Zurrumurruek min handia egin dezakete, hainbatetan errepikatuta egia izatearen itxura hartzen dutelako askotan gizartean. Kristina Morales Tolosaldea Garatzen elkarteko Migrazio eta Aniztasun teknikariak azaldu duenez, “krisi garaian areagotu egiten da ‘bertakoak’ eta ‘kanpokoak’ bereizi nahi izaten dituen diskurtsoa”. Dinamika horrekin hautsi egin behar dela dio: “Jatorriak ez du garrantzirik izan behar, Tolosaldean bizi garen herritar guztiak hemengoak gara, eta berdin du non jaio garen”. Villabonako Udalaren eskaera bati erantzunez, zurrumurruen aurkako eragileak prestatzeko tailerrak jarri dituzte martxan Tolosaldea Garatzen-eko Migrazio eta Aniztasuna Sailak eta SOS Arrazakeria elkarteak.
Etorkinak gizarte laguntza asko jasotzen ari direla zioen zurrumurrua herritarren artean zabaltzen ari zela ohartzean erabaki zuten tailerrak egitea. “Proiektua Bartzelonako Udalak jarri zuen abian”, dio Moralesek. “[Udalak] Kezka zuen gai horren inguruan, zurrumurruek elkarbizitzarako ez dutelako batere onik egiten. Katalunian jende asko prestatu da, eta SOS Arrazakeriak hona ekarri du proiektua”.
Tailerra martxan jarri aurretik, Tolosaldeko hainbat eragileri galdetegi bat igorri zieten, hedatuen dauden zurrumurruak identifikatzeko. “Etorkinak gizarte laguntzei esker bizi dira, eta neurriz kanpo baliatzen dituzte”, “etorkinek ez dute integratu nahi” eta “etorkinek lana kentzen digute” dira zerrendako hiru lehen postuetan daudenak. Astearteko saioan, tailerreko bigarrenean, Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeria elkarteko kideak hiru zurrumurru horiek aztertu zituen.
“Lana kentzen digutela esatean, nor da lan baten jabea? Zergatik sortzen da norbaiten buruan lana bere jabetza dela esatea?”, galdetu du Unzurrunzagak. Ikuspuntu horrek “langile klasearen zatiketa” dakarrela dio: “Horren arabera, langile klasea gu izango ginateke, eta beste batzuk langileak izango lirateke, baina ez gu bezalakoak”. Ikuspuntu horren aurrean sindikatu guztiek beste diskurtso bat dutela esan du: “Denok gara langileak, langileen batasuna, guztiok batera aritu behar dugu krisitik ateratzeko…”.
Gizarte laguntzei dagokienez, “betiko arazoa” agerian jarri dela esan du Unzurrunzagak: “Badirudi batzuek besteek baino eskubide gehiago dituztela. Badirudi laguntza horiek jasotzeko eskubidea ez duela ematen norberaren gizarte egoerak, baizik eta norberaren jatorriak”. Lana aurkitzerakoan edo gizarte laguntzak jasotzerakoan, “lehentasun nazionalaren argudioa” azaltzen dela dio. “Abiapuntua ezin da izan jatorria, ezin da diskriminazio elementu hori sartu”.
Integrazioari dagokion zurrumurrua aztertzerakoan, prozesuan bi aldeek parte hartzen dutela azaldu du Unzurrunzagak: “Ez dago integraziorik bertakoak ezezkoa eman edo oztopo bat jartzen badu. Derrigorrezkoa da integrazio prozesu batean bertakoen oniritzia, onarpena eta, azken finean, bertakoen lana, haiek ere aldatzen direlako”.
Unzurrunzagak aurreiritziak izan ditu hizpide bere saioan: “Kasu batzuetan aurreiritziak zurrumurru bihurtzen dira, eta, horiek zabaltzen direnean, giro moral ezkor bat sortzen dute giza talde batzuen aurka. Izan daiteke etorkin guzti-guztiak hartuta, edo etorkinen talde jakin batzuei buruz, magrebtarrei buruz, adibidez”.
SOS Arrazakeriaren kideari “oso garrantzitsua” iruditzen zaio aurreiritzien eta zurrumurruen arloan eskuin muturrak duen eragina: “Aurreiritzien sortzaile handia da eskuin muturra gaur egun Europan, eta, gainera, etekin politikoa ateratzen du zurrumurru horiek zabaltzen direnean”. Hain justu, giro ezkorra sortzen denean, etekin politiko handiena jasotzen duena beti eskuin muturreko jarrera politikoa izaten dela esan du.
“Eskuin muturra oso mundu konplexua da, zabala, korronte asko daude, baina nahiz eta korronte asko egon, badituzte elementu komun batzuk”, gaineratu du. “Batetik, populismoa; bestetik, nazionalismo esklusibista bat, lehentasun nazionalaren ideiaren inguruan. Haien helburua da jatorria diskriminazio elementu gisa erabiltzea eta hori instituzionalizatzea”.
Isiltasunaren espirala
Villabonan lau saio antolatu dituzte zurrumurruen aurkako eragileak sortzeko tailerrean. Lehenengoan Xabier Aierdi soziologoak parte hartu zuen, eta gai baten inguruan duen jarreragatik sailkatu zuen jendea: hamarretik lau toleranteak izaten dira, beste lau anbibalenteak, eta bi uzkurrak. Immigrazioarekin ere hori gertatzen dela esan zuen Aierdik. “Kontra daudenak nahiko zaila da konbentzitzea, edo haieiurre egitea. Bi noranzkoan joaten diren horiekin egin daiteke lan. Tolerante jarrera dutenei datuak eman eta arrazoietatik heldu; eta anbibalente diren horiei emozionalki enpatiak bilatu”.
Bestalde, Aierdi isiltasunaren espiralari buruz aritu zen. “Diskurtso arrazista asko errepikatzen bada, legezkotzat jotzen dela ematen du, askotan entzuten delako”, esan du Moralesek. “Kontrako argudioak askotan ez dira esaten, ez dakigulako nola argudiatu hori ez dela egia”. Baina isiltasunaren espiral hori hautsi behar dela gaineratu zuen Aierdik; “norberaren aurrean ezin direla zenbait gauza esan azaltzea, ez delako onartzen horiek entzutea”.
Hurrengo astean egingo da Villabonan hirugarren saioa. Kataluniatik Rafa Crespo ariko da hizketan, han landutako esperientzia praktikoak azaltzera. Laugarren saioan, Tolosaldean zurrumurruei aurre egiteko zer egin daitekeen aztertuko dute. Tailerraren helburua, hain justu, horixe da: zurrumurruei kontra egiteko jendea prestatzea. 30 lagunek baino gehiagok eman dute izena, eta Morales gustura dago erantzunarekin: “Entzuten diren zurrumurruak gustatzen ez zaizkion jendea badago, eta horren aurka zerbait egin nahi duena”.
Hurrengo astean, Azkoitian
Tailer horiek Donostian, Errenterian eta Zarautzen egin dituzte aurretik, eta orain Villabonan dagoen Mintzola zentroan egiten ari dira. Asteartetik aurrera, Azkoitian ere izango dira. “Batez ere, sentsibilizatuta dagoen jendeari zuzenduta dago prestakuntza: zurrumurru horiek entzun eta gustura gelditzen ez den jendearentzat”, azaldu du Moralesek. Helburua erremintak ematea da, zurrumurruen aurkako argudioez hornitzeko eta horiek komunikatzeko.