Onintza Lete Arrieta
Maitasuna eta mugak. Horra hor guraso izateaz hitz egitean bi hitz gako, bi kontzeptu oinarrizko; bai, behintzat, Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Prebentzio arloarentzat eta Virginia Belategi adituarentzat. Izan ere, urtero bezala, gurasoentzako hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditu Zarauzko Udalak, udazkenerako, eta horietako batek izenburuan bertan jasotzen ditu bi hitzok: datorren astean hasiko da Gurasotasuna M-z idazten da: maitasuna eta mugak izeneko tailerra.
Astean behin, bina orduko sei saiok osatuko dute tailerra, eta helburua da aztertzea umeek euren garapen osasuntsurako beharrezkoak dituzten hezkuntzaren “bi zutabe nagusiak”: maitasuna eta mugak, alegia. “Lehenak, haurraren burmuinaren garapena ahalbidetu eta bere buruaren irudi baliotsua eraikitzen laguntzen du; bigarrenak, munduaren izaera ulertarazten laguntzen die”, azaldu dute Gizarte Zerbitzuen Prebentzio arloko arduradunek.
Belategik dinamizatuko ditu saioak, eta maitasunaz eta autoritateaz hausnartzeaz gain, bi horiek nola bultzatu ikasteko baliabideak emango dizkie parte hartzaileei. Saioak “oso dinamikoak” izango direla aurreratu du Belategik: “Nik beti esaten dut ez naizela hizlaria, bidelaguna baizik. Nik hezurdura jarriko dut, baina gero haiek mamitu behar dute guztia”.
Belategik azaldu du halako tailerretan parte hartzen duten gurasoak “hitz egiteko eta beren esperientziak partekatzeko gogotsu” egon ohi direla, eta gizonezkoak animatu nahi izan ditu Zarauzko tailerrean parte hartzera: “Oso interesgarria izaten da halako saioetan gizonezkoen ikuspuntua ere egotea; garrantzitsua da haien presentzia, eta animatu egin nahi ditut parte hartzera”.
Egoera errealak kudeatzen
Adituak uste du tailer bakoitza “mundu bat” dela, eta, beraz, emaitza beti “desberdina” izaten dela. Abiapuntua, ordea, bakarra da, eta teoria eta praktika uztartzean datza: “Oinarrizko informazio teorikotik abiatzen ditut tailerrak, hausnarketa eragiteko, eta ariketak proposatzen ditut egoera errealak kudeatzeko”, kontatu du.
Belategik azpimarratu du denek dakitela haurrek mugak behar dituztela. “Baina, askotan, ez dugu jakiten mugak nola ezarri. Gainera, kontuan izan behar dugu zertarako nahi ditugun jarri: haurraren onurarako dira ala gure lasaitasunerako?”. Adituaren hitzetan, oso muga zorrotzek ez dute uzten ikusten bizitza “malgua” dela, “egokitu” beharra dagoela. Belategiren ustez, hori ikusmiratik galtzeak “autonomia falta” eragiten die umeei. Eta argi du maitasunaz ere hausnartu behar dela: “Maitasuna ezinbesteko osagaia da hezkuntzan. Baina, egunerokotasunean, nola adierazten dugu maitasun hori? Nolakoa da gorputz adierazpena, adibidez?”.
Beste muturrean, mugarik ez jartzea dago. “Patroi permisiboa oso hedatua dago. Denbora faltagatik edo gatazkei aurre egiteko ezintasunagatik, askotan haurrei nahi duten guztia egiten uzten zaie, eta horrek kalte egiten dio umearen errealitatearen pertzepzioari. Infantilismoa eragiten du, azken batean”, adierazi du.
Tailerrean gurasoek aukera izaten dute beren kezkak eta zalantzak hizpidera ekartzeko, eta horiek “era askotakoak eta aldakorrak” izan ohi dira seme-alaben adin tarteen arabera. Hala ere, gurasotasunari buruzko Zarauzko saioen gidariak uste du kezka eta zalantza guztien atzean galdera bera dagoela: “‘Ondo ari al naiz?’. Hori da gurasoen zalantza, azken batean. Izan ere, haurrak eskulibururik gabe etortzen dira”.
Bere lan jardunean era guztietako gurasoekin topo egiten du Belategik: “Badago guraso profil bat oso arduratsua dena, egin beharreko guztiak egiten dituena, eta, hala ere, kezkatu egiten dena. Beste guraso tipologia bat ere bada, kontzientzia oso txikia duena eta umeek berez hezi behar dutela uste dutena. Ideia hori, agian, beti egon da hor, baina gure begirada zorroztu egin da kasu horien aurrean”. Hain zuzen, “azken profil horretako gurasoak” ez dira tailerretara joaten. Belategirentzat, “autokritika” beharrezkoa da. “Horrela ikasten dugulako”. Hori bai, pasatu gabe: “Norbere burua matxakatzeak ez du laguntzen erabaki osasuntsuak hartzen”.
Leave a Reply