Hutsuneak betez, 30 urte geroago

Hutsuneak betez, 30 urte geroago

Jone Arruabarrena

Zumaiako 26 urteko gazte bat hil zuen Poliziak duela 30 urte”. Horrela diote zuri-beltzezko argazki baten gainean kolore gorriko letra batzuek. Zuri-beltza: duela hogeita hamar urte baino gehiagoko oroitzapen baten argazkia delako. Gorria: odolez blaituta dagoelako istorioa. Xabier Kalparsoro zuen izena hildako gazteak —Anuk edo Txato ezizenez deitzen zioten—, ETAko kidea zen, eta haren memoria bizirik mantentzeko asmoz berriki sortu duten webgunean ageri da esaldia: Anuk.eus-en. Hiru hamarkada bete direnean jarri du ataria martxan Zumaiako Hegiak memoria elkarteak.

“Oraindik puzzlea osatzeko hutsune asko dauzkan kasu bat da, eta mila galdera daude Xabirekin gertatu zenaren inguruan, baina uste dugu beste inork kontatu zain egon gabe, gu geu has gaitezkeela kontatzen; memoriaren gure ekarpena egiten”, dio Julen Aperribai elkarteko kideak. Zumaiako Hegiak elkartearen lehenengo egitasmo publikoa da Kalparsororen ingurukoa; joan den otsailean sortu zuten, Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunean. “Hegiak sortu baino lehen, Zumaiako tortura kasuen bilketa lanak egin ditugu, eta asmoa da orain arte egindako lan ezberdinak batu eta egitura bat ematea”, azaldu du elkarteko kide Maddi Altunak. Bi lagunek esan dute “salaketa publiko bat” egitea ere badela webgunearen asmoa, baita “Xabirekin zer gertatu zen dakitenek hitz egin dezaten” egindako interpelazio bat ere.

Baina nor zen Anuk? Eta zer gertatu zen harekin? “Zumaiako gazteontzat beti presente egon da. Kontatu digutenez, oso pertsona mugitua zen, familia abertzale batean jaioa, eta beti komunitatearentzako lanean aritzen zena”, dio Altunak. “Batzuetan horrelako figurak paretetako argazkietan ikusten ditugu, eta memoriaren erabilera interesatu bat egiten dutenek zera arraro bat izango balira bezala aurkezten dizkigute. Baina guk ikusi dugu Xabi bere garaiari erantzuten zion pertsona bat zela, Euskal Herriaren askapenaren eta bakearen alde zegoena. Horrek eraman zuela militantziara”, gehitu du Aperribaik. Jarrai gazte erakundean hasi zituen militantzia politikoko lehen pausoak, eta ETAn sartu zen ondoren.

Xabier Kalparsororen omenezko ekitaldia

Hiru aldiz atxilotu zuten, Bilboko Indautxuko polizia etxean hil baino lehen: 1983an lehendabizi, Jarraiko militante zela; 1993ko abuztuan gero, ETAko kidetzat jota; eta urte bereko irailaren 23an hirugarrenik, hil baino hiru egun lehenago. Azken aldi horretan, Durangoko (Bizkaia) udaltzainek esan zuten “burutik jota bezala” zegoela gaztea, eta ETAkoa zela esan ziela. Bertsio ofizialaren arabera, Espainiako Poliziaren Indautxuko egoitzako bigarren solairuan atxiloturik zegoela, zaindaria bultzatu, leihotik salto egin, eta han zendu zen, erorikoaren ondorioz. Hegiak memoria elkarteak, ordea, salatu du kontakizun hori “hankamotz” geratzen dela, eta bertsio horrekin kontraesanean dauden frogak daudela.

“Zantzu susmagarriak”

“Kasu honetan bi gertaera oso larri daude”, dio Altunak. Lehenbizikoa, haren iritziz, heriotzara eraman zuen erorikoa da, eta bigarrena, Kalparsoro hil eta hilabetera ETAk argitaratu zuen ohar bat, bertsio ofiziala gezurtatu eta Ertzaintza kasuan lotu baitzuen. Lehen gertaerari buruz, Altunak esan du “zantzu susmagarriek” inguratzen dutela: “Udaltzaingoak Durangon atxilotu zuen, eta polizia etxera agertu ziren bat-batean Ertzaintza, Espainiako Polizia, Guardia Zibila… Normalean, ETAko militante arrunt bat atxilotzean, ez ziren agertzen. Hortik, poliziek, elkarrizketatu eta Indautxura eraman zuten. Eta haren senideek jakin zuten hurrengo gauza izan zen Basurtuko [Bilbo] ospitalean zegoela”. Altunak azaldu duenez, gerora egindako autopsiak eta artatu zuten erizainen testigantzek “hasieratik” erakusten dute bertsio hori “hankamotz” geratzen dela. Kalparsoro hil eta hilabetera, ETAk agiri batean adierazi zuen azken atxiloketa baino hilabete lehenago ere atxilotu egin zutela, eta drogatu. “Gertatu zitzaiona ulertzeko informazioa ateratzen hasi zen”, dio Altunak. “Esaterako, Xabik berak eskuz idatzitako gutun batzuk. Bertan esplikatzen du nola Ertzaintzak Laudion atxilotu eta drogatu egin zuen [1993ko abuztuan]”.

Elkarteko kideek salatu dute Ertzaintza Kalparsororen auzian nahastuta egon arren, Eusko Jaurlaritzak ez duela horren inguruko azalpenik eman. Dena dela, 2015ean Jaurlaritzak gehiago ikertu beharreko kasuen artean sartu zuen Udal Erretratuen Mapan. “Suposatzen da sailkapen horrek gehiago ikertzeko bide bat zabaldu beharko lukeela, baina ez da pauso gehiago eman, oraingoz”, esan du Altunak.

Epaitegietan ere ibilbidea egin zuen kasuak. Zumaiako Udalak, Kalparsororen familiartekoek eta Torturaren Aurkako Taldeak salaketa bana jarri zuten, baina ekinbideak artxibatu egin zituzten. Azkenean, salatzaileek jarritako helegiteei kasu eginda, bi auzibide zabaldu zituzten. Kalparsoro hil zenean harekin zeuden lau polizietako bi zigortu zituen epaileak: seina hilabeteko zigorra eta 6.250.000 pezetako kalte ordaina [37.563 euro]. Ez zien hilketa egotzi, Kalparsorok “leiho batetik jauzi egiteko aukera ez eragoztea” baino.

“Prentsan agertzen den kontakizun ofizial bat dago, eta ematen du hori dela bakarra, baina gero komunitatean badago beste kontakizun bat. Kontakizun hori, sentimendu horiek, badaude, eta forma hartu beharko lukete”, adierazi du Altunak. Gaineratu du memoria egituratzeko zereginean herritarrek badutela ardura: “Memoriak egiten du edozein komunitate. Guk ere gertatutakoa gogoratu eta ondorioak atera behar ditugu, memoriak daukan funtzioa betetzeko, baina baita guk defendatzen dugunaren araberako ondare bat uzteko ere”.

Aperribaik ere ondarea sortzearen garrantzia azpimarratu du, eta esan du webgunea horretarako tresna bat dela: “Askotan ez zaigu gustatzen memoriaren kontakizunaren borrokan beste aldetik jasotzen duguna, eta hura kritikatzera jo ohi dugu, baina, webgunearen bitartez, saiatu gara gure kontakizun propioa eraikitzen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.