Jone Arruabarrena
Etxe bila zabiltza. Alokairuan edo jabetzan, teilatu bat behar duzu, bizi ahal izateko. Higiezinen enpresa batera deitu, eta eskaintza zabala egiten dizute. Zaharrak, berriagoak, herriaren erdialdean daudenak, garestiagoak. Zure izen-abizenak entzutean edo zure azaleko kolorea ikustean, katalogoan jada ez dago etxerik zuretzako. Behin eta berriz errepikatzen da istorio hori higiezinen enpresetan edota jabe partikularrekin. Egoera hori bizi dute gaur egun etorkinek zein Euskal Herrian jaiotako pertsona arrazializatu askok. Kasu horietan gertatzen den arrazagatiko diskriminazioaz aritu ziren joan den ostegunean Donostiako Aquariumean, Ausartak, etxebizitza alokatzeko irizpide arrazisten aurka jardunaldietan. Zehar Errefuxiatuekin GKEak, Eraberean sareak eta Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu zuten.
Mari Carmen Jimenezek, esaterako, ondo ezagutzen du diskriminazio hori, askotan bizi izan baitu. Ijitoa da, eta baita Amuge Euskadi emakume ijitoen elkarteko kidea ere. Duela hemezortzi urte ijitoa izateak arlo horretan ekarri zizkion trabez aritu da Donostiako saioan. “Higiezinen agentziara joan aurretik, han hitz egiteko praktikatzen nuen, arropa ondo aukeratu… ez zezaten igarri ijitoa naizela”. Hala ere, Jimenezek ez zuen baiezkorik lortu, eta, azkenean, lankide baten gurasoek —azal zurikoak— beren burua eskaini zuten abal emaile gisa; horrela lortu zuen etxe bat erosteko aukera.
Oraindik ere, ezinegona
Gaur egun egoerak ez du hobera egin, Jimenezen arabera: “Oraindik ez dugu lortu ijitoen familiek alokairu libre bat lortzeko aukera izatea. Ezinezkoa da, eta horrek sufrimendu handia sorrarazten die. Txakurrak, umeak eta ijitoak ez dituztela onartzen dioten iragarkiak ikusi izan ditugu”. Zahra Bourasek ere bere egoera salatu du Donostiako jardunaldietan. Aljeriar errefuxiatua da, eta salatu du bi aldiz kartzelatu eta torturatu izan dutela, giza eskubideen alde lan egiteagatik. “Lasaitasun eta bake bila etorri nintzen hona. Ondo egokitu naiz, baina ezin naiz lasai egon orain bizi naizen etxean, bertako baldintzak ia-ia kartzelako berdinak direlako”. Familia bati etxeko gela bat alokairuan hartu zien Bourasek, eta familia horrek ezarritako baldintzak eta egiten dioten “presioa” salatu ditu: “Etxeko kontratuan dio ezin dudala dutxa erabili astean hiru minutuan baino gehiagoan, eta egunean ordubete baino ez dudala sukaldea erabiltzeko. Labea ere ezin dut erabili; giltzarrapo batekin ixten didate. Psikologikoki ere presio handia egiten didate”.
Arlo horretako diskriminazioa norainokoa den aztertu dute instituzioek Ganten (Belgika). Bertako udaleko ordezkari Frank Philipsek jardunaldi horretan parte hartu du, bideo dei baten bidez, eta azaldu du Ganteko higiezinen agentziei “froga” bat egin zietela, arrazagatik bezeroak diskriminatzen ote zituzten ikusteko. Horretarako, agentzia bakoitzera bi dei egiten zituzten etxe baten bila, soslai oso antzekoa zeukaten bi pertsona balira bezala. Bi horien arteko ezberdintasun bakarra zen batek atzerritar jatorria duten deiturak zituela. Jabe partikularrei dagokienez, belgikar jatorriko abizena zuten hamar pertsonatik lauri eman zieten ezezkoa, eta, atzerritar jatorriko izena zeukatenen kasuan, hamarretik zazpik jaso zuten ezezkoa. Ikertu zituzten berrehun agentzietatik, berriz, hamazazpi agentziatan atzeman zuten diskriminazioa.
Instituzioen erantzukizuna
Gipuzkoan, Yahya Aaboud Errenteriako bizilaguna izan da agentzien aldetik era horretako diskriminazioa jasan duten herritarretako bat. Bere familiarekin bizi zen etxeko jabea hil zenean, etxetik joan behar zutela jakinarazi zieten haren oinordekoek. Orduan hasi ziren etxe bila, baina ikusi zuten “zaila” zela: “Etxea aurkitzea lortu ez genuenez, jabearen oinordekoak bizilagunei esaten hasi ziren beraien etxea okupatzen genbiltzala, edo diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen ari ginela; gobernuaren laguntzetatik bizi ginela. Eta gezurra zen”. Agentzia batek eskainitako etxe bat begiz jo zuten, baina hura alokatzea ere ez zuten lortu azkenean: “Agentziakoek esan zidaten eurak ez zirela arrazistak, baina etxearen jabeak ez zuela nahi maizterra etorkina izan zedin”.
Aaboudek salatu du kexa jarri izan zuela Eusko Jaurlaritzako Zuzenean Herritarrentzako Zerbitzuan, baina ez ziotela onartu, horrelako salaketak komisarian egin behar zirela argudiatuta. Erantzun horri kontra egin dio Donostiako jardunaldietako beste hizlari batek: Mikel Mazkiaranek, SOS Arrazakeriako kideak. “Eusko Jaurlaritzak ziurtatu behar du biztanleei behar bezala ematen zaizkiela zerbitzu guztiak”. Aaboudek gehitu duenez, jabeak maizterren gaineko baldintzak eskatzen baditu, agentziak dauka horiek ez onartzeko erantzukizuna.
Abdoulaye Sarr Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kideak azaldu duenez, etorri berriak diren eta kalean bizitzea beste aukerarik ez duten etorkin adingabeekin egiten du lan berak. Adingabeok errolda lortzeko bederatzi hilabete itxaron behar izaten dute, batez beste, eta epe horretan ezin izaten dute etxe bat eskuratu. “Azkenean, erroldatzea lortu eta etxe bat izateko moduan daudenean, beste bide luze bat hasten da: etxea bilatzekoa”.
Leave a Reply