Leire Narbaiza
Taulak ez zaizkit larregi gustatzen, Excel programa are gutxiago. Ez naiz ondo moldatzen. Baina taula bik liluratuta naukate. Bata, kimikako taula periodikoa da. Sinbolo, zenbaki eta letra horiek, goitik beherako ezker-eskumako ordena… dena bizi garen unibertsoaren oinarriak azaltzeko. Zoragarria! Eta enamoratuta naukan bestea euskal aditz laguntzaileen taula da. Bai, frikia naiz, eta harro nago. Itzela da aditz laguntzaile osoa orrialde bakar batean sartu ahal izatea, puzzle piezak ordenatzea baino ez da behar. Hor dago koska! Ikaragarria da, hala ere, hain kontu konplexua hain ondo sintetizatzea.
Baina nire mirespen hori ez dute zenbaitek sentitzen. Sinpletu egin behar dela diote batzuek, zaila delakoan. Ez da erraza, ez. Ederki gogoratzen dut lehenegoz Nor-nori-nork “irakatsi” zidateanean. Gainera, irakasleak esan zidan guk ere erabiltzen genuela hori, adierazi barik zelan esaten genuen, edo zelakoa zen gurea. Ez nion sinistu, ezin nuelako imajinatu gure amama buruan taula hartuta, pertsonen arteko bidea egiten zeozer kontatu aurretik. Ezinezkoa.
Zaila, gaitza, nekeza. Konforme, ez da erraza nagusitan ikastea. Baina gure inguruko hizkuntza handi bi horiek aditz formak aiseago ikasten ote dira? Frantsesez aditz irregularrendako liburu oso bat dago —La Bescherelle—. jakiteko zelan jokatu aditzok. Gaztelaniazkoak ere orriak eta orriak betetzen ditu gramatikan. Baina inori ez diot entzun esaten sinpletu egin behar direla auzo hizkuntzok. Gurea gaitzagoa ote?
Ez. Lehen aitatu dudan amama euskaraz alfabetatu gabekoak bikain erabiltzen zituen, laguntzaileak zein trinkoak, eta baita gaur egunean gutxitxo entzuten diren beste batzuk ere. Beraz, hor beste faktore batzuk ere badaude.
Baina aditz taulan agertzen ez den beste adizki batzuk ere badauzkagu. Ez, ez nabil trinkoez, hikaz baino. Hitanoa, hain berezia eta bizia. Galzorian, leku askotan, batez ere (nola ez!) noka, emakumeekin erabiltzen dena. Jende asko kontra dauka, beste batzuek zuzenean ezabatu egiten dute taulatik, ikasmaterial baten baino gehiagotan ikusi izan dut desagertuta forma zuzenetan. Aitatu ere ez dut egingo zer gertatzen den alokutiboarekin! Zentsura hutsa.
Hiketa beharrezkoa dugu bizitzeko euskaldunok? Ez, makina bat tokitan ez dute erabiltzen. Beste batzuetan, ostera, naturaltasun osoz, eta kanpotik etorritako umeek ere ikasi dute toka (gizonekin erabiltzen dena, nola ez). Esate baterako, Azkoitian. Ume euskaldundu horrek, gure amamak bezala, aditzak ganoraz erabiltzen baditu, “hain gaitzak” izanda, lehen esan dudan moduan, beste faktore batzuk ere egongo dira ikaste prozesuan, ezta? Jakina! Adibidez, inguruak euskaraz berba egitea, input asko euskaraz izatea… Horrek egiten du adizkiak ondo jakitea, gaztelaniazko eta frantsesezko irregularrak “natural” ikasten diren moduan. Horretarako, eskolaz gain, milaka ekintza, medio eta baliabide eskaini behar zaizkie ikasten dabiltzan heldu zein umeei.
Azkoitiko mutiko horren adibidea jarri zidaten pasa den ostiralean, Oñatin, Euskal Herriko I. hika topaketetan. Bertan hizketa modu hori biziberritzeaz jardun genuen 80 bat lagunek. Zorakeria? Agian. Kapritxoa? Ez hainbeste. Beharrezkoa euskarari eusteko? Ez. Euskara indartzeko, baina, erreminta ederra izan liteke.