“Nahiago nuke hemen bizi”

E. Goenaga Lizaso

Asteazkena. 11:30. Ia 30 gradu itzaletan. Fresko egoten da San Telmo museoan, baina ez dabil jende asko. “Atzo bai; asteartetan doan da sarrera, eta jende pila bat etorri zen erakusketa ikustera”, dio harrerako langileak. Bake ituna erakusketaren zati bat dago San Telmon; ostiralean inauguratu zuten, Donostia 2016ko egitarauan garrantzi handiko erakusketa da, eta oihartzun handia izan du hedabideetan. Langileek diotenez, ari da jendea erakartzen. “Baina, gaurko beroarekin, jendeak nahiago du hondartzara joan”. Hala da, gabarroian jende gehiago dago museoan baino.

Bertaratu direnen artean, turista itxura dute askok. Baina, eguraldiak praka motzak eta elastiko tiraduna janztera gonbidatzen du; ez da erraza turistak bereizten. Adin nagusiko emakume bati euskaldun itxura hartu dio kazetariak, eta hurbildu zaio. “Sorry, I don’t understand. I’m from Bath, England“, erantzun dio —”Barkatu, ez dut ulertzen. Bath-ekoa naiz, Ingalaterrakoa”—. Alex Kolaçovski du izena. Senarra ingeniaria dela, hura kongresu batera etorri dela eta berak hiria bisitatzeko aprobetxatu duela azaldu du. “Ez nekien ezer, eta oso sorpresa ona izan da kultur hiriburua zela jakitea”. Erakusketaren berri izan, eta bertaratu egin da. “Itxura zoragarria du. Ea zerbait gehiago ikusterik dudan bost egunotan”. Kultur hiriburutzaren kontua ez zaio arrotza. “Ingalaterran hainbat hiri izan dira kultur hiriburu, eta onura handia atera diote. Ea zortea duzuen”.

Denak ez dira turistak, halere. Lore Jauregi Zarauzkoa da, eta Donostian bizi da. Lehen aldiz izan da Donostia 2016ko jarduera batean. “Ez dut parte hartu. Gauza asko egin dira, baina ez naiz etorri”. Hernaniko Xabier Gurrutxagarentzat ere lehen aldia da. “Aspaldi nuen San Telmora etortzeko asmoa, eta aitzakia erakusketa honek eman dit”.

Aurrerago, adineko gizon bat dago, adi-adi koadro bati begira. Ez du turista itxura. “Hogei urtez irakasle izan nintzen Donostian, baina orain Azkoitian bizi naiz. Egunero pentsatzen dut ‘nahiago nuke aurten Donostian biziko banintz’. Propio etorri naiz erakusketa ikustera”, dio Esteban Arrietak. Kultur hiriburutzaz zuen iritzia aldatu egin dela aitortu du. “Kongresu, hitzaldi eta halakoak espero nituen gehiago, baina ez, kultura oso zabala da, eta dena hartzen asmatu dutela dirudi”.

Donostian bizi dira Itziar Arrizabalaga (Beasain), Maribel Lariz (Eibar) eta Inmakulada Arratibel (Beasain). Elkarrekin iritsi dira San Telmora. Donostia 2016ri buruzko iritzia eskatuta, “oso ondo” erantzun du Larizek. Arrizabalagak ere baietz dio buruarekin: “Jarduera pila bat daude, eta jende askorengana iritsi dela ematen du. Uda gau bateko ametsa ikustera joan nahi genuke, baina sarrerak amaitu dira”. Larizek dioenez, 2016aren aurretik jendeak agian bazuen “beldur pixka bat”: “Baina orain jendea pozik ikusten dut, eta parte hartze handia izaten ari da”.

Erdi eta erdi

San Telmotik, Alderdi Ederrera; Donostia 2016k atondutako informazio gunera. Agus Aduriz, Silvia Santos eta Aloña Ganboa ari dira bertan lanean. Inork baino hobeto dakite jendeak nolako informazioa bilatzen duen eta zer dakien kultur hiriburuaz. 20 minututik gora egin du kazetariak zain, haiekin hitz egiteko tartetxo bat izan arte. “Gaur lasai gaude; egun askotan ilarak kaleraino luzatzen dira”, dio Adurizek.

Etengabea da joan-etorria; tartean turista espainiar, frantziar eta ingelesak etorri dira informazio bila, baina baita bertakoak ere. “Nik uste dut erdi eta erdi izaten direla, turistak eta bertakoak —donostiarrak, gipuzkoarrak eta nafarrak, batik bat—”, azaldu du Adurizek. Turismo bulegoa delakoan sartzen dira asko informazio gunera. “Eta ilara oso luzea ez bada, denbora hartzen dugu kultur hiriburutzari buruz informazio osatua emateko. Bestela, egitarauak ematen dizkiegu, astekoak eta hilabetekoak”.

Urteroko oporrak Europako kultur hiriburuetan egiten dituzten turistak ere joan izan zaizkie informazio bila. “Ni harritu nintzen lehenengoak etorri zirenean. Ez dira asko, baina batzuk badira. Eta konparazioa egiten dute hiriburu baten eta bestearen artean. Gehienei asko gustatu zaie Donostiako eskaintza, eta esaten dute beste hiriburu batzuetan ez dela halako egitarau zabalik izan”.

Bertakoei dagokienez, jendearen ezagutza eta jarrera “errotik” aldatu dela uste du Adurizek. “Iraultza moduko bat izan da, batez ere Aste Santuetatik hona. Ezezagutza handiagoa zen lehen. Orain, egun-pasa etortzen den jende asko dator hona, eta badakite eskaintza zabala dela; etortzen dira galdetzera ea zer egin dezaketen gaur, eta aukeratu egiten dute”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.