Unai Zubeldia
Azken lanak egiten ari dira Errenteriako Orereta ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoak. Kilometroak jaia egingo dute igandean Errenterian, eta urte guztiko dinamikari “erremate polita” eman nahi dio Anartz Muxika ikastolako zuzendariak (Errenteria, 1976).
Iritsi da aurtengo Kilometroak eguna. Nola dator?
Bete-betea. Ilusioz gainezka gaude. Urte guztian aritu gara lanean, eta hamaika jarduera egin ditugu. Jende asko aritu da guri laguntzen, azken txanpa bakarrik gelditzen zaigu, eta erremate polita eman nahi diogu urteari.
Ibarrari lekukoa hartuta, zer ikaspen izan duzue urtebete honetan?
1984an eta 1999an ere Errenterian izan zen Kilometroak jaia; urruti samar gelditzen dira biak, baina bagenekien zer zetorkigun. Hala ere, martxan jarri arte ez da jakiten benetan zer den. Guk argi geneukan gure komunitatea elkartu nahi genuela, denon artean erabaki eta egin nahi genituela gauzak. Eta horretan ari gara. Lan asko eskatzen du horrelako ekitaldi batek, erabat boluntarioa, eta gero eta zailagoa da jendea erakartzea, baina lortu dugu, eta harro gaude.
Iaz Kilometroak jaiaren egitura aldatuta, ardura handia sentitu duzue urte guztian?
Ardura bada, baina aukera ere bai egiten ari garen hori herriari eskaintzeko. Aldaketak izan dira egituran, baina egunak handia izaten jarraitzen du. Bete-betea daukagu egitaraua, adin eta gustu guztietako herritarrentzat egokia. Beti komeni izaten da hausnarketa bat egitea, guk ere egin dugu, eta, gure kasuan, jendeak parte hartzeari eman nahi genion garrantzia; modu aktiboan parte har zezaten nahi genuen, eta ez kontsumo ikuspegi batetik bakarrik.
Ekintza txikiago asko egin dituzue urte guztian. Zein bi-hiru azpimarratuko zenituzke, utzi duten arrastoagatik edo sortu dutenagatik?
Ez da erraza bizpahiru aipatzea, baina, zalantzarik gabe, niretzat berezia izan zen Egunkaria-tik BERRIArako hogei urteko ibilbide horren eskertza ekitaldia eta kontakizuna bera; oso hunkigarria izan zen. Euskara batuari egin genion gorazarrea ere bai; Euskal Herriko txoko guztietatik etorri ziren ikasle, guraso eta irakasleak. Baionan ere izan ginen apirilaren 2an, Herri Urrats, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, BERRIA eta Orereta ikastolaren urteurrenak ospatzeko. Musikasteren barruan sartu genuen Adaxka Berriak proiektua. Urmuga ere hor dago…
Erriola leloa aukeratu zenuten Kilometroetarako. Zer irudikatu edo iradoki nahi zenuten?
Errioaren magaleko faktoria da erriola, uraren gazi-gozoek, gorabeherek eta zubiek josten duten komunitatea. Erriyoa-tik dator izena; gure aitona-amonen hitz hori erabili dugu. -ola atzizkiarekin, ikastolara, fabrikara eta herrira gerturatu nahi izan dugu.
Diru iturri izatea ere bada Kilometroen helburuetako bat. Zertarako erabili nahi duzue bilduko duzuen dirua?
Zergatik eta zertarako galderei heldu nahi diegu guk. Zergatik? Orereta ikastolak 60. urteurrena duelako aurten; alde horretatik, Kilometroak antolatzeko beharra sentitu genuen, komunitate guztiari eskertza mezu bat bidaltzeko. Argi geneukan herriko gainerako eragileekin antolatu beharra geneukala festa, euskara eta euskal kultura baliatuta. Komunitatea, eskertza eta euskara, hiru zutabe horiek osatu dute gure oinarria. Eta zertarako? Hiru helburu ditugu: Zubiak Eraikiz egitasmoa sendotzea, Seaskaren Hendaia, Biriatu, Urruña eta Ziburuko [Lapurdi] ikastolekin, eta Bera eta Lesakakoekin [Nafarroa] harremanak indartzeko; euskarak herrian dituen arazoei irtenbidea aurkitzea; eta zati bat komunitatean gelditzea, Añabitarte ingurua, baserri gune hori, berreskuratu ahal izateko.
Zuen gaur egungo errealitatetik begiratuta, nola ikusten duzu herritarrek euskararekiko, euskal kulturarekiko eta ikastolekiko duten atxikimendua?
Askotan kezkaz irakurtzen ditugu euskararen eta haren erabileraren inguruko berriak. Errenterian jakitun gara zeregina badaukagula, eta horregatik bideratuko dugu etekinaren zati bat laguntza horretara. Norbanakoaren beharrak asetzeko joera izan du gizarteak azken urteotan, eta atzera egin nahi izan dugu guk: Orereta ikastolan garrantzi handia dauka komunitateak eta elkarrekin lan egiteak. Profesional onak behar ditugu, baina gurasoekiko harremana oso garrantzitsua da. Urte honetan guztian hori jarri dugu erdigunean, eta pozik gaude, guraso eta irakasle asko daudelako inplikatuta.
Egitarau zabala daukazue prestatuta iganderako. Zer mezu bidaliko zenieke herritarrei?
Ilusio handiz prestatutako eguna izan da, eta guztiak gonbidatu nahiko genituzke Errenteriara. Gipuzkoako ikastolek antolatutako festa da, baina guztientzako irekia. Denok elkartzeko bideak sortu behar ditugu; horretarako baliatu behar dugu urriaren 1a.
Leave a Reply