Hondarribitik Hollywoodera

Hondarribitik Hollywoodera

Imanol Saiz Gomez de Segura

Duela mende erdi bat, 1973ko otsailean, denboraldi labur batez, Hollywoodeko plato bilakatu ziren Hondarribiko erdiguneko kale eta plazak. Frantziako Sainte-Marie de-Re herrixka bilakatu zen Bidasoko udalerria hiru astez, Papillon gerora ezagun egin zen filmaren grabaketak egin baitzituzten. Steve McQueen eta Dustin Hoffman aktore ezagunek, besteak beste, hankaz gora jarri zuten herria eta eskualde osoa. Arrastoa utzi zuen grabaketak, gertaera garrantzitsua izan baitzen herriarentzat; bereziki, zenbait auzotarrentzat. Izan ere, agertoki paregabea eskaintzeaz gain, aktore lanak egin zituzten dozenaka hondarribiar agertu ziren garai hartako zinemako kameren aurrean, estra gisa.

Mende erdi bat pasatuta, grabaketa berezi hartan bizi izandakoa jaso du udalak inauguratu berri duen Papillon, Hondarribiko istorio bat erakusketan. Urriaren 31ra arte bisitatu ahal izango da, Arma Plaza fundazioaren egoitzan; grabaketa hark utzitako arrastoa jaso dute bertan, kameraren aurrean zein atzean jazotako pasarte, irudi eta objektuekin.

PAPILLON ERAKUSKETA

Film arrakastatsua grabatu eta bost urtera jaio bazen ere, helduenek egun haiek ederki gogoratzen dituztela aitortu du Hondarribiko Kultura zinegotzi Ortzi Alonsok. “Txiki-txikitatik etxean izan dugu filma, telebistan bota zuten lehenengo aldietako batean VHSarekin grabatu baitzuten gurasoek. Hondarribia agertzen den zati hori genuen gordea, eta uste dut hondarribiar askok gauza bera egin zutela. Irudi horiekin flipatu egiten genuen”, aitortu du zinegotziak.

Aireportua, kamerino

Grabaketak herria “irauli” egin zuela dio Alonsok, “eragin handia” izan zuela herritar askoren egunerokoan. “Oso azpiegitura handia eskatzen zuen horrelako film handi bat hemen grabatzeak. Aireportua, esaterako, kamerino erraldoi bilakatu zen”. Udalak esku artean dituen datuen arabera, filmean agertzen diren berrehun estra baino gehiagoren artean ehun bat izan ziren herrikoak.

Estra gisa aritu ziren horietako batekin izan berri da Alonso, eta, hark kontatu dionez, oroitzapen ederrak dituzte denek. Dena den, guztia ez zen erraza eta ederra izan; hori ere gogoratzen dutela dio. Eguraldiak ez zuen batere lagundu, eta, eguraldiari aurre egiteaz gain, filmeko zuzendaritzaren kontra ere borrokatu behar izan zuten herritarrek.

Hondarribiar estren borroka izan zen anekdotaz betetako elkarrizketa horretan ateratako gaietako bat. Herriko estrei 2.000 pezeta (12 euro) ordaindu nahi zizkieten, eta kanpokoei, berriz, 5.000 (30 euro). “Hortaz, gutxiago kobratuko zutela ohartu ziren bezain laster, greba edo planto moduko bat egin zuten, eta eskatutakoa lortu zuten”. Bestalde, Alonsok gogoratu du Pedro Usabiagak, erakusketaren komisarioak, kontatzen duela nola ezin izan zuten kontrolatu Steve McQueen aktorea. “Motorra hartu eta Jaizkibelera ospa egiten zuen. Anekdota txiki asko daude filmaren atzean”.

Testigantzen bila

Anekdota bilduma handitzea izango da hurrengo urratsa, orduko testigantzen bila hasi baita udala. Datorren urriaren 15ean emanaldi berezi bat egingo dute Itsas Etxean. Filma proiektatzeaz gain, solasaldirako tartea izango da. “Egitasmo honekin, tarte bat eskaini nahi diegu herriko historiari eta oroimenari”.

Askorentzat erakusketa “bidaia moduko bat” izango dela erantsi du Alonsok, eta herrikoak bertakoak eta ingurukoak gonbidatu ditu. “Xumea bada ere, edukiz oso elegantea da. Garai hartako Hondarribian kokatzen zaitu. Atzerako bidaia bat ere izango da askorentzat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.