Eragin, hausnartu eta gozatu

Eragin, hausnartu eta gozatu

Mireia Galarza Bastida

Ikasturte berriarekin batera aurkeztu zuten Zarauzko Zirika euskara elkartea jendaurrean, irailaren 14an. Taldea sortu berria da, beraz. Beñat Intxauspe zarauztarra da kideetako bat, eta, haren hitzetan, “espero baino jende gehiago” joan zen lehen aurkezpen saio hartara. “Hirurogei lagun inguru” bildu ziren Zarautzen, eta jendeak “gustura” jaso zuen Zirika elkarteari eman nahi dioten ikuspegia. Izan ere, argi dute helburua “pixkanaka-pixkanaka lanean jarraitzea” dela, “ekintza jakinekin eta sakoneko plan estrategikorik gabe, jendea ez erretzeko”. Zirika elkarteko taldekideen artean, oraingoz, Euskaraldian parte hartze aktiboa izan duten herritarrak daude, bereziki.

Intxauspek azaldu du orain dela urte batzuk, “2016 inguruan edo”, egon zela herrian gisa horretako talde bat sortzeko ahalegina, Euskaltzaleen Topaguneak bultzatuta. Hala ere, prozesuak ez zuen ibilbide luzea izan; izan ere, atera zuten ondorioetako bat izan zen herrian ez zutela horrelako elkarterik nahi. “Iraganetik erreta geunden, baina gauzak beste modu batean egin nahi ditugulako elkartu gara orain, bakoitzak bere neurrian, nahiz eta funtsean berriro bat egin dugun eta ia guztiok berberak garen”, esan du Intxauspek. Oraingo saiakera “eraginkorragoa” izango delakoan daude, ordea, eta Intxauspek adierazi du kanpotik ere mezu bera jaso dutela, euskara elkartea sortu izana “albiste pozgarria” dela esan baitiete inguruko hainbat herritarrek.

Bide horretan, hurrengo urratsa urriaren 7an egin zuen taldeak, hausnarketa saio bat gauzatuta. Azaroan, berriz, kantu bazkaria egingo dute, eta, abenduan, mahai ingurua.

Izenak dioen moduan, “zirikatzea” da Zarauzko Zirika euskara elkartearen helburuetako bat; zirikatzea, eta, ahal dela, “ondo” pasatzea. Asmo horrekin sortu dute egitasmoa. Dena den, bestelako helburu batzuk ere baditu Zarauzko elkarteak: topagune izatea esparru eta era askotako euskaltzaleentzat, eta kanpotik iristen diren euskararen aurkako erasoei erantzuteko tresna bihurtzea.

25 bat lagun hausnartzen

Urri hasierako hausnarketa saioari garrantzia eman dio Intxauspek, hainbat eragileren eta herritarren proposamenak jaso baitzituzten. Adierazi duenez, 25 bat lagun elkartu ziren Gaztelekuan, eta hiru taldetan banatu zituzten. “Gure asmoa da euskararen bueltako ekintza jakinak pentsatzea, eta ekintza horiek hiru bloketan banatzea erabaki genuen: eragin, hausnartu eta gozatu”. Eragitea litzateke pentsatzea zer egin daitekeen euskaraz gutxi edo batere hitz egiten ez dutenek hizkuntza erabiltzeko; bigarrenaren bidez, asmoa da euskararen inguruko gai jakinei buruzko hausnarketa prozesu batzuk sortzea; eta gozamenaren arloan, azkenik, hizkuntzarekin gozatzeko moduko ekintzak egin nahi dituzte. Intxauspek jakinarazi duenez, “ekarpen asko” egin zizkieten parte hartzaileek, eta, hain zuzen ere, ekarpen horien arabera zehaztuko dute hurrengo urteko bidea: “Ekarpen batzuk arrakastatsuagoak izan ziren beste batzuk baino, eta proposamen arrakastatsu horiei lehentasuna ematen saiatuko gara orain”.

Adibideak mahai gainean jarrita, gozamenarekin eta eragitearekin zerikusia daukaten bi aipatu ditu Zirika elkarteko kideak: gozamenari dagokionez, bakarrizketena ideia arrakastatsua izan zela jakinarazi du Intxauspek, baita herriko ikastetxeetako ikasleei bakarrizketak sortzen irakasteko tailerrak antolatzea ere. Eragin arloari dagokionez, berriz, TELP (norberaren hizkuntza ingurunea lantzeko tailerra) ikastaroak nabarmendu ditu euskaltzale zarauztarrak: “Parte hartzaileek erreminta psikologiko eta emozional batzuk eurenganatzen dituzte, horri esker interakzio linguistiko jakin batzuei aurre nola egin ikasteko”.

Bideratzaile lanak

Euskararen inguruan gertatzen ari diren aferek eurei ere eragin dietela azaldu du Intxauspek; hala nola, Iruñeko Lezkairu auzoko ikastetxeko D ereduari buruzko liskarrak eta udal legearen epaiaren inguruko aste honetako azken gorabeherek. Horien harira, Zirika”beti euskara defendatzearen alde” egongo dela argitu du Intxauspek: “Guk ez dugu deialdi propiorik antolatuko, baina, ahal dugun neurrian, deialdi nazionalak babestuko ditugu, eta horietara joateko bitartekoak jarri”.

Zarauzko euskara elkartearen ateak parez pare zabalik daudela azpimarratu du Intxauspek, eta herritarrei dei egin die, Zirikako kide egin daitezen eta bakoitzak ahal duen ekarpena egin dezan. Horretarako, herritarren eskura jarri dute zirika@ni.eus posta elektronikoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.