U. Zubeldia
“Urduri samar” dago Amane Area musikaria (Irun, 2006). Artista hasiberria da, eta Irungo Gazteartean Fest jaialdian ariko da bihar, 18:30etik 18:45era.
Gazteartean Fest jaialdiaren kartela hartu eta hor ageri zara zu ere. Nola iritsi zitzaizun jaialdian parte hartzeko aukera?
Gazteartean Fest jaialdia antolatzen duen talde berberaren Got Talent lehiaketa batean parte hartu nuen duela bi urte. Pixkanaka, beste ekintza batzuetan parte hartzeko ere deitu zidaten, eta hala iritsi zait aukera orain ere. Urduri samar nabil aste osoan, baina urduritasun polita da.
Hamabost minutuko saio txiki bat izango da zurea. Oso gutxi da, aukeran?
Tira… Azkar pasatuko da denbora, baina jaialdian parte hartzea aukera izugarria da niretzat. Nire estiloarekin bat egiten duten kantuak aurkeztuko ditut; bertsio batzuekin hasiko naiz eta nire kantu batzuk ere aurkeztuko ditut.
Sortzailea ere bazara, beraz?
Orain gutxi hasi naiz kantuak sortzen, bai.
Nolatan ekin zenion musikari bideari?
Bateria jotzailea zen nire osaba, Javi Area, eta familian beti eduki izan dugu oso presente musika, bazkarietan-eta. Osabak sartu ninduen musikaren munduan, eta pandemia garaian hasi nintzen gehiago abesten. Duela bi urte hil zen osaba, minbiziarekin, eta kolpea izan zen, baina musikaren munduan gehiago murgiltzeko grina sentitu nuen. Abesti bat ere sortu nuen bere omenez.
Musikari gisa sentitzen duzu jada zeure burua edo zaletasun hutsa da oraingoz?
Betidanik, zaletasun gisa bizi izan dut musika, eta ez dakit noraino helduko naizen, baina gustatuko litzaidake musikari bidea egiten saiatzea. Gozatu egin nahi dut, eta gauza berriak deskubritu.
Nolako musika da zurea?
Genero desberdinak lantzeko gaitasuna daukadala esango nuke. Biolontxeloa jotzen hasi nintzen, baina gitarrak erakarri ninduen gero, eta gitarra akustikoarekin aritzen naiz orain. Sentimenduetan pixka bat eragiten saiatzen naiz nire kantuetan.
Nor izan duzu eredu musikaren munduan?
Identifikatuta sentitzen naiz Maren, Izaro edo Rozalenekin, zerbait kontatzeko beharra sentitzen duten abeslariekin.
Non irudikatzen duzu zeure burua hamar bat urte barru?
Psikologia ikasketak egiteko asmoa daukat, baina ez dakit bizitzak nora eramango nauen. Gozatzea besterik ez daukat buruan.
Leave a Reply