Kerman Garralda Zubimendi
Jan aurretik erein egin behar den bezala, festa egin bezperan josi egin behar da. Azaroaren 25ean izango da Ormaiztegiko XIX. mendeko Eleganteen Bilkura, San Andres jaietan, baina prestaketa lanekin hasita daude jada herritarrak. Horren erakusgarri, Zumalakarregi museoak antolatutako XIX. mendeko jantzigintzaren inguruko ikastaroko laugarren eta azken bilkura egingo dute bihar: urriko lehen hiru larunbat arratsaldeetan, hamar bat emakumek osatutako talde bat elkartu da museoko beheko solairuko aretoan, eta han elkartuko dira bihar ere. Kontu-kontari, josten aritzen dira, duela berrehun urteko moda jarraituz.
Orain oihal solteak direnak jantzi dotoreak izango dira hilabete barru. Aurtengoak “are dotoreagoak” izango dira, batzarraren hamargarren aldia delako —2012an hasi ziren, eta 2020an eta 2021ean eten bat izan zuten COVID-19aren pandemiak eraginda—. “Elegante Eguna lehenagokoa da, baina, bainuetxearen memoria berreskuratzeko asmoarekin, XIX. mendeko modan zentratzea proposatu genuen 2012an”, oroitu du Lourdes Azpiazu Aizpiolea Zumalakarregi museoko arduradunak. “XIX. mendeko modaren inguruko eskuliburu bat sortu genuen Itziar Ormaetxearen eta Nuria Cortesen laguntzarekin”. Hori oinarri hartuta hasi zen jostun talde bat arropak sortzen. “Beldur ginen ez ote ginen gu bakarrik jantziko XIX. mendeko arropekin, baina bikain erantzun zuten herritarrek”. Izan zuen arrakasta ikusita, XIX. mendeko poltsetan zentratu ziren hurrengo urtean; geroago, txapeletan… Hala iritsi dira aurtengo ekitaldiraino. Angela Urrestarazuk bere amama Jesusa Arratibel Dorronsororen ezkontza jantzia dohaintzan eman die jostunei, eta, hori oinarri hartuta, patroiak atera dituzte, Leire Santillan jostunarekin batera. 38, 40 eta 48 neurri sorta ere osatu dute.
Moda eduardotarra
XIX. mendean “pentsamolde eta bizimodu aldaketa bat” gertatu zela esan dute Ormaetxeak eta Cortesek prest duten eskuorrian. Teknologiaren garapena azkartu egin zen, eta, modaren alorrean, prozesuaren mekanizazioa egonkortu. Hala, gehiago ekoizten hasi ziren, eta arropak merkatu egin ziren; hartara, goi klasekoentzat esklusiboak ziren diseinuak jende gehiagoren eskura egon ziren. Emakumeei dagokienez, lan munduan eta ikasketetan sartzen hasi ziren pixkanaka. “Jantzien zurruntasuna” da moda eduardotarraren ezaugarrietako bat —belle époque delakoaren bukaerakoa da—. “Oso jantzi estuak dira, mugimendu gutxi onartzen dutenak, baina emakumeen gorputzeko kurbak nabarmentzen dituztenak”.
1854an zabaldu zuten Ormaiztegiko bainuetxea, Gabiriatik Ormaiztegira doan Eztanda ibaiaren albo batean, han bazelako ur sufretsua jariatzen zuen iturburu bat. Hamar urte geroago, Madril-Irun tren zerbitzua martxan jarri zuten bainuetxearen gainean, eta Espainiako goi mailako turismoa heldu zen Gipuzkoara. Trenbideak eta bainuetxeak “sekulako aldaketa” eragin zuten ormaiztegiarren bizimoduan, lehen sektorea utzi eta bigarren eta hirugarren sektorera pasatu zirelako.
Dena den, loraldia idortu eta bainuetxearen jarduna eten egin zuten 1964an. Eraikinak hainbat erabilera izan zituen gerora, baina, urteen poderioz zaharkituta, 1980ko hamarkadan eraistea erabaki zuten azkenean. “Hogei herrialdetatik baino gehiagotatik etorritako herritarrak dauzkagu Ormaiztegin, belaunaldi berriak ere bai, eta jabetu ginen bainuetxearen historia ez zela ezaguna, galtzen ari zela. Berreskuratu egin nahi izan genuen”, azaldu du Azpiazuk. Modaren bidez egin dute, alde batetik, eta Bainuetxeko ahotsak podcasta grabatzen ari dira, bestetik. Gaur zortzi aurkeztuko dute, Europako Ondarearen Jardunaldietan.
Eleganteen juntadizoa, lehen, “gazteen festa” bakarrik izaten zela gogoratu du Azpiazuk, baina errotu eta zabaldu egin da gerora. Familia kide guztiak janzten dira, “haur txikietatik aitona-amonetaraino”. Guztiek elkarrekin bazkaria egiten dute gero, festa borobiltzeko.
Leave a Reply