Ekitaldi nahiko solemne, ofizial eta aspergarri horietako bat. Antolatzaileak eta autoritateak irekialdiko diskurtsoak botatzen dabiltza. Jardunaldiarekin lotutako gaiez dihardute, ia topikoz betetako hitzartzeak dira. Saihesteko, protokolozkoak direlako. Agintariak euren berbaldian, baina eztul kutsagarriak eten ditu mintzaldiok. Gaixotu ote dira bertaratutakoak? Bai, baina ez dute katarrorik, euskarafobia daukate. Auditorium dotorean, dotorezia bako auditorioa.
Larunbat gau baten, zapping ekinaldian, aurpegi ezaguna topatu, baina lekuz kanpo. Espainiako telebista jeneralista bateko aurkezlea ETB2n. Jakin-minak bultzatuta, tartetxo bat eman telekomandoaren gurpil zoroari, eta perla hau entzun hizlari bat aurkezterakoan: “A ver si lo digo bien: Belaustegigoitia! (ea ondo esaten dudan: Belaustegigoitia)”. Wikipediak dio euskal herritarra dela perlaren egilea. Arduratsua bere jarduna, baina abizen luzea —ez hain zaila— txarto esateko beldur denak zer egiten du ETBn? Ez ote dago kazetaririk gurean gai denik saio bat ganoraz aurkezteko ez ezik, hemengo abizenak ere ondo esateko?
Sare sozialetan sartu, eta elkarrizketa bateko leiho batek hau zioen: “Euskaraz hitz egiten dugunak erdia baino gutxiago gara herri honetan. Eta, hala ere, gure aurrekontuaren erdia euskarazko kateetara bideratzen dugu”. ETBko zuzendariak Argia aldizkariari egindako adierazpenak dira. EAEko herritar guztiok dakigu gaztelaniaz; beraz, argumentu horren arabera, zergatik ez egin gaztelania hutsean? Ahaztu egin zaio zuzendari horri zertarako sortu zen ETB?
Pasa den astean EAEko Auzitegi Nagusiko buru ohiak adierazpen batzuk egin zituen euskaldunon hizkuntza eskubideen kontrako azken epaiak kritikatu dituztenen aurka, eta ENAMek (Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua) epaileei zilegitasuna kentzeko eginiko kanpainekin parekatu zituen. ETA amaitutakoan, dena da ETA estrategia ote da hori? Euskalgintza, terrorista omen kritikatzeagatik. Berriro ere deabrutze kanpaina martxan. Adierazpenok, gainera, Buesa fundazioaren ekitaldi batean egin zituen. Oso adierazgarria.
Azken hamabost egunetan gertatutako lau kontu ekarri ditut hona. Konturatuz gero, ez ditut atzenengo epaiak aitatu, nahiz eta epe berean izan diren, ezta aurreko hilabeteetan jasotakoak ere. Nahita, Euskalgintzak jaso dituelako, eta bihar, larunbatean, Bilbon euskararen kontrako oldarraldiari jarkiko gatzaizkiolako.
Epaiok euskarofoboak direla argi erakusten dute. Hala ere, egunerokoan mikroeuskarafobiak badauzkagula begintatzen zait, mikromatxismoak bezala, guztiz barneratuak; ez bakarrik euskararen kontra daudenek eginikoak —ez ahaztu, hemen ahoz ez dago inor aurka—, euskaldun euskaltzaleok ere badauzkagu oraindik erauzi gabeko tik batzuk, mendeetan jasandako bazterkeria eta mespretxuak eragindakoak. Uste okerrak, egia faltsuak, gure hizkuntza gutxietsi eta abandonatuarazi digutenak historikoki. Askotan lortu dugun apurrak merezi ez dugula ere sinetsarazi digute, autogorrotoa ere eragiteraino gutxiespenok.
Horregatik, gure borroka, emakumeonari gertatzen zaion lez, euste lana ere bada. Itsasoari irabazitako lurra dira gure eskubideak, eta ezin gara geratu bertan goxo, beti erne egon behar dugulako, hurrengo oldarraldian ere tinko jarraitzeko.
Leave a Reply