio Azpiazuk. “Ertzaintzak egindako hesiaren aurrean dantzan hastea, edo eseri eta batzarra egitea… Argi gelditzen da ez dutela inolako asmorik akzio-erreakzio dinamika batean sartzeko, mugimenduak berak eta bertan dagoen jendeak berea egiten jarraitu nahi dute”. Azpiazuren hitzetan, “jende gehiago batu dezaketen erantzunak” dira horiek.
Apalategiren aburuz, “erantzun kultura berri bat” garatzen ari dela ikusten da. “Jendeak barneratua dauka polizia agertzen denean zein jarrera izan behar duen, eta bai ertzainen eta bai udaltzainen aurrean, jendearen jarrera automatikoki eman da, modu natural batean, eta da ‘hemendik bota nahi gaituzue; bada, lurrean eseri eta elkarri helduko diogu'”.
“Segur aski protestak egiteko modua aldatu da, baina nik uste dut asko dagoela sakontzeko gogoeta horretan”, gaineratu du Azpiazuk. Indarkeriarik eza aktiboaren aldeko apustuak motibazio ezberdinak dituela eta horri buruz eztabaida luzea eta sakona izan daitekeela dio Joxemi Zumalabekoak. “Batzuentzat apustu estrategikoa da, beste batzuentzat, apustu etikoa. Ez da gauza bera esatea ‘honek funtzionatzen digu eta horregatik erabiltzen dugu’ edo esatea ‘hau da egin behar duguna, honetan konprometituta gaude eta sinistuta gaude hau dela bidea'”. Eztabaida hori ematen ari dela eta inportantea dela iritzi dio Azpiazuk.
Laborategia
Desobedientzia eta borroka molde berrien harira, herri harresien esperientzia aipatu dute biek aurrekari gisa; baina Gipuzkoa Zutik-en kanpaldiak M-15 mugimenduarekin dituen antzekotasunak gehiago nabarmendu dituzte, mugimendu bakoitzaren tamaina gorabehera. “Nik ez nuke Gipuzkoa Zutik-ekoa ohiko herri mugimendu gisa definituko; ez dakigu oso argi zer den, ez dakigu nola identifikatu, baina ez nuke herri mugimendu hitza erabiliko. Laborategi esperimental moduan ikusten dut gehiago, gizarte eredu berri bat sortzeko esperimentu moduan. Ildo horretan, azken hamarkadan hemendik gertu izan dugun laborategi ikaragarriena M-15ekoa izan zen. Hura ere, hau bezala, oso parte hartzailea, irekia, aniztuna, transbertsala eta kaotikoa izan zela esan dezakegu. Baina oso-oso gauza interesgarriak atera ziren handik, oso bide ezberdinak egin dira”. Adibide bat jartzearren, etxe kaleratzeen kontrako mugimenduaren arrakasta aipatu du berriro Azpiazuk.
M-15 eta Gipuzkoa Zutik-en artean “hamaika paralelismo” ikusten ditu Apalategik, “eta oso interesgarriak, gainera”. Eleak-ekoaren arabera, hasi da etorkizuneko fruituak izan daitezkeenak ematen. “Ez dakigu kanpaldiak zenbat iraungo duen, baina Gipuzkoako herri eta eskualdeetan hasi dira mugitzen eta antolatzen. Kanpaldiaren harira espazio bat sortzen ari da, aldarrikapen ugariren bilgune izan daitekeena. Gipuzkoa Zutik pizgarri moduan ari da funtzionatzen. Ikusiko dugu zer gertatzen den”.
Leave a Reply