Urteroko zita doinu beltzetan

Urteroko zita doinu beltzetan

Miren Mujika Telleria

Aspalditik du Soraluze herriak blues, jazz eta gisa horretako doinu beltzetarako zaletasuna. Bost urte dira aurten Blues Hotsak musika jaialdia antolatzen hasi zela herrian Gaztelupeko Hotsak diskoetxea, eta antolatzaileek diote “urteroko zita” bihurtu dela jaialdia harrezkero. Gaur hasiko da bosgarren aldia, hain zuzen ere, eta, Ubane Uzin antolatzailearen hitzetan, egitarau “eklekikoa” eta “askotarikoa” antolatu dute aurten.

Belar hostoak diskoko kantuek emango diote jaialdiari lehen kolpea. Walt Whitman poeta estatubatuarraren zazpi poema oinarri hartzen ditu diskoak, eta Txomin Artolak argitaratu zuen, 1978an. Iazko martxoan, baina, 44 urte geroago, beste bizialdi bat eman zion diskoari Txomin Artolaren seme Urbil Artolak, jatorrizko diskoaren berrinterpretazioa argitaratu baitzuen Dani Venegas, Antxon Sarasua, Jon Gurrutxaga eta Andoni Etxebeste musikariekin batera. Hain justu, bost artista horiek igoko baitira gaur Soraluzeko herri antzokiko oholtzara. “Kalitatezko countrya eta cluesa eskainiko dute”, azaldu du Uzinek.

Hilaren 22an emango diote jarraipena festibalari. Jon Gurrutxagak Rory Gallagher musikari irlandarraren ibilbideari buruz idatzitako Arima Beltza eta beste liburuaren aurkezpenarekin. Uzinek zehaztu duenez, irudiak eta musika tartekatuko ditu Gurrutxagak aurkezpenean. “Agertzen direnei liburua oparituko diegu”, gaineratu du.

Hurrengo egunean, berriz, Amy Winehouse soul, jazz eta blues abeslari ospetsuaren jaiotzaren 40. urteurrena dela eta, dokumental bat proiektatuko dute: Amy. La chica detrás del nombre (Amy. Izenaren atzeko emakumea).

Madrilgo Jairo Zavala da Depedro musikari eta abeslariak hartuko du oholtza azaroaren 24an. “Musika mestizoa” egiten duela jakinarazi du Uzinek, eta, hain justu, Antes de que anochezca (Ilundu aurretik) diskoa aurkeztuko du jaialdian.

Hilaren 25ean, berriz, kontzertu bikoitza izango da. Eguerdian izango da aurrenekoa, herriko Musika Eskolako konboen eskutik. Bigarren kontzertua Gisele Jackson abeslari estatubatuarrak joko du. “Bere soul eta blues errepertorio sutsua aurkeztuko du Gisele Jacsonek, eta talde bikain bat izango du lagun”. The Shu-Shu Organ trioa arituko da harekin egun horretan.

Utzitako arrastoari omena

Amy Winehouseri “maitasunez” eta “omenaldi gisara” egindako kontzertu batek bukatuko du Blues Hotsak-en aurtengo egitaraua. Zortzi lagun arituko dira taula gainean; horien artean, Errukine Olaziregi abeslaria.

Kontzertuen berri ez ezik, berrikuntza baten berri ere eman du Uzinek: jakinarazi duenez, kontzertuek iraun bitartean, haurren zaintza zerbitzua izango da aurten.

Doakoak izango dira sarrera batzuk, eta besteak, berriz, 10 euroren truke erosi ahalko dira. Soraluzeko Iratxo tabernan izango da sarrera erosterik, eta baita 943-75 13 20 telefono zenbakira deituta ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.