Mirentxin gidarien azken bidaia

Mirentxin gidarien azken bidaia

Jone Arruabarrena

Sagardotegira txango asko egin izan ditu Mirentxin gidarien taldeak, dirua lortzeko, baina aurtengoa berezia da, helburu bakarra duelako: gure ibilbidea bukatu dela ospatzea”. Horrela mintzo da Imanol Arzuaga Kima (Hondarribia, 1967), Lezoko Azkena tabernaren aurrean eserita dagoela. Normalean tristeak izan ohi dira amaierak, baina oraingoa pozik hartu dute Oiartzualdeko taldeko kideek, zera baitzen hasi zirenetik nahi zutena: euskal presoen urruntze politika amaitzea, eta, hala, senideek eta lagunek haiek bisitatzeko bidaia luzeak egin behar ez izatea.

Mirentxin taldekoak 2020an ziren sagardotegira joatekoak euren amaiera ospatzeko, baina, pandemia dela-eta, ezin izan zuten. Beraz, orain egin nahi dute txangoa, “behar bezala amaitzeko”. Arzuagak hogei urte egin ditu Mirentxinen. Asensio Biaina Kaxka (Lezo, 1963) dauka parez pare eserita; hark ere bi hamarkada egin ditu euskal presoen senideei kartzeletara laguntzen.

“Lehendabizi, geure furgonetak erabiltzen genituen, edo jendeari eskatzen genizkion; bestela, alokatu egiten genituen, eta gero erabaki zen furgonetak erostea”, dio Biainak. Oiartzualdea eskualdean antolatu zuten taldea, 2000. urtearen inguruan. “Berez, Mirentxin egitasmoa Mungian [Bizkaia] sortu zen, eta preso baten bikotekideak horrela izena zuelako jarri zioten izen hori. Laster hedatu zen Bizkaiko beste leku batzuetara, Gipuzkoara… eta hona ere iritsi zen”, azaldu du Arzuagak. Oiartzualdekoa izan zen, hain zuzen, Gipuzkoan sortu zuten lehenetarikoa, eta Donostiako taldea sortzeko lanetan ere lagundu zuten, Biainak esan duenez: “Hasieran gure furgoneta erabiltzen zuten, eta gero erosi zuten propioa”. Ondoren, Oñatin sortu zuten beste talde bat, eta, azkenerako, hamabi talde sortu zituzten herrialdean. Hasieran bidaiak hurbilago zeuden kartzeletara egiten bazituzten ere, gero eta urrunago joaten hasi ziren, Biainak oroitu duenez: “Hasieran, Herrera de la Manchako eta Soto del Realeko kartzeletara [Espainia] joatea egokitu zitzaigun gure eskualdekoei. Espetxeka banatzen ginen, baina gero aldatuz joan ginen, eta Salamancara, Cadizera, Galiziara eta Huelvara joatea ere egokitu zitzaigun”.

Etxerat elkarteak antolatu eta koordinatzen zituen bidaiak, senitartekoek zituzten beharren arabera. “Nahiz eta gu Oiartzualdekoak izan, Donostian edo Bilbon bizi zen jendea ere jasotzen genuen, eta gero abiatzen ginen. Haiek hartu, eta tokatzen zen espetxera joaten ginen”, esan du Arzuagak. Hala ere, hark nabarmendu du urteak pasatu ahala antolaketa aldatuz eta “finduz” joan zirela: “Ikasi genuen hobeto antolatzen. Hasieran, senideak espetxera sartzen zirenean, gu furgonetetan geratzen ginen, lo, baina, gero, hiri batera heltzen ginenean, haiek hasi ziren espetxera joaten furgoneta hartuta, eta gu bitartean hotelen batera joaten ginen lotara. Gero, bila etortzen ziren. Etxerat elkartearekin ere koordinazioa nabarmen hobetu zen. Kristoren lana egin dute haiek ere: etengabe telefonoa aldean, bati deitzen, bestea jasoko genuela ziurtatzen…”.

Taldea, handitzen

Mirentxinen aritzen zen boluntario taldea handituz joan zen, eskualdean laurehun lagun izateraino. Txandak antolatzen zituzten asteburuero gidari lanak egiteko. “Oiartzualdeak bi furgoneta zituen, eta astero-astero joaten ginen, inoiz hutsik egin gabe”, esan du Biainak. Hogei urtean ez dute inoiz hutsik egin? “Nik, behintzat, inoiz ez”, erantzun du Biainak. “Nik ere ez”, esan du Arzuagak; agian, noizbait egokitu zaigu elurragatik buelta eman behar izatea, ezin zelako pasatu. Baina konpromiso handia zuen talde bakoitzak”.

Urtero, eskualde bateko udalerri bateko taldeak hartzen zuen furgoneten mantentze lanak egiteko ardura: astelehenero biltzen ziren, ibilgailua garbitzeko, txukuntzeko eta beharrezko berrikuspenak egiteko. “Azkenean, zuk eramaten duzu jendea, eta zure ardura da dena behar bezala egotea”, nabarmendu du Biainak. Gainera, biek azaldu dute gidariez gain bazela mantentze lanak egiteko ardura hartzen zuen jendea ere.

Mirentxin

Mantentze lanetarako zein furgonetak erosteko diru “dezente” behar izaten zuten, Arzuagak azaldu duenez: “Azken urteetan, lau urtean behin bi furgoneta erosi genituen. Horrek 24.000 euroko gastua zuen. Horrez gain, gasolina, gurpilak aldatzea, bestelako mantentze lanak… segurtasuna bermatzeko, oso ondo zainduta zeuden ibilgailuak, eta horrek ere gastua zeukan”. Hori guztia ordaindu ahal izateko, mota guztietako ekintzak egin dituzte Mirentxineko kideek urte askoan. “Txosna muntatzen genuen jaietan, garagardo festa antolatzen genuen, kamisetak egiten genituen… denetik”, adierazi du Biainak. Sagardotegiak ere antolatu izan dituzte dirua biltzeko.

Biek azpimarratu dute egoera “latza” izan arren, “oso aberasgarria” izan zaiela taldean parte hartzea. Batez ere, senideekin sortutako harremana azpimarratu du Biainak: “Erlazio zoragarriak sortzen ziren. Senideak babestuta sentitzen ziren, eta gu ere oso maitatuta sentitu izan gara beti, bidaia guztietan. Giro polita sortzen zen”. Arzuagak ere bidaiek ekarri dizkioten “momentu politak” aipatu ditu: “Askotan esaten ziguten ea nola gal genezakeen asteburu oso bat senideak eramateagatik. Niretzat, ez zen asteburua galtzea: ematen nuena baino askoz gehiago jasotzen nuen. Askotan esaten dut militantzian egin dudan gauzarik politena izan dela”.

Normalean, ostiral arratsaldez ateratzen zen furgoneta Euskal Herritik, eta larunbat gauerdirako bueltatzen ziren etxera askotan. “Bidaia batzuk gogorrak izan dira. Ostiraletan 18:00etan ateratzen ginen, Errenteriatik-edo, eta Huelvara [Espainia] hurrengo goizeko seietan iristen ginen. Hango hotelen batean lo egiten genuen eguerdira arte, eta senideek bisitak bukatzean, elkarrekin bazkaldu, eta bueltatu egiten ginen, berriz ere errepidean beste hamabi ordu egiteko”.

Harrera ona hoteletan

Biainari eta Arzuagari arreta eman zien Espainiako leku ezberdinetako hoteletan egiten zieten harrerak. “Gezurra dirudi, baina hoteletan harrera elegantea egiten ziguten. Nahiz eta jakin euskaldunak garela eta zertara gindoazen, oso ondo tratatzen gintuzten. Alde humano hori ere ikusi genuen haien aldetik. Nik uste dut konturatu zirela hedabideetan gutaz esaten dutena ez dela hala”, azaldu du Arzuagak. Hala, biek “gustura” egiten zuten bidaia, eta pasarte politak ekarri dizkie gidari lanetan aritzeak. “Harreman estua sortzen zen senideekin, eta suertatu izan zait urte batzuen ondoren kalean ikustea, preso zeukaten senidearekin batera. Asko eskertzen digute”, dio Arzuagak.

Egoera, ordea, beti ez zen erraza. Oztopoak ere aurkitu izan dituzte bidean; “kontrolak eta istripuak”, kasurako. Baita bestelako eragozpenak ere, Arzuagak barre artean esan duenez: “Basurde batzuk harrapatu ditugu bidean; nik uste dut bi aldiz egin dudala topo basurdeekin”.

Senideen lekuan egotea ez zen gozoa, eta Biainak esan du gidariek ere “ezinegonaz” bizi zutela espetxera iritsi arteko bidaia: “Heldu arte edozer gauza gerta zitekeen: istripu bat, motorra izorratzea… Iritsi bitartean beldur hori geneukan beti. Buelta jada lasaiago egiten genuen”. Arzuaga bat dator kidearekin: “Nik uste dut gidari guztiek eduki dugula kezka hori. Helburua iristea zen, eta bueltan jada lasaiago ibiltzen ginen, bagenekielako inork ez zuela bisita galdu”.

Bisitak, amaierara arte

Bisitak bermatzea izan da urte horietan guztietan Mirentxinen lema eta egitasmoaren helburu nagusia: “Ez dadila preso bat bera ere geratu bisitarik gabe. Furgonetarekin ezin bada, gure autoarekin, baina bermatuta egon behar du presoak eta senideak elkarrekin egongo direla, astero-astero”. Helburuari “azken momentura arte” eutsi diote, azken urteetan geroz eta senide gutxiagok behar izan duten arren garraioa bisitak egiteko. “Hasierako urteetan, jo eta ke ibiltzen ginen. Furgonetan sei edo zazpi leku bazeuden, guztiak betetzen ziren”, dio Biainak.

Azken urteetan gutxituz joan ziren kopuruak, presoak ateratzen, hurbiltzen edo Euskal Herriratzen joan ziren heinean, eta bi edo hiru lagunekin egin izan zituzten bidaiak. “Hala, garestiago ateratzen ziren bidaiak; izan ere, bi pertsona edo sei eraman, gastua berdina zen. Baina erabaki genuen hor egongo ginela, nahiz eta preso bakar bat egon urrun”, esan du Arzuagak.

Senideek diru kopuru bat jartzen zuten bidaia bakoitzeko, gastuak ordaintzen laguntzeko, baina kopuru bera izaten zuten, esaterako, Herrera de la Manchako kartzelara edo Huelvakora joan behar zutenek. “Batzuetan dirua galtzen genuen, baina egitasmoen bidez konpentsatzen genuen. Azken urteetan, adibidez, gasolinarako ere ez genuen nahikoa senideek emandako diruarekin, baina beste modu batean lortzen genuen dirua, eta kito”, jakinarazi du Imanol Arzuagak.

Pandemiaren aurretik “azken agurra” egin nahi zuten, baina “badaezpada” gordeta zeuzkaten furgonetak. “Senideek jada ez zeukaten beharrik. Batzuek Zaragozara edo Burgosera [Espainia] joan behar zuten presoa bisitatzera, eta ez zuten gure laguntzarik behar; beraz, ez zeukan zentzurik furgonetak gordeta edukitzeak, gastua zekarrelako”. Ibilgailuak saldu egin dituzte, eta lortutako dirua Etxerat euskal presoen eta iheslarien elkarteari eman diote.

Autobusean egingo dute bihar Mirentxin gidariek azkeneko bidaia: Errenteriako Egi-Luze sagardotegira. Bazkari batekin ospatuko dute bukaera, jai giroan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.