Kerman Garralda Zubimendi
Xabier Mendiguren Elizegi (Beasain, 1964) “gogotsu eta indar handiz” hasi zen idazten, 15 bat urterekin. Orduz geroztik, ia urtero argitaratu du lanen bat. Azkena, joan den irailean: Oso latza izan da. Elkar argitaletxeko editorea ere bada. “Urteko sasoi okerrena da hau guretzat. Denek egon nahi dute Durangon [azokan], eta ezin gara atzeratu”.
Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?
Ez naiz Beasaingo erdigunekoa, langile auzo batekoa baizik. Orduan, nire haurtzaroa tailerrez inguratutakoa izan da. Gainera, kalean bizi ginen. Ez da oso originala, garai hartan bizi izandako guztiok kontatzen baitugu gauza berbera, baina eskolatik irtendakoan gure barriora itzultzen ginen; amari ogitartekoa eskatu, eta afalordura arte ez ginen itzultzen. Jolasa zen gure bizitzaren muina.
Barrioa, ez auzoa.
Batetik, nahita esan dut hitz hori, erabiltzen genuelako euskaraz ere. Eta, bestetik, nire liburu baten titulua delako: Gure barrioa 1975 [Elkar, 1998]. Justu, umetako oroitzapenak daude nobelatuta lan horretan.
Zure ingurua erdalduna zen? Euskaraz bizi zinen?
Beasain gaur egun baino askoz erdaldunagoa zen garai hartan. Ni bizi nintzen inguruan, familien erdiek egingo zuten etxean euskaraz, baina kalean den-denok egiten genuen erdaraz. Garai hartan, kalean ez zegoen euskaraz egiten zuen inor.
Jolasa bakarrik izango zenuten kalean. Ez irakurri, ez idatzi…
Garai haietan, nire kultur kontsumo bakarra telebista ikustea izango zen. Eta, akaso, igandean zinemara joatea.
Nolatan murgildu zinen letren munduan? Noiz hasi zinen irakurtzen eta idazten?
Nire kasua berantiarragoa da. Umea nintzela ez nintzen jabetzen horretarako trebezia edo bokazioa nuela; bai konturatzen nintzela testuak inolako zailtasunik gabe idazten nituela eta arlo horietan nota onak ateratzen nituela, baina uste nuen normala zela, denek zutela erraztasun hori. Gainera, nire etxean ez zegoen kultur tradiziorik: ni izan nintzen unibertsitatera joan zen lehen senitartekoa, ez zegoen liburutegirik, ez diskorik, ez horrelako ezer. Baina ez soilik nire etxean, auzo guztian baizik. Azken batean, baserrietatik fabriketara jaitsitako familietako seme-alabak edo Espainia aldetik iritsitakoen seme-alabak ginen denok. Gure kultura, alde horretatik, oso murritza zen. Baina, halako batean, 12 edo 13 urterekin, ez dakit noiz, jakin nuen herrian bazegoela liburutegi publiko bat, liburu asko zituena eta etxera eraman zitezkeena. Hor hasi nintzen.
Gogoan duzu zein zen irakurri zenuen lehen liburua?
Tintinen abenturak. Hori gelditu zait buruan, behintzat.
Eta idazten? Noiz ausartu zinen jauzia egitera?
Aurrerago izan zen, 15 edo 16 urterekin. Garai hartan Tolosan ikasten nuen, eta irakasle batek herrian antolatutako literatur lehiaketa baten berri eman zigun. Animatu, eta irabazi egin nuen; lehiaketa gehiagotan izena emateko indarra eman zidan horrek. Gogoan dut txapelketa bateko saria garai hartako 20.000 pezeta-edo [120 euro] zirela, baina ez dirutan, baizik liburuak erosteko. Irakasle bati aholkua eskatu nion, eta zerrenda bat egin zidan. Egia esan, formazio literario sendoa eskuratu nuen urte gutxian. Asko irakurtzen hasi nintzen, eta horrek markatu du nire ibilbidea.
Makina bat sari irabazitakoa zara. Zer esan nahi dute sariek?
Sarien inportantzia makaldu edo apaldu egin behar dugu: kirolean oso garbi ikusten da nor izan den lehena, nor bigarrena eta nor hirugarrena; artean, baina, bakoitzari idazle onena nor den galdetuz gero, batek bat esango du eta besteak, beste bat. Azkenerako, gustuak dira. Norberaren sentsibilitatea sartzen da hor. Batzuek besteek baino hobeto idazten dute, baina zaila da onena zein den esatea, ez baita gauza zientifiko bat. Orduan, irabazten baduzu, ongi, baina ez harrotu. Eta ez baduzu irabazten, ez jarri zalantzan zeure burua; igual, ona zara, baina epaimahaikideek ez dute jakin izan zure trebezia ikusten. Hori esango nioke idazle gazteren bati.
Sariren bati uko egingo zenioke?
Ni, sistematikoki, ez nago sarien kontra. Idazleok, eta beste arteetan ere berdintsu gertatzen da, oso diru gutxi irabazten dugu liburuetatik: 1.000 euro, 2.000, 3.000 agian…, baina urtebete pasa dezakegu liburua idazten. Eta idazle euskaldunei dagokienez, zer esanik ez. Horregatik, idazle gehienak amateurrak gara, beste lanbide bat dugu, eta geure denbora librean idazten dugu. Alde horretatik, sariena bada bestela jasotzen ez dugun diru ordain bat eskuratzeko modua. Baina badaude sistema hobeak edo demokratikoagoak: proiektuei emandako bekak. Bukatutako lanak saritzea baino gehiago, proiektuak neurtzea eta merezi duenari aukera ematea. Zabaltzen ari da sistema hori.
Ogibidez, editorea zara zu, Elkar argitaletxean.
Ez dago editore karrerarik, eta gutxi batzuk gara aukera hori dugunak. Kasualitatez hasi nintzen. 20 urte ingururekin, Argia aldizkarira joan nintzen, euskaltzale sentitzen nintzelako eta lagundu egin nahi nuelako. Zer egiten nekien galdetu zidaten, eta, ikusirik zertarako erraztasuna nuen, liburuen kritikak egiten jarri ninduten. Ordurako, hainbat liburu argitaratuak nituen nik neuk. Behin, Elkar argitaletxera jo nuen beste liburu batzuk argitaratzeko. Justu orduan, editore baten beharrean ziren han, eta, ikusirik alde batetik idatzi egiten nuela eta bestetik kritikak egiten nituela, lanpostua proposatu zidaten.
Noizko kontuak dira horiek?
1988. urtean hasi nintzen. 36 urte pasatu dira jada, nire bizitzaren erdia baino dezente gehiago.
Ez zara aspertu?
Egun bakoitza oso ezberdina da. Ia egun guztia irakurtzen pasatzen dut, baina liburu bakoitza diferentea da. Nafarroako Erriberan kokatuta dagoen nobela poliziako bat irakurtzen ari naiz orain; hor sartuta nago. Baina Karmele Jaioren maitasun erromantikoko istorio bat nuen atzo esku artean. Liburu bakoitzean buru-belarri aritzen zara, zuzenketak egiten, nola hobetu pentsatzen… Muina antzekoa da, irakurtzea baita, baina bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Eta, horrez gain, badaude gauza txikiak ere: aurkezpenak, promozioak…
Ideia berriak badaude? Edo agortzen ari da imajinazioa?
Zorionez, ez da ari agortzen. Sormenaren krisirik ez dago. Idazle berriak badatoz atzetik, segitzen dute sortzen, ideia berriak dakartzate… Azken hamar urteotan erabateko aldaketa bat gertatu da, ordea, eta ez literaturan bakarrik, arte guztietan baizik: sortzaile guztiak emakumeak dira. Batetik, oso ona da hori; emakumeak baztertuta egon dira artearen hastapenetatik. Baina, bestetik, kezkatzekoa da; mutil gazteei ez zaie burutik pasatu ere egiten sortzea. Ingeniaritzara, informatikara, bideojokoetara… bideratzen dira, baina ez da ikusten mutilek idazten hasteko gogorik dutenik edo inguruak bultzatzen dituenik.
Eta irakurle krisirik badago?
Makal gabiltza irakurleetan. Irakurle onak dauzkagu, baina gutxi. Zergatik? Seguru asko, denbora faltan gabiltzalako, eginkizun gehiegirekin, eta estimulu askorekin: pare bat orduan ekintza bakar batean egoteko zailtasunak ditugu. Pantailaz inguratuta gaude. Ez da gauza bera pelikula bat etxean edo zinema aretoan ikustea, aretoan alboratu egiten baita inguruko dena, eta kontatzen ari diren istorioan zentratzen baitzara. Liburuekin, berriz, bakoitzak jarri behar du kontzentrazioa, eta geroz eta zailagoa da hori. Ez gurean bakarrik; esango nuke Mendebalde osoaren arazoa dela.
Euskara ere baldintza izango da…
Zailtasun areagotu bat dugu gai horrekin. Euskara kinka larrian dago, eta, literatura irakurtzeko, hizkuntzarekin eroso sentitu beharra dago. Kili-kolo dakizun hizkuntza batekin ezinezkoa da hori.
Zure lehen idatziak gaztelaniazkoak izan ziren, ezta?
Ikasketa prozesu guztia gaztelaniaz egin nuen, eta euskaraz erabat analfabetoa nintzen. Baina 18 urte bete nituenean kontzientzia hartu nuen, eta jabetu nintzen nire aitona-amonen eta gurasoen hizkuntza galtzen ari nintzela. Ez nintzen gai taxuzko bi ideia garatzeko, eta ez nekien euskaraz irakurtzen. Neure buruari esan nion ikasi egin behar nuela, eta euskaraz irakurtzen hasi nintzen; geroago, idazten. Nahikoa azkar egin nuen prozesua, neure kasa.
18 urte 1982an bete zenituen, frankismoa amaitu eta zazpi urtera, euskararen inguruko debekuak bukatuta eta kultur loraldi bete-betean. Testuinguru horrek izan zuen eraginik?
Erabatekoa. Euskal Herria herri zapaldua da, eta gure hizkuntza herri handietako hizkuntzek menderatua dago. Horren kontzientzia hartzen duzunean, pentsa dezakezu: “Niri bost axola”, edo “honi kontra egin nahi diot”. Nire kasuan, oso erabaki kontzientea da; erabaki kulturala da, politikoa, eta baita erabaki bital bat ere. Nire bizitza goitik behera baldintzatzen du, harremanak euskaraz egitea erabaki bainuen.
Denetik idatzi izan duzu: eleberriak, haur eta gazte literatura, antzerkia… Zein generotan sentitzen zara erosoen?
Kontalaria naiz, eta ipuinak idazten sentitu naiz erosoen. Narratiba da neure eremu naturala; batzuetan, umeentzat, eta beste batzuetan, helduentzat. Antzerkia ere gustatzen zait, baina zalantza dut benetan dominatzen ote dudan idazkera dramatikoa. Poesia ere idatzi dut, baina sekula ez dut argitaratu poesia libururik, uste baitut kaskarra naizela horretan. Prentsan ere garai batean asko idatzitakoa naiz. Artikuluren bat edo beste egin dut, baina saiakera luzerik, inoiz ez.
Zerk inspiratzen zaitu?
Ez dakit galdera horrek erantzun zehatz bat duen. Askotan, erdi brometan, erdi serio, esaten dut idazle batzuek kanporantz dituztela antenak, airean dauden istorioak jasotzeko, eta beste batzuek burua estutzen dutela, laranja bati zukua ateratzen zaion moduan. Esan nahi dudana da istorioak jaso ditzakegula kanpoan, gizartean gertatzen diren gauzetan, entzuten ditugun elkarrizketetan, kontatzen diguten pasadizo batean, pelikula bateko diapositiba batean… Eta, beste batzuetan, norbere oroitzapenak, ametsak, ezinak… nagusitzen direla. Bi bideak erabili izan ditut nik.
Gairen bati beldurrik badiozu?
Idazleak askatasuna behar du idazteko. Ezin du mugarik eduki, edo ezin da behartu nahi ez duena idaztera. Denok ditugu gustuko gaiak, eta horietara jotzen dugu. Harreman sentimentalak edo maitasun istorioak izan dira nire gai nagusiak, eta gure gatazkari eta arazo politikoei buruzkoak.
Leave a Reply