Zentrifugoak eta zentripetoak

Euskal herritarron edo euskaldunon arbaso guztiak, edo ia guztiak behintzat, baserritar bakartuak zirela dioen topikoari kontra eginez, antzinako euskaldunena “batez ere nabigatzaile promiskuoen herria” izan zela adierazi zuen Ander Izagirrek Vuelta al país de Elkano liburua aurkeztu zuenean. Euskal Herria gaur egun den bezalakoa baldin bada, ez da, Ander Izagirreren ustez, mendez mende nekazari bakartuen herria izatearen ondorio, alderantziz baizik, euskaldunek kanpoko munduarekin eta inguruko nahiz urrutiko herrialdeekin izandako etengabeko harreman biziarengatik.

Ez da Ander Izagirre esaten dutena nolanahi eta aurretik gaia landu gabe esaten duten kazetarien saldokoa, eta liburuak —gaztelaniazko saiakera arloko Euskadi saria irabazi berri, zorionak, Ander, ondo merezitako sariarengatik!— arestian aipatutako baieztapen hori ondo oinarrituta dagoela frogatzen du. Euskaldunak ez gara guztiok eta beti zentripetoak izan, eta euskaldun askoren izaera zentrifugoa dago, neurri handi batean behintzat, gaur egun garenaren jatorrian.

Ander Izagirreri eskerrak eman beharrean gaude hori esateagatik, euskaldunok eta euskal kultura —eta euskaldun askoren asmo politikoak ere bai, jakina— gutxiesteko erabili izan baita sarritan euskaldun itxi, uzkur eta fidagaitzaren irudi topikoa, euskaldun gaixotasuneraino eta larritasuneraino zentripetoarena, alegia.

Hala ere, niri Vuelta al país de Elkano liburuaren kontrapuntutzat jo daitekeen beste liburu bat ekarri zidaten gogora Ander Izagirreren adierazpenek: William A. Douglass-en Death in Murelaga (University of Washington Press, 1970; gaztelaniara itzulia duela 50 urte, eta gaur egun hizkuntza horretan irakurgai Alberdania argitaletxeak egindako berrargitalpenean). Mendialdeko herrietako baserri giroan euskaldun zentripeto asko aurkitu zuen antropologo estatubatuarrak, eta mendez mende mendi artean iraun zuen kultura baten lekukotasuna jaso zuen, funtsean oso zentripetoa zen kultura batena, tarteka ale zentrifugoren bakan bat edo beste sorturik izango bazuen ere. Eta hortik ere bagatoz, dudarik ez.

Haur eta gazte nintzela, jaiotetxeko balkoitik, Hernio mendiaz eta Martirieta auzoaz gain, noiznahi ikusten nuen Zabaleko Joxe zena aurreko belazean, traktorearekin simaur tontorrak banatzen lehenik, sardearekin simaurra zabaltzen gero, “gizandi bat irudi, soroan zut”, Lizardiren eran esanda. Jaio zenetik (XX. mendearen bigarren edo hirugarren hamarkadan) hil zen arte (2005ean) Google Earth jarraika izan balu, ikustekoa izango zen Zabaleko Joxeren bizialdi osoaren emaitza geografikoaren estutasun murritza, zentripetotasun —gaur egungo gure ikuspuntutik begiratuz gero bederen— ia-ia klaustrofobikoa. Bere baserriari zeharo lotuta bizi izan zen hura beti. Hasieran, seguru asko, ez zuen besterik ezagutzeko aukerarik izan, eta aukera izan zezakeenerako batere gogorik ez, nik uste, hantxe gustura hura, bere paradisu ñimiñoan. Eta zenbat horrelako gure inguruko herri-bazter eta mendietan!

Batak ez du bestea kendu, denetarik izan dugu, eta bataren aldarrikapenak ez gintuzke bestea gutxiestera eraman behar. Ondo daki hori Ander Izagirrek berak ere, eta halaxe erakutsi zuen “munduen zaintzaileak” aurkeztu zizkigunean, zentripetotasunik ederrenaren adibide gogoangarriak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.