“Nire jakinduria eta esperientzia azaltzea tokatzen zait orain Realean”

“Nire jakinduria eta esperientzia azaltzea tokatzen zait orain Realean”

Urko Etxebeste Petrirena

2008tik 2019ra jokalari gisa Realaren elastiko txuri-urdina jantzi ondoren, eta Fundacion Albacete nahiz Irungo Mariño taldeetan jokalari eta entrenatzaile lanetan aritu ostean, Sandra Ramajo Morenok (Irun, 1987) Zubieta du, berriz ere, bigarren etxea. Donostiako klubaren emakumezkoen laugarren taldearen ardura hartu du irundarrak; 2008 eta 2010 bitartean jaiotako futbolari taldea du haren aginduetara, sasoi honetan sortu berria den taldea.

Realera itzuli zara. Zirkulu bat itxi, edo, besterik gabe, beste ziklo bat hasi duzu?

Ez da izan zirkulu bat ixtea. Zirkulu berbera da, atera nintzen talde berberera itzuli naizelako, baina beste zeregin bat betetzeko. Orain, beste era batera biziko dut dena.

Lehen, aldagelan eserita izaten zinen zu, zutik izaten zen entrenatzailearen aginduak entzuten. Orain, berriz, zu zeu zara zutik hizketan aritu behar duena.

Bai, eta berezia izaten ari da. Agian, jokalari pentsamoldea dut oraindik. Batzuetan arraro egiten zait hizketaldiak eta horrelakoak egitea; agian, oraindik ez dudalako entrenatzaileek duten hitz egiteko askatasunik. Baina entrenatzailea naiz: jokalariei nire jakinduria eta esperientzia guztia azaltzea tokatzen zait orain Realean, baina, aldi berean, badakit zer senti dezakeen jokalari batek. Jokalari guztiak niri so gelditzen dira orain, baina ari naiz postuari tamaina hartzen.

Nola sortu zitzaizun Realeko entrenatzaile izateko aukera?

Prozesu bat izan da dena. Realetik Fundacion Albacetera joan nintzen 2019an, baina beti izan dut lotura Realarekin; Garbiñe Etxeberria kirol zuzendariarekin, adibidez, edo jokalariekin. Hiru urte egin nituen Albaceten [Espainia], horietako bat pandemia garaikoa; azken urtean, bigarren entrenatzaile izan nintzen. Hangoa bukatuta, Realetik deitu zidaten, zein asmo nuen jakiteko. Irungo Mariñora joan nintzen entrenatzera, Realera etortzeko goizegi zela uste nuelako. Realera joan aurretik, Mariño izan zen nire taldea.

Zer-nolako esperientzia izan zen Mariñokoa?

Ikasketa oso-osoa izan zen. Entrenatzaile izateaz gain, denetik egin nuen han: jokalariekin fisikoa landu, taktika, klubaren barruko kudeaketa lanak eta bestelako lan asko. Futbolaren lokatza zer den ezagutu nahi nuen urratsak egin aurretik. Mariñoko urtea amaituta, Realaren atea jo nuen, ea aurrekoan bezala ni fitxatzeko asmoa ote zuten jakiteko, eta atea ireki zidaten. Kadete mailako entrenatzaile naiz orain.

2008 eta 2010. urteen artean jaiotako neskekin ari zara lanean. Realean daude horiek jada, eta asmo handiak izango dituzte goi mailara iristeko. Baina kontziente al dira oraindik bide luzea dutela egiteko?

Oso garrantzitsua da jokalariek hasieratik jakitea oso-oso zaila dela Realaren lehen taldera iristea. Garai batean, beharbada, ez zeuden harrobiko hainbeste talde, eta emakumezkoen futboleko fitxak gutxiago ziren; lehen, agian, errazagoa zen lehen taldera iristeko bidea, baina maila hobea dago orain, eta bidea zailagoa da. Nahiz eta Realaren deia jasotzen dutenean goraino iristeko itxaropena izateko arrazoiak eduki, berriz esan nahi dut oso zaila dela Realaren lehen taldera iristea. Aukerak badituzte, baina latza da bidea.

Jokalariei eta haien gurasoei argi uzten diegu Realera iristea lehen urrats bat dela, garrantzitsua, baina, iritsita ere, dena ez daukatela egina. Saiatzen gara mezu lasaia ematen, egunetik egunera hazten joan daitezen jokalari bezala, eta lan egin dezaten, parean duten eskailera oso luzea delako. Eta, bidean gelditzen dena, gogorra bada ere, ez dadila hondoratu.

Jokalari gazteenen arlo emozionala lantzea ere garrantzitsua da beraz, ezta?

Realetik joan nintzenean jada emakumezkoen lehenengo taldean bazegoen psikologo bat. Oso garrantzitsua da arlo emozionala, eta, teknika eta taktika bezala, landu egin behar da. Arlo hori hazten joan da klubean. Astean behin, Realaren B, C eta kadeteen taldeekin pertsona bat aritzen da arlo emozionala lantzen, baina futbol esparrutik kanpo. Zelaian entrenatzen gara, baina asteko egun batean, entrenatu aurretik, saio bat egiten dugu: buru osasuna, lidergoa nahiz emozioak lantzen ditugu, eta jokalariek ere hitz egiteko aukera izaten dute, ez bakarrik futboleko gauzez, kanpokoez ere bai. Nire jokalariak oso gazteak dira, batzuetan kostatu egiten zaie hitz egitea ere, baina emozioak landu egin behar dira.

Sasoi honetan sortutakoa da Realaren emakumezkoen kadete mailako taldea, laugarrena; 2022-2023koan sortu zuten hirugarren taldea… Mantso edo azkar ari da Reala emakumezkoen egitura osatzen?

Nire ustez, bide egokia egiten ari da kluba. Realaren martxa emakumezkoen futbolaren martxaren antzekoa da. Hau da: izan dira klubak bidea oso azkar egin dutenak, talde asko denbora tarte gutxian sortu dituztenak, baina, azkenean, desagertu egin dira talde horietako asko, dena kudeatzeko gaitasun ezagatik. Reala klub profesionala da, eta munduan erreferentzia bihurtzen ari da lantzen duen metodologiagatik eta talde guztien jokatzeko modu erakargarriagatik. Emakumezkoen taldeetan ere metodologia eta jokatzeko era hori ezartzen ari gara, eta zentzu horretan ere erreferente garela uste dut.

Kontua ez da talde asko izatea; gauza asko hartu behar dira kontuan. Adibidez: Gipuzkoako klubek euren egiturak mantendu behar dituzte, ez bailitzateke ona Realak, haiei jokalariak kenduta, talde asko sortzea, beste talde guztiak ahulduz. Realetik ez dugu oztopatu nahi Gipuzkoako emakumezkoen futbolaren hazkundea. Oiartzun edo Añorga bezalako klubek, adibidez, betidanik egin izan dute emakumezkoen futbolaren aldeko apustu sendoa, eta Eibarrek ere proiektu polita du. Jokalariak Realera etor daitezen lan egiten dute, berriz, Gipuzkoako kirol elkarte askok, Realarekin hitzarmena dutelako. Reala egitura osatzen ari da, baina abiadura oso egokian, taldeen arteko oreka mantenduz, eta kategoriatik kategoriara jauziak bermatuz, guztiek lan metodologia barneratzen duten bitartean.

13-15 urteko nesken entrenatzailea zara. Zeure burua identifikatuta ikusten al duzu haiek egiten ari diren bidearekin?

Bai, eta inbidia pixka bat ematen didate. Nik haien adina nuenean, ez zegoen nire adinekoen Realeko talderik. Nik nire garaian nituenekin alderatuta, sekulakoak dira jokalari gazte horiek entrenatzeko eta futbolean jokatzeko dituzten baldintzak. Gazte horiek, agian, pentsa dezakete hobetzeko gauza asko daudela oraindik, eta hala izan daiteke. Baina nik ezagutu nituen entrenamendu zelai, azpiegitura eta bestelakoetatik urrun dago gaur egungo egoera.

Zer antzematen duzu jokalarien artean?

Ilusioa. Horrek oroitarazten dit nik neuk nola sentitzen nuen futbola gaztetan. Realera iritsi berriak dira nire jokalari guztiak; klub txikietatik iritsi dira gurera, eta Zubietan dena berria eta handia da haientzat. Hemen, entrenatzeaz gain, jarduera edo ekintza osagarri asko dituzte; ikasketak egiteko aukera, tartean. Entrenamenduen kalitatea ere oso handia da, metodologia jakin bati jarraituz egindakoa; zentzu bat du guztiak. Gauza guztiei baietz esaten diote nire taldeko jokalariek, edozein baloiren atzetik azkar batean hasten dira lasterka… Realera iristeko aukera izan dute haiek. Ni, agian, gaur egun ez nintzatekeen iritsiko Realera!

2018-2019ko denboraldian Espainiako Kopa irabazi zenuen Realarekin, baina sasoi horren bukaeran Albacetera joan zinen. Zer-nolako esperientzia izan zen Albacetekoa?

Ona. Hara joan aurretik, kapitaina nintzen Realean. Ondo nengoen, maitatua sentitzen nintzen, dena nuen hemen, [Espainiako] Kopako txapeldun izan ginen… Baina, une hartan, futboletik haragoko arrazoiengatik, ez nengoen nire onenean; 2018an izan nuen belauneko lesiotik errekuperatzen ari nintzen, gainera. Realetik aldentzea eskatu zidan buruak; ez arazoei ihes egiteko, baizik eta berriz ere neure burua aurkitzeko, eta, aldi berean, konfort egoeratik irteteko, nituen arazoei aurre egin ahal izateko. Patxadaz hartu nuen erabakia. Toki egokia zela iruditu zitzaidan, taldearen erreferentzia onak nituen, eta Realetik harago futbola eta bizitza beste era batera ikusteko gogoa izan nuen. Asko ikasi nuen Albaceten, gauza onak eta txarrak.

SANDRA RAMAJO
Espainiako Kopa. 2019ko maiatzaren 11n, Realaren emakumezkoen taldeak lehenengoz irabazi zuen Espainiako Kopa, Granadan, Atletico Madril 1-2 menderatuta. Sandra Ramajok altxatu zuen kopa.

Nerea Eizagirre eta Ane Etxezarreta bakarrik gelditzen dira 2019an zuk Reala utzi zenuen talde hartatik.

Harreman ona dut haiekin, azken batean oso esperientzia onak partekatu nituelako; tartean, Kopako titulua. Belauneko lotailu gurutzatua hautsi nuenean ere haiekin nintzen. Azken urteotan ez dut zeharo eten harremana, mezu bidez, batez ere. Egun, ez gara asko ikusten, haiek Zubietan goizez entrenatzen direlako eta gu, arratsaldez. Baina beti izango dugu sentimendu bat komunean: Realeko jokalariak izan gara.

Irundarra zara zu. Real Union eta Mariño Irungo taldeek emakumezkoen proiektu bateratua hasi berri dute. Zein iritzi duzu?

Oso proiektu interesgarria da. Jokalari asko daude Irunen, eta proiektu sendo bat behar dute horiek. Mariñok urte asko daramatza emakumezkoen futbolaren alde oso ondo lanean, baina, jokalari asko izanda ere, baliabide, entrenamendu zelai eta entrenatzaile falta zuen. Real Unionek badu indar hori, eta emakumezkoen futbolaren aldeko apustua egin nahi zuen klub horrek ere. Beraz, uste dut oso egokia izan dela elkartzea, Bidasoko jokalariak bertan gera daitezen eta ikus dezaten apustu sendoa dagoela Irunen.

Munduko Kopan gertatu den guztia eta gero, Espainiako Estatuan aldatuko al da emakumezkoen futbola?

Emakumezkoen futbolaren aldeko benetako apustua egin dadin nahi dute jokalariek. Munduko txapelduna da Espainiako selekzioa, eta hori balora dadin nahi dute. Baina aldaketak beharrezkoak dira, eta horiek gauzatu daitezen desio dut. Ez bakarrik ligan, baizik eta harrobiko maila guztietan. Emakumezkoen Espainiako Lehen Maila indartsua izatea nahi badute, beheko maila guztietan egin behar dira hobekuntzak, entrenatzeko tokietatik hasi, entrenatzaile kualifikatuekin jarraitu, eta mutilen zein nesken taldeak dituzten klubek horien arteko berdintasuna bermatu arte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.