Unai Zubeldia
Idazlea, itzultzailea, hizkuntzazalea, Euskalgintzaren Kontseiluko lehenengo idazkari nagusia, irakaslea… eta askoz gehiago zen Xabier Mendiguren Bereziartu (Ezkio, 1945). Baina, batik bat, euskararen maitalea, euskara bizitzarako tresna gisa baliatu zuen euskaltzalea —euskaltzain urgazlea zen—. Astelehenean hil zen euskalgintzako ikurretako bat, 78 urterekin.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluan 1998tik 2010era egin zuen lanak eman zion sona, baina gogotik lan egindakoa da itzalean ere. Besteak beste, Filosofia eta Letrak ikasi berritan, euskara eta euskal literatura irakasten aritu zen Deustun (Bilbo); euskara batuaren aldeko lanean ere aritu zen 1966 inguruan; ikastolen mugimendua ere barrutik ezagutu zuen; 1980tik 1990era gogotik lan egin zuen Martuteneko Itzultzaile Eskolan, Donostian; Euskal Herria 11 Kolore egitasmoko kide eta bultzatzaile ere izan zen; Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako immigrazio gaietarako aditu batzordeko kide ere bai…
“Gizon entziklopediko” gisa gogoratu du Laura Mintegi idazleak; euskal gizartearentzako “jauzi kualitatiboa” bermatu zuen pertsona gisa Lorea Agirre kazetari eta Jakin-eko zuzendariak; “kikiltzen ez zen kultur handiko gizontzat” Sagrario Aleman irakasle eta euskaltzainak; “pertsona poliedriko” gisa Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi izandakoak; eta “patxada handiko gizontzat” Joanmari Larrarte Elkar fundazioko komunikazio eta kultur arloko zuzendariak.
Leave a Reply