Kiratsaren nostalgia

Uste dut Zuzeu-n irakurri niola norbaiti tabernetan erretze hutsa baino gehiago, barran jarrita kafearen eta zigarretaren konpainian ematen zuen ordu erdi baketsu haren falta sumatzen duela. Lege berria indarrean jarri zutenetik pare bat urte besterik ez da pasa, baina antzeko sentipena daukat. Kea kanpora egotzi behar horrek korridore bihurtu ditu ostatuak, lehen txoko bakarrean kieto egin zitekeena bi espaziotan banatu baita. Nik ere lehengoa nahiago nuen, eta arraroxeagoa da beharbada, sekula ez dut-eta bizio hori izan.

(Bai, Inaxio, mozkortutakoan Ainhoari porroak egiteko kaka ematen zioat, baina, badakik, haiei putz egiten ibiltzen nauk, era patetikoan, ezer irentsi gabe).

Jakin gabe geratu nintzen, eta inork ezingo dit azaldu zein eragozpen zegoen auzo bakoitzean erretzaileentzat lizentzia berezia izango luketen lokalak egoteko. Herriko hirutik bat, esaterako. Erretzaileak gure ingurutik alde egitera ez, beraien ohiturei uko egitera derrigortu genituen. Patxadaz aritzeko behar luketen espazioetan deseroso sentitzera. Niri atarietan bakar-bakarrik dale fuego ari direnei barkamena eskatzeko gogoa ere sartu izan zait.

Berlinen legea batere urratu gabe taberna askotan oraindik erretzen dela ikusteak pozten nau. Orain länder gehienetan indarrean dagoena baino arau gogorrago bat onartu zuten Alemanian joan zen hamarkadan. Baina urteekin hain neurri gogorren beharrik ez zegoela jabetu ziren. Garagardoarekin zigarreta bat erre nahi duenak badaki nora jo, eta airea garbi-garbi nahi duenak ere bai. Lagunarte aspergarriaz nekatu den orok aitzakia ezin hobea du, gainera, haiengandik ihes egiteko.

Tira, niri ere izorratzen dit igandeetan kriston biharamunarekin esnatu —hori ezin legediak galarazi, ez— eta jakak Febreze-arekin astintzen ibili behar izateak, kirats deabruzkoa kendu ezinik. Baina pub batean oxigeno puruaz gozatzea eskubide bat denik ez daukat batere argi. Ordu horietan galduta dabilenak merezi du biriketan zabor pixkat itsatsita geratzea.

Eta guztiz jota egongo naiz, baina bakarrik eserita ikusten ditudan erretzaile beteranoei halako miresmen bat hartzen hasia naiz aspaldian. Egitekoak utzi eta bost minutuz direnei eta ez direnei buruz bueltak ematen lasai dabiltzala ikusteak inbidia eragiten dit. Benetako inbidia sanoa horixe izango da, ziur asko.