Jone Arruabarrena
Gipuzkoaren historiako pasarte ezezagunen gainean argi egiteko helburuarekin, herrialdean faxismoak izan duen ibilbidea azaldu zuen Karlos Iñaki Fernandez historialariak (Barakaldo, Bizkaia, 1985) Donostian, Koldo Mitxelena kulturunean, joan den asteartean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1933tik 1945era faxistek izan zuten ibilbidea aztertu du Fernandezek doktoretza tesian, eta, gaur egun, Paduako Unibertsitatean (Italia) ari da gerra zibiletan indarkeria praktikatzeari buruzko ikerketa proiektu bat garatzen.
Zergatik da beharrezkoa faxismoak Gipuzkoan izandako ibilbidea ikertzea?
Tesiarekin hasi nintzenean, ez zegoen gai horri buruzko ikerketarik. Memoriaren aldetik, faxismoaren tradizio politikoa ahaztu egin da Euskal Herrian; besteak beste, tradizionalismoak subsumitu egin zuelako. Bestalde, falangistak frankistatzat hartu izan dira iruditeria kolektiboan, besterik gabe, hemen oso gutxi zirelako, entitate eta ideologia propioak zituen taldetzat hartu beharrean. Horrek eragin zuen Bigarren Errepublikan eta gerra zibilean kontuan ez hartzea talde hori hor zegoela.
Noiz iritsi zen faxismoa Gipuzkoara?
Falange Espainola mugimendua 1934an sortu zen ofizialki Gipuzkoan, baina lehenago bazeuden haren inguruko talde txikiak. Donostian, adibidez, GU kultur taldea sortu zuten, giro horrekin lotura zuena, Juan Manuel Aizpurua arkitektoa buru zuela. Hura izan zen gero Gipuzkoako Falangearen burua.
Nolako indarra zeukan faxismoak 36ko gerraren aurretik?
Gipuzkoan indar txikia zuen; 120 edo 140 militante izango ziren, guztira. Gainera, Gipuzkoan estatu kolpeak porrot egin zuen, eta irailaren amaierara arte tropa matxinoek ez zuten kontrolpean hartu. Beraz, denbora tarte horretan 39 militante hil zituzten. Haietako bi, prozesu judizial baten ondoren, eta gainontzekoak, paseoetan [36ko gerran fusilamenduak izendatzeko erabiltzen zen eufemismoa] edo kartzelan. Horrek esan nahi du militanteen zati handi bat galdu zuela taldeak. Bestalde, errepublikaren garaiko aginte mahaiko kide guztiak ere hil zituzten, eta, beraz, oso ahulduta geratu ziren. Bizkaiko eta Arabako taldeek lortu zuten beraien miliziak eratzea, baina Gipuzkoako milizianoek Burgos [Espainia] eta Nafarroakoekin batu behar izan zuten.
Zer-nolako harremanak zituzten garai hartako gainontzeko talde politikoekin?
Langile mugimenduarekin eta alderdi komunistekin, anarkistekin, errepublikanoekin eta sozialistekin harreman gatazkatsua zeukaten; askotan, indarkeriazkoa. Nazionalistekin harremana konplexuagoa zen, erlijioaren kontuan bat zetozelako bi aldeak, baina nazio auziari dagokionez, guztiz kontrakoak zirelako. Tradizionalismoarekin askoz harreman hobea zeukaten. Dena den, loturarik interesgarriena alfontsotar monarkismotik zetozen ideologiekin eduki zuten falangistek, esparru soziologiko beraren gain baitzuten eragina bi ideologiek.
Tradizionalistak eta falangistak FET y de las JONS alderdian batu ziren gero. Nolakoa izan zen bi taldeen arteko lotura?
Haiek ez ziren batu; Francok batu zituen, eta bi aldeek hasieratik mesfidantzaz begiratu zioten bateratzeari. Bazeuden begi onez ikusi zuten sektoreak, baina, orokorrean, ez zen erraza izan. Falangistek manifestazioak antolatu zituzten, inplizituki bateratzearen aurka protesta egiteko. Tradizionalistek ere ez zuten guztiz ondo ikusi: instituzioetan kargu gehiago zituzten, baina alderdi barruan baztertuta sentitzen ziren, taldea bera molde faxista baten gainean eraiki zutelako. Beren sinboloak alde batera utzi zituztela uste zuten, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ekonomia Ituna kendu zutenean ere gatazka sortu zen.
Ekintza paramilitarrak ere egiten zituzten falangistek?
Bai. Gipuzkoan egin zuten gisa horretako ekintza gehien. Esaterako, Manuel Carrion Donostiako Falangeko burua tiroz hil zuten Ondarretako hondartzan eskuorriak banatzen ari zela, eta hilketa horri erantzun zioten gero Falangeko talde paramilitarrek.
Zer gertatu zen?
Gipuzkoako Falangeko kideez gain, beste leku batzuetako taldeetakoak etorri ziren Donostiara, eta Manuel Andres Casaus Azañaren garaiko Segurtasun zuzendari nagusia hil zuten.
Horrelako gertakari gehiago izan ziren?
Bai. Esaterako, 1936ko uztailean Calvo Soteloren hileta egin zuten Donostian, eta falangistak Artzain Onaren katedraletik Cara al Sol abestuz eta agur faxista eginez atera zirenean, tiro egin zieten pareko atartetik. Tiroketa bat hasi zen orduan, eta sindikatu falangistan afiliatutako ikasle bat hil egin zen. Gertakari horietan hildakoak izan ziren, baina falangistekin istilu txikiak izatea ere eguneroko ogia zen.
Bigarren Mundu Gerra amaitzean, falangistek onartu zuten ez zutela hartuko erregimen frankistaren gidaritza. Non geratu ziren?
Eskuineko familia politiko asko geratu ziren erregimen frankistan integratuta, eta, hortik abiatuta, erregimenaren barneko garbiketa bat hasi zen, erregimena ezartzen ari zen politikekin zeukaten gertutasunaren arabera. Hasieran, Alemania nazia gerra irabazten ari zela zirudienean, falangistek botere handia bereganatu zuten Espainian, baina 1942tik aurrera botereak beherakada nabarmena izan zuen. 1945ean, Alemaniak eta Italiak gerra galdu zuten, eta Francoren diktadurari komeni zitzaion erregimen faxistaren irudia garbitzea; beraz, falangistek nabarmen galdu zuten garrantzia erregimenean.
Leave a Reply