“Inoiz ez dut dirurik eskatu; lan eginez irabazi nahi dut”

2006an etorri zen Gipuzkoara Abderrahman (Maroko, 1966). Izena bai, baina abizena kentzeko eskatu du, hura babesteko. Lan kontratu batekin etorri zen, eta, lanean egon den bitartean, alokairuan bizi izan da, Hernanin. Orain, ordea, krisiak irtenbiderik gabe utzi du, eta, lehenengoz, Hotzaldi programako parte hartzaile bihurtu da; horren garrantziaz aritu da, hain zuzen.

Zein da zure egoera?

Basoko lanetan aritu nintzen urtebetez. Hura amaitzean, nekazaritza lanak egiten hasi nintzen. Denetik egin dut, eta kontraturik gabe ere lan egin behar izan dut, irauteko. Krisiak, ordea, ezer gabe utzi nau. Beti Lanbiden izena emanda egon naiz. Lehen, ordezkapenak egiteko deitzen zidaten, baina, orain, ezta hori ere. Azken lau urtean, autoan lo egin dut anaia gaztearekin. Baina, aurten, udaltzainek, autoari IATa pasatu ez diogunez, kendu egingo digutela esan digute. Ni hona etorri naiz, baina anaiak autoan bizitzen jarraitzen du.

Zer da Hotzaldi zuretzat?

Nire bizitokia da. Hemen jasotzen dugun tratu ona azpimarratzekoa da. Harreman estuak sortzen dira hemen. Egia da hutsune handia dudala bizitzan, eta barruan zama handia daramat, baina honek asko arintzen du sufrimendua. Sekulako laguntza eman didate hemen, eta oso garrantzitsua da zentro hau guretzat.

Gauez Hotzaldin egoten zara. Zer egiten duzu egun guztian?

Goizero Gurutze Gorrira joaten naiz. Han, eskolak jasotzen ditut, euskara eta gaztelera eskolak, esaterako. Eguerdian, janari beroa jaten dut Laguntza Etxean. Gero, liburutegira-edo joaten naiz, eta laurak aldera berriro RAISera. Han, gizarte langileekin ere biltzen naiz. Egunero, eraikin horietatik guztietatik pasatzen naiz. Laguntza hori guztia beharrezkoa da niretzat, eta horrela, behintzat, ezagutu egiten naute.

Programa amaituta, zer egingo duzu?

Ez dakit. Hilabete gehiagoz balego zabalik, laguntza handia izango litzateke, baina ez da horrela, eta, hilaren bukaeran, guztiok alde egin beharko dugu [Elkarrizketa programa amaitu aurretik egin zen]. Dakidana da ez naizela Gipuzkoatik mugituko. Hemengo bizi-maila hobea da, eta jendea oso jatorra da.

Zein da zure helburu nagusia?

Lehenbailehen lana aurkitzea. Nik inoiz ez dut dirurik eskatu; lana egin nahi dut, nire bizitzari eta neure gastuei aurre egin ahal izateko. Ikastaroak-eta egiten ditut formatzeko. Baina ikastaroetan ere jende asko dago langabezian, eta askotan, gainera, herrian erroldatuta egotea eskatzen dute. Askok esaten didate nire adinarengatik zaila izango dudala… Ni saiatzen naiz, behintzat. Ikasten jarraituko dut, eta ea zerbait aurkitzen dudan pauso bat aurrera emateko.

Kalean dagoen jendea parte hartzera animatuko zenuke?

Bai, noski. Anaiari ia egunero esaten diot lagunduko diodala, baina hark nahi izan behar du hona etortzea. Nik esaten diot laguntza nahi badu nik erakutsiko diodala bidea, baina ezin dut ezertara behartu. Kaleko egoera oso gogorra da, eta hau laguntza handia da.