Gernika, gune sinboliko dinamikoa ala fosilizatua?

Apirilaren 26aren bueltan memoria hotsek zeharkatu ohi dituzte hedabideak, zer esanik ez, urteurren beteetan. Iazko urtean, esaterako. Presentzia mediatiko apalxeagoarekin bada ere, baina, urtero antolatu ohi dira gertaera hura oroitzeko ekimen ugari. Eta ezaguna denez, ekimen horietan guztietan, ezin ahaztu sekula Picassoren Gernika margolana. Badirudi Picassoren lanaren arrakastaren eta hedapenaren ondorioz ezinezkoa dela gertaera historiko hori dimentsio kultural horretaz beste ulertzea, jasotzea eta geureganatzea. Eta nolabait, gertakari historikoaren balio sinbolikoak gero eta presentzia handiagoa hartu du —margolanaren balio sinbolikoarekin batera—, eta arindu egin dira gertakariaren inguruko interpretazio historikoak (batik bat Gernika margolana erabili ohi denean memoriaren arrastoak azalarazteko bitartekari gisa).

Jakina denez, hasiera-hasieratik Gernika margolana borroka sinbolikorako gudu-zelai bihurtu zuten. Bernardo Atxagak Markak (2007) saiakeran gogorarazten digun moduan, faxistek Gernika margolanaren hedapena geldiaraztea ezinezkoa izango zela ikusirik, margolanaren interpretazioa baldintzatu nahi zuten, eta hartara, margolanaren inguruko diskurtsoa sortu eta hedatu zuten: faxisten diskurtso hartan, Gernika margolana (berr)adiskidetzearen eta bakearen ikurra zen. Gernika-ren irakurketa sinbolikoak egiteko joera ez zen orduan eten, eta bizi-bizi dugu egun. Alegia, gehiagotan aipatu ohi da Gernikako bonbardaketa herritar zibilen aurkako erasoen ikurtzat (Gaza, Gernika berria eta halako leloek iradoki bezala), edota gerrako sarraskien ondorio lazgarritzat, egiazki testuinguru historiko batean kokaturiko gertaeratzat baino. Bernardo Atxagaren ustez, esaterako, margolana zentzuz blaitu da urteetan, eta egun “giza sufrimenduaren sinbolo” bihurtu da.

Inpresioa dut Gernika-ren balio sinbolikoetarako joera horrek indar berezia hartu duela azkenaldian. Gernika margolanaren agerpena areagotu egin da gertaera kultural, sozial eta politikoetan; eta kasu askotan, gainera, Gernika margolanaren agerpenak ez du helburutzat gertaera historiko hura gogoraraztea, edo salatzea. Bestelakoak omen dira margolanaren balio sinbolikoak.

Bide horretatik, deigarria egin zait nolako hari fina eraiki den Gernikako bonbardaketaren eta egungo euskal gatazkaren artean —baita konponbidearen errepresentazioetan ere—. Haginetako mina (Txalaparta, 2008) antologian, gatazkaren inguruko narrazio-antologian, adibidez, Picassoren Gernika ageri da azalean. Antza, ikur hori egiten baitzuten bere egile guztiek, ideologiak ideologia. Ziur asko, Gernika horren atzean hamaika Gernika eta hamaika sinbolo daudelako. Batzuek 36ko gerraren ikurtzat hartuko zuten, eta beste batzuek, aldiz, gerraren edo biolentziaren ikurtzat, ikuskera orokortuago batetik.

Antzeratsu, Gara egunkariak ETAk su-eten iraunkorraren berri emateko ere Gernika ekarri zuen gogora, orduko hartan Zumetaren Gernika margolanaren zatiak josiz erreportajearen bueltan. Ez dakit ongi zergatik, baina orduko hartan ezinegona sorrarazi zidan lotura hark. Picassoren Gernika (berr)adiskidetzearen eta bakearen ikurtzat hartzeak hotzikara sortzen baitit, akaso, horixe izan zelako beste testuinguru batean batzuek margolanari erantsitako balio sinbolikoa; akaso, margolan horrek bakearen sentimendua helarazteak kezkatzen nauelako. Ziur asko, erreportaje hartan iraganari egin nahi zitzaion erreferentzia, memoria historikoari, edo, Atxagaren bidetik, “giza sufrimenduari” egin nahi zitzaion erreferentzia. Ez dakit. Baina, ikusirik Gernikako Akordioak ere Gernika duela erakusleiho eta bakea zein (berr)adiskidetzea helburu…

Argi dago Gernika askotariko herritarren erreferentzia dela eta, hartara, elkargune izan daitekeela, baina… erne!, Gernika margolana gune sinboliko fosilizatu bilaka ez dadin.